NAIZ

30. urteurrena ospatuko du Deustuko Gazte Lokalak gaurtik urriaren 23ra arte

Deustuko Gazte Lokalak bere 30. urteurrena ospatzeko hainbat ekimen antolatu ditu urriaren 13tik 23ra arte: argazki erakusketa, bertso-saioa, kontzertuak, tailerrak, memoria historikoaren ibilbidea, bazkaria...

30. urteurrena ospatuko du Deustuko Gazte Lokalak. (Asier ROBLES)
30. urteurrena ospatuko du Deustuko Gazte Lokalak. (Asier ROBLES)

Deustuko Gazte Lokalak bere 30. urteurrena ospatuko du urriaren 13tik 23ra arte. Ekimen kultural eta politikoz betetako egitarau oparoa antolatu dute gaztetxeko kideek, eta urriaren 23a izango da egun nagusia.

1989ko otsailean sortu zen Deustuko Gazte asanblada auzoko gazteak batzeko eta haien arazoei aurre egiteko asmoz. Laster espazio fisiko bat behar zutela ikusi zuten eta 1991eko ekainaren 21ean Luzarra kaleko 1. zenbakian zegoen merkatu zaharra okupatu zuten. 2008an Gaztetxearen parean zegoen txori-denda ohia okupatu zuten ere. Hurengo urteetan, bertan, zinema-gela, sukalde txikitxoa, serigrafia makina eta ogia egiteko labe bat jarri zuten. Atzekaldean hortu bat ere jarri zuten martxan.

2017ko irailean Bilboko Udalak gaztetxea utzarazteko agindua ema zien 15 eguneko epean. Gazteek Deustuko Gazte Lokalaren Aldeko Plataforma sortu zuten, auzoaren babesa lortzeko asmoz eta hainbat mobilizazio egin ostean, Bilboko Udalaren asmoa bertan behera geratu zen azkenean, eta bizirik dirau gaztetxeak.

30. urteurrena ospatzeko egitaraua

Urtez urte hainbat ekimen eta proiektu izan dira Gazte Lokalaren inguruan, eta 30 urteko ibilbide hau ospatzeko, egitarau oparoa antolatu dute hurrengo egunetarako.

Argazki erakusketa batekin emango diote gaur hasiera urtemugari, 19.30ean Deustun zehar.

Bihar, urriak 14, bertso saioa izango da Elorri Bertso Eskolaren eskutik. Koldo Muñoz, Julene Iturbe, Enare Muniategi eta Ander Anakabe izango dira bertsolaiak, eta Maider Zalbidea gai-jartzailea. Ostean, eurokaña egongo da Gaztetxean.

Ostiralean, 20.00etan, Wicked Wizzard eta Silitia taldeek kontzertua eskainiko dute. Larunbatean 30 kilometroko bizikleta martxa egongo da 10.30etik eta, arratsaldez, Sub19 jaia antolatu dute. Asteburuari bukaera ematekoo, igandean, pintxada, luntxa eta marianitoak egongo dira 12.30etik aurrera.

Astelehenean, urriak 18, elektrizitate tailerra eskainiko du Zirikatzen taldeak 18.00etan, eta 19.30ean txalaparta tailerra egoongo da. Asteartean boxeo tailerra egongo da Sanifight taldearen eskutik 19.00etatik aurrera. Asteazkenean memoria historikoaren ibilbidea egongo da Deustuko kaleetatik. Ostegunean Galder Perez eta Ane Zabalaren ‘ETAren agiri bulegoa’ antzezlana izango da 19.30ean.

Urriaren 22an, ostirala, Deustuko taldeen musika maratoia egongo da: MeLaSuda, Parkatu, Viento en Popper eta Zoroen Kluba taldeek igoko dira oholtzara.

Urriaren 23an izango da egun handia. Gazte Lokalak oraindik ez du egun horretako egitaraua zehaztu, baina manifestazioa, elektrotxaranga, bazkaria eta kontzertuak egongo dirala aurreratu du.