Alessandro Ruta

Pinocchiok hil egin behar zuen

«Chiuse gli occhi, aprì la bocca, stirò le gambe e, dato un grande scrollone, rimase lì come intirizzito» (‘Begiak itxi zituen, ahoa zabaldu zuen, hankak luzatu zituen, dardarka, eta izoztuta gelditu zen’). 1881eko urriaren 27an gaude eta Pinocchio hil egin da.

Pinocchio, Enrico Mazzantiren jatorrizko ilustrazioan.
Pinocchio, Enrico Mazzantiren jatorrizko ilustrazioan.

Bai, “Giornale dei bambini” aldizkarian gertatu zen, orain dela 140 urte. Carlo Collodi idazleak, istorioa hamasei ataletan kontatu ondoren, egurrezko panpinaren bizitza bukatua zela agindu zuen orduan. Pinocchiok ez zuen salbaziorik behar; orduan, hil egin behar zuen. Gauza larri gehiegi egin zituen: bere «aita» Geppettori sufrimendu ugari eragin zion, Kilker Hiztunaren aholkuak ez zituen entzun (are gehiago, hil egin zuen animalia, mailuz) eta azkenean bera ere bide txarretik joan zen.

“Giornale dei bambini”-ren irakurleak zur eta lur gelditu ziren. Haien ikuspuntutik, panpinak ez zuen halako tratua merezi. Noski, edozein ume bezalakoa bazen, bihurria eta zalapartatsua, orduan zer dela-eta hain era krudelean tratatu Pinocchio?

Erantzun erraza du: Carlo Collodik ez zuen liburu hori umeentzat idatzi. Nobela beltz bat egitea zuen buruan, txotxongilo bat protagonista zena. Eta egia da, lehenengo ataletan pasarte beldurgarriak daude: Sujalearena, adibidez, edo Kilkerraren hilketa.  

Garai hartako literaturan modan zegoen estilo hura: gogoratu “Sherlock Holmes”-en saga, besteak beste, 1887an hasi zena; Edgar Allan Poeren influentzia oso handia zen oraindik. Charles Dickensen azken nobelak «beltzak» dira eta Fedor Dostoievskiren “Krimena eta zigorra” ere bai.

Prentsari esker, nobela asko atera ziren kapituluz kapitulu, folletoi moduan. Eta tentsioa mantentzeko, zer esanik ez, istorioa ahalik eta beldurgarriena izatea komeni zen. Idazleen poltsikoak gero eta beteagoak zeuden eta jendea pozik zegoen horrelakoak irakurtzen.

Kontua da “Le avventure di Pinocchio–Storia di un burattino”-k (hori da gaur egun ere nobelaren izenburua) hamaseigarren atalean bukatu beharra zuela. Collodik bere luma mahai gainean jarri zuen eta kito; proiektu berri baterako prestatzen hasi zen.

Baina “Giornale dei bambini”-ren irakurleek ez zuten bukaera hori onartu. Orduan, ehunka gutun helarazi zizkioten aldizkariaren zuzendariari, galdera bakar batekin: «Ezin al da suspertu Pinocchio?».

Ezagutzen duzue Stephen King-en maisulan “Misery”? Liburua ala filma, berdin dio. Idazle famatu batek sekulako istripua sufritzen du, elurra mara-mara ari duen leku isolatu batean. Kasik miraria balitz bezala, emakume bat etorri eta salbatu egiten du. Andreak gizona bere etxera eramaten du: emakumea erizaina da, baina, batez ere, idazle horren jarraitzaile amorratua da. Non dago arazoa, orduan? Idazleak maletan bere azken lana dauka, eta nobela horretan emakumearen pertsonaiarik maitatuena (Misery, hortik dator izenburua) hil egiten da. Spoilerrik gabe, andreak ez du ondo hartuko albiste hori. Eta Stephen Kingen liburu bat da, beraz, imajina dezakezue nola bukatzen den...

Collodiri gauza bera gertatu al zitzaion? Ez, egon lasai. Dena den, hainbat eta hainbat gutun jaso ondoren, “Giornale dei bambini”-k, apaltasunez, Pinocchioren istorioa berpizteko eskatu zion idazleari.

Eta denok dakigu gero zer gertatuko zen: literaturaren gaizki-ulerturik handienetako bat jazo zen.

Disney. Collodi jauna oraindik ere misterio bat da. Lorenzini jauna, hobeto esanda: Collodi literatur-ezizena baitzen, oporretara joaten zen lekutik hartua, Pistoiako probintzian, Florentziatik oso gertu.

Imajina dezakegu nagusitxoa zen gizon hau (55 urte zituen) berriro bere luma hartzen, eta pentsatzen: «Non geratu nintzen?». Eta handik, lanera beste behin.

Pinocchioren bigarren bertsioa gaur egun irakurtzen den ohiko kontakizun hori bilakatu zen, amaiera politekoa. Edozein umek daki gezur bat esaten badu sudurra luzatuko zaiola. Eta panpina batetik benetako pertsona bat jaio daitekeela, txintxo portatzen bada.

Metafora oso polita da, baina ez zen sortzailearen aurreneko ideia. Ez eta helburua ere. Collodik guztiz kontrakoa azpimarratu nahi izan zuen; oker jokatuz gero, ondorioak larriak izan daitezkeela.

Orduan, zer gertatu zen? Baliteke «merkatuak» erabaki izana istorioa aldaraztea. Literaturan ere bezeroak du azken hitza. Eta idazleak, diru gehiago lortu nahian, finean bere buruari esan zion: «Zergatik ez?». Nafarroako Henrike IV.ak bota zuen esaldi famatuaren antzera: «Paris vaut bien une Messe» (Merezi du Parisek meza bat). Eta dirurik gabe oso zaila da meza bat antolatzea.    

Garrantzitsua da gogoratzea Pinocchio 2.0 bertsioan hiltzen dela, lehen bertsioan bezala, momentu berean. Baina ondoren, behin suspertuta, istorioa berriro hasten da: txotxongiloa Paese dei Balocchi-ra (“Jolasen herrira”) joango da bere lagunarekin, Lucignolorekin, han asto bihurtuko da, gero aita Geppettok marrazoaren tripan aurkituko du eta behin animaliatik kanpo ulertuko du umea ez izateko aldatu egin beharko duela.

Horrela, “Pinocchio”-k nobela beltz baten izaera irauli zuen eta gaur egun ezagutzen dugun umeentzako istorio bilakatu zen, 240 hizkuntzatara itzulia izan ondotik. Baliteke umeentzako nobelarik ezagunenetakoa izatea, batez ere Walt Disneyren bertsioaren ondoren.

Zorionez, Collodik ez zuen filma ikusi, 1890. urtean hil zelako. Aldaketa dezente daude filmean; adibidez, Kilkerra denbora guztian Pinocchioren alboan dago, baina batez ere panpinaren nortasuna da erabat aldatzen dena.

Liburuan, egia esan, oso desatsegina da txotxongiloa: nolabait, Pinocchiok zerbait sufritzen duenean, ia irakurleak gozatu egiten du. Ez luke mereziko pertsona bihurtzea, alegia.

Orduan, nola eta noiz gertatzen da mirari hori, eraldaketa hori? Ehunka adituk beti aipatu dutenez, erlijio-puntu bat erantsiz, Jainkoak Pinocchio lagundu zuen uneren batean. Bakoitzak, egia esan, bere ikuspuntu propiotik irakur eta interpreta dezake nobela. Filma, aldiz, ez: dena prestatuta baitago, itxita.

Disneyren mundua da hori, eta normala da: hori bai, umeentzako produktua da. Horregatik oso zaila da, marrazki bizidunetan ez bada, Pinocchiorekin pelikula bat egitea. Zein tonu erabil lezake? Hasieran «beltza» eta gero lasaiagoa? Collodik orrialde gogorrak idatzi zituen, baina kasualitatea, horiek ez daude Pinocchioren pelikuletan.

Liburuaren benetako amaiera oso eraginkorra da. Pinocchio dagoeneko ume bihurtua da eta egurrezko panpinaren «gorputza» begiratzen du. Aulki baten gainean jarrita, bizirik gabeko gauza bat iruditzen zaio. “Com’ero buffo, quand'ero un burattino! E come ora son contento di esser diventato un ragazzino perbene” (“Txotxongiloa nintzenean ze baldarra nintzen! Baina orain pozik nago, umetxo txintxoa izateagatik”). Agian panpina hori, aulkian botata, bizirik gabea, nobelaren bigarren bertsioa da, baldarra eta erabilezina.

Eta Collodi, nor ote da? Pinocchio ala Geppetto? Kilkerra, beharbada. Gauza bat, ordea, saihetsezina da; Pinocchiok hil egin behar zuen, era bortitzean edo idazlumaren bitartez.