Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Errumaniarren defentsa aurreratuan trabatu eta sei gol irauli beharko ditu Bera Berak

Lehenengo zatiko txakalalditik bizirik atera dira donostiarrak, atsedenaldira hiru goleko abantailarekin iritsita. Bigarren zatian, baina, gehiago trabatu dira erasoan eta errumaniarrek ez dute hutsik egin garaipenaz gain, itzulerako partidarako sei goleko aldea erdietsita (34-28). 

Lehen zatiaren bukaeran pistaratu da Boada eta bi gol egin ditu guztira. (BERA BERA)
Lehen zatiaren bukaeran pistaratu da Boada eta bi gol egin ditu guztira. (BERA BERA)

Maldan gora dauka kanporaketa Bera Berak. Garaipena ez ezik, sei gol baino gehiagorengatik irabazi beharko du Jose Antonio Gascan jokatuko den itzulerako partidan –azaroaren 20an–. Benetan partida serioa jokatu arren, bigarren zatiko makalaldia erabakiorra izan da Ramnicu Valceak markagailuan aurrea hartu eta aldeak handitzeko. 

Donostiarrak saiatu dira amaierako markagailua txukuntzen, bi partidako kanporaketan esanahi handikoa izaten delako baina, hain justu ere, errumaniarrek orduantxe lortu dute neurketako alde handiena. Egiari zor, 42. minutuan lehen aldiz markagailuan aurretik jartzea lortu dutenetik, Bera Beraren bertsio onena itzali eta korrontearen kontra igeri egin behar izan du.

Bera Berak lehen zatian emandako erakustaldia oso urrun geratu da zaleen iruditegitik, bukaerako emaitza baita gogoan iltzatuta geratzen dena eta sei goleko desabantaila iraultzea benetan zaila izan daiteke. 

Lastima handia izan da, batez ere, lehendabiziko 30 minutuetan Bera Bera nagusi izan delako, bost eta sei goleko aldearekin hara eta hona erabili du etxeko taldea. Defentsan sendo eta erasoan fin aritu dira donostiarrak. Erasoan zein defentsan kasik talde bera erabili du Imanol Alvarezek –Menendez sartzen zen defentsan Cavoren ordez eta Cesareo zein Gil hasieratik aritu dira–, errumaniarren erantzun azkarra geratu asmoz. 

Lehen zortzi minututan gol bakarra egin du Ramnicu Valceak, Bera Berak zazpi egin dituen bitartean. Zortzi minutuan, zortzi eraso huts egin ditu etxeko taldeak eta hori, donostiarren meritua izan da. Iryna Glibko izan da taldea eutsi duena eta une batean Liscevic-en laguntza izan badu ere, Bera Berak erasoan bere horretan jarraitzen zuen –Mariane Fernandesek 4 gol egin ditu 20 minutuan, gero desagertzen joan da–. 

Arrojeria itzaldu, taldea itzaldu

Hala, Bent Dahl entrenatzaileak ondo irakurri du partida eta jokoa lasai asko mugitzen zebilen Arrojeria geratu behar zuela ohartu denean, Bera Beraren minutu eskasenak iritsi dira. Gol bakarra egin du zortzi minutuan –bera penaltiz lortu du Hernandezek–, arerioak zazpi egin eta neurketa berdintzea lortuz. 

Boadaren kantxaratzeak bizia eman dio berriro ere talde gipuzkoarrari eta gaiz erdi, katalana pistaratu denetik taldeak lau gol egin eta atsedenaldira markagailuan aurretik joatea erdietsi baitute.

Neurketako lehen makalalditik bizirik atera da Bera Bera, ez ordea bigarrenetik. Eta horixe izan da benetako lastima. Lehiaren fase erabakigarrienean defentsan kamuts egin eta errumaniarrak gora etorri direla, demak erakutsi duen parekotasuna erabat hautsiz. Lehia bera hautsi egin da, aurrera eta atzerako jokoan oinarritu da partida Ramnicu Valceak 42. minutuan markagailuan lehen aldiz aurrea hartu duenetik. 

Lehen zatiko berdinketan ez bezala, behera etorri da Bera Bera eta berriro ere errumaniarren defentsa aurreratu eta mixtoan trabatu egin da. Etxekoak, aldiz, Liscevic eta Glibkoz gain, Gorshenina eta Elghaouiren golak batu dituzte erasoan eta ihes egitea lortu dute, bukaerarako sei goleko aldearekin irabaziz.

Handiagoa ere izan zitekeen desabantaila, baita txikiagoa ere. Imanol Alvarezen taldea saiatu da markagailua txukuntzen baina presaren presaz, erasoa gehiegi huts egin dituzte. Hala, hurrengo larunbatean, azaroaren 20an, bertsiorik onena eman beharko dute 60 minutuetan sei goleko aldea irauli nahi badute. Eta nola ez, zaleen babesa ere ezinbestekoa izango da. Larunbat honetan, zalerik gabe jokatu da partida Errumanian covid-19aren kasuek gora egin eta neurri murriztaileak indarrean daudelako. 

5-1 defentsaren aurka «hobeto moldatu behar»

Partida bukatu bezain laster, zapore gazi-gozoarekin adierazpenak eskaini ditu Imanol Alvarezek. Lehenengo zati «oso on» bat burutu ostean, iritzi du bere taldeak ez duela jakin patxadaz jokatzen eta partida bai edo bai irabaztearekin tematu dela, «kanporaketan bere osotasunean pentsatu beharrean». 

Uste du giltza beraien defentsa mistoan egon dela, 5-1 sistemarekin defendatzen hasi direnean hasi baitira Bera Berakoen zalantzak. Dena dela, Alvarezen aburuz, «errazegi» moldatu dira sistema horretan eta beraz, itzulerako partidan «hobeto moldatu behar gara». 

Era berean, bigarren zatian kontraeraso gehiegi baimendu dituztelakoan da eta hori, erasoan huts egitearen ondorio izan daitekeela uste du. «Lehen zatian hobeto egin dugu eraso-defentsako trantsizioa, golak sartzen genbiltzalako. Huts egiten hasi garenean, hankek gehiago pisatu digute», azaldu du. 

Fitxa teknikoa:

Ramnicu Valcea: Hosu, Florica (3), Gorsheninsa (4), Bucur, Liscevic (6), Nikolic; Glibko (10), Klikovic (1), Elghaoui (8), González (1), Levchenko (1), Dache, Roch (o.a.), Rus (o.a.).
Bera Bera: Silva, Etxeberria (4), Cavo (1), Arrojeria (1), Cesareo (2), Menendez, Gil (3);  Fernandes (7), Hernandez (4), Loidi (4), O’Mullony, Polonio, Boada (2), Ugartemendia, Moreno, Bautista (o.a.).
Epaileak: Novikov eta Rozhkov (Ukrania). Liscevic, Gorsheninsa (2) eta Elghaoui etxekoak eta Bera Berako Etxeberria, kaleratuak.
Partzialak: 1-4, 2-7, 5-11, 8-12, 11-12, 13-16; 16-18, 18-19, 23-20, 27-22, 28-24, 34-28.
Gertaerak: EHF European League txapelketako hirugarren faseko kanporaketaren joaneko partida, Valceako Traian kiroldegian jokaturikoa, zalerik gabe.