Jon Garmendia
Bardoze

Arzallus izan da lehena Bardozeko final-aitzinekoan eta Artetxe bigarren

Maddalen Arzallusek finalerako txartela lortu du eta han ariko da Amets anaiaren ondoan «ia galduta dagoen finalean», bukaerako agurrean kantatu duen legez, baina aurten txapela jantzi nahi duenak maila eman beharko duela argi uzten ari da Xilaba. Miren Artetxek ere urrats handi bat egin du.

Maddalen Arzallus, Bardozeko saioan. (Guillaume FAUVEAU)
Maddalen Arzallus, Bardozeko saioan. (Guillaume FAUVEAU)

Saio gorabeheratsua izan da Bardozekoa, urduritasunek eraginda-edo poto batzuk entzun baitira, baina ale ederrak joan dira, hala ere, eta entzulea gustura atera da saiotik finaleko aukerak matematiken esku egongo direla aipagai izanda, Izturitzeko azken saioko lehenengoa sartuko baita zuzenean eta beste guztiek puntuen beha egon beharko dute. Momentuz, hurrenkera horretan, Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Aitor Servier daude sailkatuta, baina azken final-aitzinekoaren puntuek atera ditzakete hortik.

Saioa azken bi sailkatuek ireki dute, eta zortziko handiko ofizio on bat bete dute. Iker eta Irati iturginak dira, azken lanarekin akats handi bat egina dute eta ez dakite nola jokatu, erran ala ez erran. Iker hasi da kantuan: «Nahiz akats asko ez dugun egin lankide biok gaurdaino/ oraingo hontan huts egin dugu ta ikusten dut dena laino/ oraindik ere tenorez gaude denbora dugu oraino/ hobe da orain hau onartzea gero desastre bat baino». Iratik jarraitu dio ideiari baina buelta emanaz: «Familia bat daukat etxean ta hori nola liseri?/ nagusiaren aurrean jarri eta aulkian eseri/ gure akatsa ez dut onartzen hala iruditzen zait neri/ irabazteko gutxi daukagu eta galtzeko gehiegi». «Gera gaitezke modu honetan egia erran nabarmen/ nagusi jauna alde daukagu, hori daukagu dena den/ zuk familia aipatu duzu hori aipatu duzu hemen/ pentsa ezazu etxe honetan zenbat familia dauden». «Famili asko daudela eta Iker nolako trantzea/ ez dugu dena ongi kokatu ez aurrea ez atzea/ ta orain bioi tokatzen zaigu erabakia hartzea/ haien etxea erortzen utzi edo gurea galtzea». «Errana dizut lehenago ere nagusiaren erantzuna/ ez da hementxe bururatuko gure iturgin jarduna/ ohartu zaitez arazo hontan dugu erantzukizuna/ egin dezagun bada atzera non duzu umiltasuna?». «Hitz politekin jantzi nahi duzu mingain hori azkenean/ formakuntzarik ez dugu izan ta ez gabiltz onenean/ akatsa beti akatsa baina segi itxaropenean/ eta nik ez dut azpian egon nahi harria erortzen denean».

Merezitako saria

Maddalen Arzallusek kantaera fina eta segurtasuna transmititu ditu eta ariketa guztietan utzi du zerbait gogoangarria. Merezimenduz izan da lehena, eta finalari beha sentsazio on bat utzi du, nahiz azken agurrean Amets anaiari ezinezko zerbait dela keinu egin.

Ironia fina agertu du saioan Ramuntxo Christyk, bere-berea du umorea sortzeko abilezia Aiherrako bertsolariak, eta domaia da finalean gisa honetako bertsolari bat ez ikustea. Adibide gisa, zortziko txikiko ariketan utzi dituen perla batzuk. Iker Altunarekin aritu da ofizioan; Ramuntxok jatetxera gonbidatu du eta Ikerrek aitortu dio gustua ez duela berreskuratua oraino. Imajina dezala erran dio lehenengoan, «irakurri izena hortxe dena dago/ ez du izenak baino gustu gehiago» bigarrengoan, eta «a ta ez nauzun erran zuk duzu pagatzen/ segur naiz sentituko duzula pasatzen» hirugarrengoan, entzulearen irri karkailak sortuz. Puntuen erantzunean ere bikain aritu da Ramuntxo. Honela dio lehenak: Elkartasuna dugu bide ederrena… «baina hau nori eman da lehen problema/ nahi bada konpondu munduan den dena/ denek baliatzea dut itxaropena». Eskuzabaltasuna nork ez du merezi?…«Batek eskatu eta ezin joan ihesi/ azkenaldian ainitz ditugu ikusi/ haiek lagundu gabe ezin dugu bizi». Xumai Murua ere dotore ibili da puntu-erantzunean, horra bereak: Elkartasuna dugu bide ederrena… «sufrimendu garaian ahanzten ez dena/ ematen du indarra ematen kemena/ eta hola gainditzen ahal dugu txarrena». Eskuzabaltasuna nork ez du merezi?… «Denek merezi dute hala naute hezi/ baina bidean sarri bada hainbat hesi/ eta ez da iristen denei geziz gezi». Muruak final anitzetan kantatu du, baina aurtengoan atarian geldituko da. Saio ona egin du, akatsik gabea, azken bakarkakoan ez du ikusgarritasunik izan beharbada, baina ofizioa tajuz bete du, eta anitzen ahotan zen goiko postuetan ibiliko zen hausnarketa.

Kartzelakoa

Kartzelako gaiarekin luzitu da bigarren postua eskuratu duen Miren Artetxe. Saio ona egin du berak ere, eta azken ariketan bi bertso eder josi ditu. Gaiak honela zioen: Gaur itsu bat lagundu duzu bidea zeharkatzen, harekin hitz egin ondoren sekulako indarra sentitu duzu. Horra bere bi bertsoak: «Bera izan da neri eskua goxo ematen lehena/ lehen urrats bat eman du lehenik eta gero bigarrena/ hasieran zer sentitu dudan aitortuko dut ba: pena/ baina gerora bera izan da gidaritza egin duena/ ta elkarrizketak bidaiarazi dit nire baitan barrena/ ta orain indar bat ikus dezaket lehen ikusten ez nuena». «Bista duzuenak beti kexaka ta triste bizi zirezte/ zaila da sarri, batzutan ezin, ba ametsak bete daitezke/ nahiz eta ezin den edozein amets edozein modutan bete/ merezi du gaur bizitzeak hainbat miseria eta neke/ nahiz ta itxura itsusia izan munduak penaz ta beste/ mundua ezin da aldatu baina begirada alda daiteke». Maddalenek ere lan polita egin du kartzelakoan, horra bere bi bertsoak: «Sentitu izan dut lagundu nahia eta ezin lagundua/ eta gaur hara nere ondoan norbait begi ilundua/ zeharkatuta bion artean elkarrizketa ondua/ senti nezake nere ondoan agertu dela saindua/ ze baliosa azken ordua edo azken segundua/ nik ere beste modu batera ikus nezake mundua». «Ze ederra den behin lagunduta jasotzen den erantzuna/ antsu senti dut nere ondoan bihurtu dela laguna/ nahiz ta mundua beltz duen berak eta begia iluna/ nahiz ta batzutan erdi galtzen den ta ibiltzen den zer suma/ bere barruak a ze indarra eta a ze maitasuna/ berak argitu dit nere baitan itsu zen alaitasuna»