Biktimak «guztionak dira, gizarte osoarenak», eta aitorpena beharrezkoa da

Robert Manrique ETAk eragindako biktimak eta Karmen Galdeano GALek eragindakoak parte hartu dute "Aiete hamar urte, irakaspenak eta erronkak" izena duten nazioarteko jardunaldietan. Bertan azaldu dute beraien esperientzia eta aurrera egiteko eman diren pausuei buruz hausnarketa egin dute.

Donostiako Kursaalean izan da mahai-ingurua. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Currin, Manrique, Galdeano, Hernan eta mahai-inguru honetan moderatzailea. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Azken hamarkadetan Euskal Herriak bizi izan duen gatazkak biktima asko eragin ditu, indarkeria ezberdinen ondorioz. Ostiral honetan ETAk eta GALek eragindako bi biktimak izan dira Donostiako Kursaalnn, Foro Sozialak eta beste zenbait elkartek antolatutako "Aiete hamar urte, irakaspenak eta erronkak" izena duten nazioarteko jardunaldietan. Robert Manrique, ETAk Bartzelonako Hipercorren egindako atentatuan zauritutakoa, eta GALek erahildako Xabier Galdeanoren alaba den Karmen Galdeano aurrez aurre izan dira bertan, bizi izandakoa gogoratuz. Biekin batera, Brian Currin abokatu hegoafrikarra eta Agus Hernan Foro Sozialaren bozeramailea.

Euskal Herrian gertatutakoa aztertu dute lauek, batez ere aurrera begira egin beharrekoaren gainean fokua jarriz. Eta esparru zail honetan, biktima guztien aitortza ezinbestekoa dela azpimarratu dute.

«Funtsezkoa da iruditeri imajinarioa gainditzea, zeinaren bitartez, ‘biktimak’ aipatzerakoan jendeak ETAren biktimaz ari garela ulertzen duen. Biktima guztiez hitz egin behar dugu, alderdikeriaz betetako imajinario hori gainditu behar dugu», adierazi du Hernanek, Aietetik hamar urte igaro direnean «biktimak guztionak» direla erantsiz, «gizarte osoarenak».

Ideia hori mahai gainean jarri du Manriquek ere. Haren esanetan, «Estatuak ulertu beharko luke terrorismoa Estatu-arazo bat dela, ez hauteskunde-arazo bat. Ez da botoen biltegi bat». «Biktimak aitortuak izan behar dira eta berdin dio nork sortu dituen biktima horiek», gaineratu du. Sufrimendua erabiltzen dutenen aurka agertu da, beraz.

Izan ere, «besteen mina politika egiteko erabiltzea mingarria da biktima askorentzat», ziurtatu du. «Ez dezatela erabili terrorismoa, ez dezatela erabili biktimen kolektiboa beraien jardun politikorako. Ez dezatela erabili hauteskundeak irabazteko, patetikoa da. Eta patetikoa izan arren ikusten dugu egin egiten dutela, eta hori mingarria da», berretsi du.

Biktimen minaren erabiltzea

Espainiar Estatuaren kasuan biktimen mina botoak lortzeko erabiltzen da batetik, Manriquek azaldu duen bezala, eta txanponaren aurkako aldean Estatuak berak egin dituen sarraskiak ezkutatzeko, kontakizun bakarra inposatu nahiean. Horri buruz hitz egin du Galdeanok, izan ere, Estatuko indarkeria aurrera eraman dutenek «moral lezioak ematen dizkigute prentsan, onartzen dute egin dutena eta oraindik libre daude eta inork ez die ezer esaten. Karguak dauzkate. Kondenatuak izan diren apurrak berehala espetxetik atera dira, eta batzuk sarituak izan dira», ekarri du gogora.

«Horregatik eskatzen dut eskuzabaltasuna, ez gaitezela gelditu gure gorroto edo behar pertsonal horretan», adierazi du. Argi utzi du beren nahia ez dela Felipe Gonzalez edo gerra zikinaren atzean izan diren hainbat politikari kartzelan ikustea: «Nik hori ez dut nahi. Zer konponduko dugu horrekin?», aipatu du.

«Guk eta Euskal Herri osoak badaki zer gertatu den. Eta guk ez dugu zigorrik nahi, guk ez dugu inor espetxean ikusi nahi. Guk eskuzabaltasunez jokatuko dugu, eta presoekin ere eskuzabaltasunez jokatzeko eskatuko genuke, beste pausu bat emateko behingoz», esan du bake prozesua aurrera egiteko eta elkar bizitzaren alde egiteko gizartea «gorrototik atera» behar dela adierazi ondoren.

«Gure kasuan, gure etsaiak ez dira preso egon. Preso egongo izan balira ziur aski beste irtenbide bat topatuko genuke, baina zoritzarrez alde bateko presoak ditugu bakarrik», oroitarazi du.

Halaber onartu du biktima batzuentzat errealitate hau mingarria izan daitekeela, «baina ez dago bueltarik. Aurrera egin nahi badugu ez dago bueltarik. Ez dago bake biderik 200 pertsona espetxean jarraitzen badute. Ez dauka zentzurik». Zentzu honetan, salbuespenezko legedia bertan behera utzi behar dela adierazi du.

Presoen afera konpontzeko «euskal bidea»

Hernanek presoen aferari buruz hitz egin du ere, eta 7/2003ko legea aipatu du, 40 urteko espetxealdiak jasotzen dituena. Haren iritziz, graduen progresioa arindu egin behar da ere, eta presoak Hego Euskal Herriko kartzeletara lekuz aldatu beharko lituzke Estatuak. «Eta beharrezkoa da Espainiako Estatuak Europako arauak aplikatzea, hau da, zigorren metaketa», erantsi du.

Errepresaliatuen afera konpontzeko, erbesteratuak eta iheslariak agendan sartu behar direla ohartarazi du. «Leihotila bat dago Auzitegi Nazionalean, nahiko itxita dagoena», azaldu du, Madrilen epaileek ezarri dituzten oztopoak deitoratzearekin batera. Horren aurrean, eragile guztien artean hitzartua izan behar den «euskal bidea» aldarrikatu du, errepresaliatuen birgizarteratzea sustatzeko.

Biktima batzuek ez lukete bide hori kritikatuko. Urrunketaren aurka agertu da Robert Manrique, eta, legea hala agintzen badu, presoak kalean egon beharko luketela aitortu du. «Hortik aurrera, egin dezatela ahal dezaketen bizimodu normala, eta ez dezatela lehenengora itzuli», eskatu du.

Currin: Nazioa eraiki

Brian Currrinen ustez «zerbait inklusiboa egiteko aukera paregabea dugu», eta nazioa eraikitzeko ere. «Nazio bat eraikitzen baduzu eraldaketa sakona eragin eta aniztasuna jorratu behar duzu. Honen kontakizuna ez da gauza negatibo bati lotuta egongo. Etorkizunerako kontakizun itxaropentsua bihurtuko da, eta nire ustez gizakiok itxaropena behar dugu».