NAIZ

Bera Berak Errumanian jokatuko du joanekoa azaroaren 13an, eta itzulerakoa, 20an, Gascan

Bi partidak Errumanian edo Donostian jokatzeko proposamenari uko egin diete bi taldeek, eta kanporaketa tradizionala jokatuko dute European Leagueko multzoko fasean sartzea saria izango delarik.

Paris92-ren aurkako joaneko partida Gascan jokatu zuen Bera Berak; Ramnicu Valcearen kontra itzulekoa jokatuko du Donostian. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Paris92-ren aurkako joaneko partida Gascan jokatu zuen Bera Berak; Ramnicu Valcearen kontra itzulekoa jokatuko du Donostian. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Super Amara Bera Berak Paris 92 talde indartsua kaleratu bezain laster –honek klubarentzat suposatzen zuen guztia barne–, hurrengo kanporaketara begira jarri zen. Eta hori Ramnicu Valcea talde errumaniarra da. Hala, Donostiako klubak ostegun honetan bertan jakinarazi duenez, astelehenan Parisetik Biarritzera iritsi bezain laster, bi klubak harremanetan jarri ziren.

Ramnicu Valceak kanporaketa osoa Errumanian jokatzearen proposamena ukatu zuen talde gipuzkoarrak, «Paris 92 taldearen aurka emakumeen eskubaloiak bizi zuen festa ez ezik kanporaketa lehiatu ere nahi duelako», azpimarratu dute Bera Beratik.

Era berean, Errumanian covid-19aren egoera larria dela ikusita –eta Valceak berretsita– eta partida ikuslerik gabe jokatu beharko denez, donostiarrek kanporaketako bi partidak Gascan jokatzeko eskakizuna ere egin zieten, baina ez ziren akordio batera iritsi.

Gauzak hala, European Leagueko Q3ko joaneko partida azaroaren 13an (14.00) jokatuko da Ramnicu Valceako Traian Sport Hallean, eta itzulerakoa Donostiako Josean Gasca kiroldegian izango da azaroaren 20an, 16.00etan.

ETBk partida zuzenean eskainiko du, baina Bera Bera partida online lehenbailehen saltzeko lanean hasi da eta, aurreneko kanporaketan eman zen arrakasta dela eta, Gasca betetzeko beste proposamen bat luzatuko die inguruko klubei.

Hori bai, derrigorrez eskubaloiko marrekin jokatu beharreko partida izango da. Donostian eta Gipuzkoan horrelakorik ez dagoenez, pista urdina jarri behar du Bera Berak, Bidasoari uzten diona Liga eta Europako partidetarako.

Aurkari indartsua

Bera Berak ondo aztertu du aurrean izango duen taldea. Talde errumaniarra historikoa da (lehen Olthim zena, Silvia Navarro eta Barbosak bertan jokatu zuten) eta Donostian ezaguna da Alicia Fernandez eta Marta Lopez jokalariak bertara joan baitziren Bera Beran aritu ostean. 

Krisialdia gainditu ostean, 2018-19 denboraldian Liga irabazi zuen eta iaz Txapeldunen Ligan aritu zen Bucarestirekin final-zortzirenetan amore emanez. Momentu honetan laugarrena da sailkapenean lau garaipen, berdinketa eta porrot batekin.

Nazioartean jokatzen aritzen diren jokalari ugariz beteta dago, horien artean Mireya Gonzalez espainarra; edota errumaniarren artean, Hosu atezaina, Bucur eskuin albokoa, Dache zentrala eta ezker hegalari Florica; Roch atezain alemaniarra, ezker alboko Glibko ukrainiarra edo Gorsheninsa errusiarra, Montenegroko Klikovac pibota, Levchenko eskuin hegalari ukrainiarra, Liscevic pibota serbiarra, Nikolic eskuin hegalari serbiarra edo jokalari interesgarriak Elghaoui pibote hungariarra bezala…