‘Gure lurra, gure jatekoa’, urriaren 24an Arbonan iraganen den Lurrama azokaren lema

Azkeneko urteotan Biarritzeko Iraty erakus-azokan iragan den laborantza herrikoiaren azoka urriaren 24an eginen dute Arbonako herrian ELBk eta Lurzaindiak ekainaz geroztik okupatu duten lursailean.

Ekainaz geroztik Arbonan laborariek aurrera eraman duten okupazioaren 120. eguna markatzeko balio izanen du Lurrama azoka bereziak. (Guillaume FAUVEAU)
Ekainaz geroztik Arbonan laborariek aurrera eraman duten okupazioaren 120. eguna markatzeko balio izanen du Lurrama azoka bereziak. (Guillaume FAUVEAU)

Aurtengo Lurrama azokaren edizio berezia urriaren 24an iraganen da Arbonan. ‘Gure lurra, gure jatekoa’ izanen da laborantza herrikoiak ohorean ezartzen duen saloiaren aurtengo leloa.

«Hastapenetik Lurramak loturak sortzeko asmoa izan du, laborari eta hiritarren artean, ekoizle eta kontsumitzaileen artean», azaldu dute gaur goizean Arbonan Lurrama elkarteko kideek.

Joan zen ekainaz geroztik lursaila okupatua dute ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak Berrueta izeneko eremuan. Lursailaren salmenta espekulatiboa bertan behera uztea lortu zuten irailaren hastapenean.

Pandemiaren testuinguruak ziurgabetasunak areagotu ditu, eta oinarrizko gaien inguruan eskasia gertatzeko lanjera gertutik sentitu ahal izan dutela herritarrek nabarmendu dute gaurko prentsa agerraldian. «Horregatik, lurra babestu behar dugun baliabidea dela» oharrarazi dute Lurrama azokaren antolatzaileek.

Oroitarazi dutenez, lurren artifizializazio prozesuak segitu ez gero gertuko laborariek ekoizturiko mozkinak ez dira gehiago eskuragarri izanen populazioarentzat.

Berruetako lursailearen okupazioaren denboran behin baino gehiagotan nabarmendu dutenez laborantzari egokituriko hektarea kopurua etengabe apalduz doa. Safer egiturak emandako datuen arabera Ipar Euskal Herrian 2015etik 2018ra 2.450 hektarea laborantza lur baino gehiago galdu dira.

«Uste dugu Euskal Herriak elikadura burujabetzara joan behar duela, baina horrendako lurra babestu behar dugu bere elikatzeko funtzioa bermatzeko, eta orain baino barazki, lekadun eta fruitu gehiago ekoiztu ahal izateko», gaineratu dute Lurrama elkarteko kideek.

Aurtengo laborantza azoka bereziak, hain zuzen, Arbonako okupazioaren 120. eguna markatzeko balio izanen du.

Finean borroka horren karietara aurrera eraman diren gogoetek Miarritzen udazken guztiz laborantza herrikoiaren azokaren denboran plazaratuak izaten ziren «eztaibaida eta funtsezko galderekin bat datoz».

Lurra defendatzeko beharra, elikadura burujabetza, klimaren aldaketari loturiko erronkak… Biarritzeko Iraty erakus-azokan eginen zen ekimenaren bidez mahaigainaratu ohi zituzten eztabaidak Arbonara lekutuko dituzte Lurramaren antolatzaileek.

Era berean urriaren 24an antolaturiko egun osoko programaren bidez Berruetako lur eremua «espekulazioaren errotatik salbatu dugula» ospatzeko parada eskaini nahi dute antolatzaileek.

Egitaraua

Usaian bezala goizeko 10.00etan zabalduko da Lurrama azoka hautetsiak eta partaideak errezibitzeko harrera ekitaldiaren bidez. 10.30ean ‘Zein lur eta elikadura politika Euskal Herriarentzat?’ izenburupean konferentzia eginen dute.

Ohiturari segituz egun osoan zehar familiendako eta herritar ororentzat gustagarriak diren animazioak proposatuko dituzte Arbonako lur sail okupatuan.

Batzuk soilik aipatzeko barazki, hesi eta zuhaitz landatze saioak eginen dituzte Euskal Herriko Laborantza Ganberako teknikarien begiradapean. Horretaz gain sagar tinkatzea eta ardi ile moztea bertatik bertara ikusteko aukera izanen dute bisitariek.

Etxalde txikia antolatuko dute haurrek animaliak hunkitzeko parada ukan dezaten.

Adin guztietako lagunak erakartzeko animazioak (artzain txakurren lanen erakustaldia, ibilaldi botanikoak, pottoka eta astoen gaineko ibilaldiak, kantaldia, herri kirolak…) antolatuak izanen dira.

Betidanik Lurrama azokak toki berezia eskaini dio gastronomiari. Edizio berezi honek formatu xumeago batean bada ere tokiko eta kalitatezko edari eta janaria dastatzeko aukera emanen du.

Era berean, betiko partaideak hor izanen dira plater goxoak prestatzeko: zazpi jatetxetako sukaldariez gain Miarritzeko ostalaritza eskola zein CMA artisautza ganberako lagunek Lurrama azokaren antolatzaileen esanetara jarriko baitira laborantza herrikoiaren saloinaren edizio berezi honi zapore guztia emateko xede.