Idoia Eraso

Gazteek gazteentzat egindako hedabide berri bat Bada Ipar Euskal Herrian

Bada du izena astearte honetan abian jarri den Ipar Euskal Herriko gazte hedabide berria. Oraingoz sare sozialak izango dituzte euskarri, eta astean behin bideo erreportaje bat eta asteko berrien laburpena sareratuko dituzte, euskara eta frantsesa erabiliz.

Gazte hedabidearen proiektuaren aurkezpena. (Guillaume FAUVEAU)
Gazte hedabidearen proiektuaren aurkezpena. (Guillaume FAUVEAU)

Gazteek gazteentzat egindako Ipar Euskal Herriko hedabide elebidun berria da Bada. Urriaren 19 honetan plazaratu dute lehen bideoa Facebooken eta Instagramen. Oraingoz bi sare sozial horiek izanen dira haien euskarria, nahiz eta etorkizunean hedabide tradizionalekin elkarlanean aritzeko asmoa baduten, baita beste sare sozialetan zabaltzeko ere. Astero gai jakin bati buruzko bi bideo izanen dira, aktualitateari loturiko erreportajea, eta aurreko zazpi egunetako berrien laburpena ere.

Baionan bizi diren lau lagunek osatutako proiektua da, baina denei zabaldua izatea nahi dute sortzaileek. Momentu honetan 10 pertsona ari dira proiektuan parte hartzen, baina etorkizunera begira sare hori indartu nahi dute. Ekimen ekologista, feminista, euskaltzale, herrikoi eta antiarrazista gisara definitzen dute hedabidea.

Gazteak informatzea da xedetzat hartu duten lehen ardatza. «Gazte ikuspegitik lekuko berriak hedatu nahiko genituzke, aktualitateari, kulturari, gizarteari, historiari, arteari eta aisialdiari buruzko emankizunak eskainiz», baieztatu du Lukas Hiriartek, Andrea Ibarra, Jon Peli Etxeberria-Darraidou eta Haize Lavignerekin batera eskaini duten prentsaurrekoan.

Hedabideak erabiltzera bultzatu nahi dituzte gazteak, eta horretarako beraiei egokitutako esparru bat eratuz. Aldi berean, formazioa ere eskaini nahi dute, ikastaro ezberdinak proposatuz, horren bitartez laguntzaile sare partehartzailea osatzeko. Elkarlan boluntarioa da haien oinarria, eta lau sortzaileak ere horrela ari dira, nahiz eta heldu den urtean dirua jaso ahal izateko diru-laguntzak publikoak eskatzeko asmoa duten.

Euskaraz eta frantsesez

Ipar Euskal Herrian mintzatzen diren bi hizkuntzetan egitea pario garrantzitsua da sortzaileentzat, horrela frantsesez eta euskaraz jarraitzen ahalko dira emankizun guztiak. Piezak hizkuntza batean edo bestean eginak izanen dira, eta azpitituluak ezarriko zaizkio beste hizkuntzan.

Informazioa erabiltzen direi tresnei etengabe egokituko den hedabidea izatea ere badu xede. «Hala edukia nola gure langileak eguneratzeei egokitzeko esfortzua izanen dugu oinarri» azaldu du Lavignek.