Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bigarren zatian neurketa konplikatu arren, Bera Berak ondo landutako garaipena eskuratu du

Lehendabiziko zati serio baten ostean, bigarrengoan guztiz konplikatu zaio neurketa. Hortzak estutu behar izan ditu amaiera aldean lasaitasunarekin jokatzeko (30-20). Ate aurrean, Cristina Polonio pibotea nabarmendu da 8 golekin. Sei jardunaldi jokatuta, txapelketako liderra da talde donostiarra. 

Cristina Polonio izan da Elxen aurkako golegile nagusia 8 golekin. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Cristina Polonio izan da Elxen aurkako golegile nagusia 8 golekin. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Parisen zailena egin ostean, Bera Berak ez zuen ezustekorik nahi ligan. Elxen bisita konplikatua ahalik eta zailtasun gutxienarekin nahi zuen pasa. Imanol Alvarezen kezka nagusia txapelketa batetik besterako txipa aldatzea zen eta jokalariek ondo erantzun dute, nahiz eta bigarren zatian hortzak gogor estutu behar izan duten. 

Egia da garaipen baten ondoren nekea ere ez dela hain nekea, bidaia luzea eta partida prestatzeko denbora murritza beste perspektiba batekin hartzen direla. Donostiarrak oso serio hasi dute neurketa, edozein ezusteko saihesteko helburu jakinarekin. Lehendabiziko bost minutuetan hiru gol sartuta eta Alice Silvak jaso zituen lau jaurtiketak geldituta, bazirudien neurketa aise dominatuko zuela etxeko taldeak. 

2-4ko partzialarekin, baina, Elx markagailuan hurbildu eta berdintzera iritsi da. Orduan agertu da, beste behin, Mariane Fernandes, ataskatua zegoen erasoan aire pixkat jartzera. Nabarmentzekoa, era berean, defentsako lan nekaezina. Alba Menendezek lapurtutako bi baloiak mugarri izan ziren markagailuan aldea handitu eta atsedenaldira nolabaiteko nagusitasunarekin iristeko. Cristina Polonio, x golekin, garaipenerako pieza garrantzitsua izan da. 

Rocamoraren taldea Imanol Alvarezenaren aurkako azken bi neurketak irabaztetik zetorren, aski merezita gainera. Defentsa sendoak erabateko zailtasunak jarri izan dizkio azken norgehiagoketan baina asteazken honetan, ermuarra ikasgaia ondo ikasita pistaratu da. Baina esan ohi den bezala, Rocamorak bertsio bat baino gehiago ditu eta ez da inoiz fidatu behar, nahiz eta lau goleko aldea izan. 

Bigarren zatia hasi eta bereahala, 2-5eko partzialarekin argitara atera da Elxen benetako esentzia. Defentsa aurreratuagoa, presio gogorra, Pamela Rodriguesen hiru gelditu, aurkariaren erasoa erabat nahasteraino. Lauzpabost baloi galtzera behartu du Bera Bera eta horren ondorioz 16 goleko berdinketa adierazi du Gasca pabilioiko markagailuak. 

Epaileen erabaki batzuk sekulako haserrea ere eragin dute etxeko zaleengan, orduan jada Bera Bera markagailuan aurretik zela –Maitane Etxeberriaren gol bati esker–. Partida erabat zikindu da ordurako eta Bera Berak bere baliabide guztiak atera ditu zailtasunei aurre egiteko. Boada, Laura Hernandez eta Polonioren gol banari esker, lasaitasuna berreskuratu dute etxekoek eta atsedenaldiko errenta bereganatu du (20-16).

Laura Hernandezen beste gol batek eta Alba Menendezen bi golek –bata ez sinestekoa, ateari bizkarra emanda– egitazko lasaitasuna ekarri dute Jose Antonio Gascara, neurketa bukatzeko 10 minuturen falta markagailuko aldea seikoa izan baita. Orduan etorri dira Alacanteko taldekoen presak eta galerak, Alice Silvaren bertsio onenarekin batera eta halaxe azaldu daiteke azkenean Bera Berak hamar goleko aldearekin irabazi izana. 

FITXA TEKNIKOA:

Bera Bera: Silva; Moreno (1), L. Hernandez (2), Boada (2), O'Mullony (2), Cardoso (3), Polonio (8). Bautista (o.a.), Menendez (2), Arrojeria, Gil, Fernandes (3), Cavo (1), M. Etxeberria (2), Loidi (1), A. Etxeberria (3).

Elx: N. Morales; Menendez (2), Bernabe, Flores (2), Guilabert, Zhukova (4), Escribano (1). Rodriguez (o.a.), Duque (1), Sempere (3), N. Andreu (2), Mendez, Bitolo (4).

Epaileak: Oyarzun eta Zaragueta. Bera Berako Arrojeria, Loidi eta A. Etxeberria bi minuturako kanporatu dituzte eta Elxetik Bernabe eta Escribano.

Partzialak: 3-0, 5-4, 7-6, 8-7, 10-9, 14-10; 15-13, 16-15, 17-16, 23-18, 27-20, 30-10.

Sufrituta, baina Zuazok Kopa kanporaketa gainditu du (24-26)

Denboraldiko lehen test serioa gainditu du Zubileta Evolution Zuazok asteazken honetan. Kopako lehen kanporaketa zuen helburu talde bizkaitarrak –partida bakarrera– eta iaz maila mantentzea lortu ezin izan zuen Uneatlantico Pereda talde kantabriarra izan dute aurrean. Joseba Rodriguez “Haito”-ren jokalariek 24-26 irabazi dute, hurrengo faserako txartela eskuratuz.

Emaitzak berak adierazten duen moduan, sufrituta lortu dute sailkapena zuazotarrek. Partida oso bedinduta egon da lehenengo zatian, non sei berdinketa egon diren (3-3, 6-6, 7-7, 8-8, 9-9 eta 10-10), baina 0-6ko partzial bat lortu dute bizkaitarrek momentu horretan atsedenaldira aurretik joateko (10-16).

Bigarren zatiaren hasiera ona izan da ere Zuazorentzat, bi gol gehiago egin baititu aldea handitzeko. Etxeko taldeak orduan 5-0eko partzial bat eskuratu du hiru golera ipintzeko (16-19, 42. minutua).

Isabel Fernandez-Agustiren golak zertxobait lasaitu ditu Haitoren jokalariak, baina kantabriarrak erasora atera dira eta halako batean 21na berdintzea lortu dute.

Barakaldokoek, etxeko taldeko Belen Saez Gonzalezen esklusioa aprobetxatu dute hurrengo minutuetan hiru gol gehiago sartzeko (21-24) eta alde horrekin jolasten asmatu dute amaiera arte.