Arnaitz Gorriti

Monacoren aurka Zurbaon, Mike James eta Baldwinen arteko buruz burukoa baino gehiago

Patrozinatzaile berria erakusteaz gain, Saski Baskoniak azken asteko hobekuntza hori berretsi beharko du. Horretarako «jarraikortasun» gehiago eskatzen dio Dusko Ivanovicek erasoan eta Mike Jamesek gidatzen duen taldearen «bat baten kontrako erasoen aurrean sendoago» aritu beharko du.

Wade Baldwinen «puntuak» ikusi nahi ditu Dusko Ivanovicek, beste edozeren gainetik. (Raul BOGAJO / FOKU)
Wade Baldwinen «puntuak» ikusi nahi ditu Dusko Ivanovicek, beste edozeren gainetik. (Raul BOGAJO / FOKU)

Saskibaloia ez da kasinoa eta zoria ez ohi da izan neurketetako azken emaitza erabalitzen duena, lana eta talentua baino. Saski Baskoniak AS Monaco talde berria izango du aurkari ostiral gauean Buesa Arenan 20.30etatik aurrera, eta Panathinaikos zein Alba Berlinen aurkako garaipenak berretsi beharko ditu talde gasteiztarrak. Bitci patrozinatzaile berria ere erakutsi beharko luke Monacoren aurka.

Monaco aipatuz gero, dena den, ezin Mike James aipatzeke utzi. Antolatzaile estatubatuarra Gasteizen egin zene zagun, Baskonian erakutsi baitzuen lehenbizi Euroligan izar bat izateko adinako kalitatea duela. Ez zuen harreman onegirik eraman Gasteiztik, baina zaleek, faltan botatzen dutela esateko edota sare sozialen bidez xaxatzeko, gogoan izan ohi dute. Aurrez Panathinaikos, Milanon eta Moskuko CSKAn erakutsu zuen moduan, tartean Brooklyn Nets taldetik osteratxoa eginda gainera, Monaco taldeko izarra da, eta bera izango da Zurbaon Baskoniak geratu beharreko aurreneko aurkaria.

«Mike James aparteko jokalaria da eta bere kabuz partida desorekatzeko kapaz da», ohartarazi du Dusko Ivanovicek partida bezperako prentsaurrekoan. «Monacok bat baten aurkako egoera asko sortzen ditu Jamesek egoera horiek baliatzeko duen talentuagatik. Hargatik, badakigu zaila izango dela jokalari hau geratzea. Alabaina, Monaco Mike James baino askoz gehiago da», azpimarratu du gasteiztarren entrenatzaileak.

«Izan ere, talde hau bai da berria Euroligan, baina bertan dituen jokalariek badute nahikoa eskarmentu lehiaketa honetan ere», argitu du Ivanovicek, eta ez du arrazoi faltarik. Banaka zenbatuta, Brock Motum, Will Thomas, Danilo Andjusic, Leo Westermann edo Donatas Motiejunas –azken honek erakutsi zuen NBAn aritzeko lain talentu baduela, fisikoki sano mantendu zen bitartean– ez dira batere beldurgarriak, are gutxiago Ouattara, Rob Gray eta Donta Hall, baina Mike James gidari dutela, denek ongi asko dakite zer egin, Montenegroko Zvezdan Mitrovic entrenatzailearen aginduetara.

Lau jardunaldiren ostean, talde biak 2-2ko balantzearekin. Aurtengo Euroligako aurreneko dema erraz asko irabazi zuten Panathinaikosen aurka, eta Unics Kazanen etxean ere irabazi zuten bigarren jardunaldian, Hurrengo bietan, aldiz, Real Madril eta Bartzelonaren aurka galdu egin dute, baina bietan ala bietan lanak eman zituzten. Madrildarren aurka 20 puntutik gorako aldeari buelta eman zioten eta gutxigatik ez zuten irabazi; Barçaren aurka, berriz, luzapenean galdu zuten.

Zvezdan Mitrovic herkidearen taldeak nolakoak diren galdetuta, «oso fisikoak», laburbildu du Dusko Ivanoviek. «Uztaipea ondo ixten dute defentsan eta erasoan korrika ongi egiteaz gain, bat baten aurkako erasoak bilatzen dituzte. Gainera, Monacok denetarik dauka: erreboteatzaile onak, gidari txukunak, jaurtitzaileak... Mike James kapaz da bere kabuz partidak desorekatzeko, baina Monacok errekurtso gehiago ditu, eta baditu beste gehiago ere 20 puntu sartzeko kapaz direnak», gaineratu du.

Baldwin, Ivanovicen eskolta

Bere taldeari begira jarriz, esan gabe doa Saski Baskoniak Alec Petersen baja nozituko duela beste behin, Illinoizekoaren belaun munduarekin zer egin klubeko talde medikuak erabaki arte. Horrez gain, eta talde jokoaren eboluzioaz gain, Wade Baldwin IV izan du hizpide Dusko Ivanovicek. Hain zuzen, antolatzaile moduan baino, «eskolta» moduan ikusten baitu Montenegrokoak.

«Wade lanean ari da, baina denbora behar du. Oraindik hilabete bakarrik daramagu! Berak badu talentua eta badauka nire konfidantza, bere taldekideena ere baduen bezala. Bestalde, nik gehiago dakusat eskolta postuan jokatzen, antolatzaile gisa baino. Alegia, Baldwinen puntuak nahi ditugu, bere paseak baino gehiago», laburbildu du Bijelo Poljeko teknikariak.

«Baldwinen defentsa banatu baino gehiago, saskira begiratu behar du, bera baita gure aldeko abantaila markati behar duen jokalaria», errepikatu du; are gehiago, azken aldion behin baino sarriago ikusi den moduan, berriz ere Granger eta biak batera jokatzen jarriko dituela baieztatu du.

Taldeari buruz galdetuta, «gero eta hobeto jokatzen» ari dela onartuagatik, «jarraikortasun» handiagoa eskatu dio Ivanovicek.

«Denboraldia hasi denetik hona, partida bakoitzean nabari da pixkanaka hoberantz goazela, baina bistan da oraindik ez dela nahikoa. Defentsan bat baten aurkako egoeretan sendoago egon behar dugu, eta erasoan, berriz, askoz jarraikortasun handiagoz ekin behar diogu eta jaurtiketa egoera argiagoak sortu behar ditugu. Hortarako ezinbestekoa dugu baloia gehiago eta hobeto mugitzea, korrika egitea eta puntu errazak saskiratzea. Hala eginez gero, eraso estatikoan ere hobera egingo dugu».