NAIZ

Etxerako bidea oztopatzen dela salatuko du Sarek larunbatean, aniztasun handiko manifestazioan

Presoen urruntze politikaren argazkia hobetu bada ere, Sarek dio Euskal Herriratzeei eta graduen progresioei oztopoak jartzen zaizkiela. «Denon artean» bide horiek irekitzea eskatuko du Euskal Herriko eragile politiko eta sindikalak eta Catalunyako ordezkaritza batuko diren manifestazioan.

Nafarroako Itzuliaren bukaera, ‘Etxerako bidean’ Sareren kanpaina honetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Nafarroako Itzuliaren bukaera, ‘Etxerako bidean’ Sareren kanpaina honetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Larunbat honetan arratsaldeko 17.00etan Donostiako Antigua auzoko tuneletik abiatuko den manifestazio orokorrak amaiera emango dio Sarek antolatutako ‘Ibilian ibilian, etxerako bidean’ dinamika aldiari. Salbuespenezko legediarekin amaitzea izango da, beste behin, manifestazioarekin eskatu nahi dena. Izan ere, plataforma herritarrak dio egun presoen «urrunketaren argazkia oso bestelakoa» den arren, oraindik gutxik egiten duela aurrera gradu progresioaren ibilbidean eta gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudela.

Horrela adierazi du Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak NAIZ Irratiari eskanitako elkarrizketan. Agertu du aipatu aldarrikapenak plazaratzeko beharrezkoa dela «jendartearen aktibazioa eta parte hartzea».

Gaur egun soilik 75 preso daude Euskal Herriko espetxeetan, gainontzekoak, 104, mugetatik kanpo dira, nahiz eta gehienek egin duten espetxetik aldatzeko eskaera. Gradu progresioari dagokionez, bigarren gradutik hirugarrenera igarotzeko oztopoak agerikoak dira oraindik.

Euskal presoen egoera deslotzeko pausoak bi bidetatik etorriko direla espero du Sarek: «Espero duguna da lege arruntaren bidea bete-betean irekitzea preso guztiei. Eta epe motzean espero dugu preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egongo direla». 30 urte iraun duen urruntze politikari amaiera emango litzaioke horrela.

Espetxe eskumenak Lakuako Gobernuaren eskura igaro izanak erraztu egingo du Oiartzabalen ustez presoei hainbestetan ukatu zaizkien baimenak ematea eta gradu progresioan aurrera egitea.

Bide horien alde gizarte zibilak zein eragile politiko eta erakundeek, paraleloki, egin behar dutela iritzi dio Oiartzabalek. Hain zuzen, herritarrez gain, larunbateko deialdiarekin bat egin dute sindikatuek, EAJ, EH Bildu eta Podemos alderdiek eta Catalunyako ordezkaritza batek; han izango dira, besteak beste, Oriol Junqueras eta Carme Forcadell prozesu kataluniarreko preso ohiak.

«Espero dugu larunbatean irudikatzea presoen gaiari aterabidea emateko beharra», adierazi du bozeramaileak.

Bestalde, manifestazioaren amaierako ekitaldi nagusian Gatibu musika taldek hainbat kanta eskainiko dituela aurreratu du Oiartzabalek.