Jon Ormazabal

Iazko txapela defendatzeko aukera izango dute Elezkanok eta Zabaletak Binakakoan

Aspek Altuna II.a-Martija, Ezkurdia-Tolosa, Elezkano II.a-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta kantxaratuko ditu eta Baikok Laso-Imaz, Urrutikoetxea-Aranguren, Jaka-Mariezkurrena eta Peña II.a-Albisu

Binakako txapelketan parte hartuko duten pilotariak, aurkezpenean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Binakako txapelketan parte hartuko duten pilotariak, aurkezpenean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Azken urteetan galdu den «tradizio» bat berreskuratu dute enpresek eta Elezkano-Zabaletak iaz lortutako txapela defendatzeko aukera izango dute Binakako Txapelketan. 2015ean txapeldun izandako Bengoetxea VI.a-Untoria izan ziren hori egiteko aukera izan zuten bakarrak. Eta ez hori bakarrik, iazko finalean aurkari izan zituzten Peña II.a-Albisu ere elkarrekin ere arituko dira ostiralean Berriozarren hasiko den lehiaketan.

Parte-hartzaileei dagokienez, txapelketa «oso orekatua» antolatu izanaren ideia saldu dute. Asperen aldetik parte hartuko duten bikoteak Altuna II.a-Martija, Ezkurdia-Tolosa, Elezkano II.a-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta izango dira eta Baikoren ordezkariak Laso-Imaz, Urrutikoetxea-Aranguren, Jaka-Mariezkurrena eta Peña II.a-Albisu. Berrikuntzen artean lehen aldiz titular postua hartuko duen Tolosa eta Binakakora itzultzen den Iker Irribarria aipatu beharko lirateke Eibarko enpresan; iazkoaren ostean Rezustaren itzulera, eta elkarrekin arituko diren eta iaz Aspen ziren Jaka-Marizekurrena ere berrikuntzak lirateke.

Halakoetan gertatu ohi den bezala, kanpoan geratu direnen izenak ere sortu dute zeresanik, horren Lau eta Erdiko bikaina egin duen Peio Etxeberria, Ladis Galarza eta azken Buruz Burukoan finalerako sailkatu zen Iñaki Artola. Horren inguruan, Iñaxio Errandoneak onartu du azken unera arte zalantza handiak izan dituztela, baina erabaki bat hartu beharra zutela. «Lau bikote oso parekatuak jarri ditugu, urteroko moduan, azken unera arte sekulako zalantzak izan ditugu, batez ere aurrean, Peio Etxeberria azken unera arte sartzeko aukera handiekin izan da, baina txapelketa hain luzea izanda, aukerak izango dituzte ordezko bezala aritzeko. Barruan daudenek ere merezi dute jokatzea, hau urte guztian egindako lanaren sari moduko bat da eta aukeratu egin behar da».

Unai Iglesiasek, bere aldetik, txapelketa oso orekatua ikusten duela nabarmendu du, ez dagoela faborito garbirik eta txapelketa ikusleen gustukoa izango dela espero duela.

Azken urteetako lehiaketa sistema

Gainontzekoan, sistemari dagokionez, aldaketa handirik gabe dator txapelketa eta azken urteetako sistema bera erabiliko dute, hau da, bikote guztiak elkarren aurka arituko dira bi itzulitako ligaxkan, bi lehen bikoteek zuzenean lortuko dute finalerdietarako txartela eta hirugarrenetik seigarrenera sailkatutakoek play-offa jokatu behar izango dute.

Finala apirilaren 3rako dago iragarrita eta ez da atzerapenik onartuko. Finalistetako batek finala jokatzeko arazoren izango balu, bere enpresan ondoen sailkatutako pilotariak ordezkatuko luke.

Neurriak betetzeko deia

Joan zen igandeko finalean musukoekin eta osasun protokoloen inguruan izandako arazoen inguruan, enpresetatik neurriak betetzearen garrantzia nabarmendu dute eta atzo argitaratutako oharrean esandakoa berretsi dute, protokolo bat badela nabarmendu dute eta arauak zorrotz beteko dituztela iragarri.

Bestalde, pozik agertu dira Binakako txapelketa honetan jaialdiak saltzerakoan udaletan izaten ari diren harrera ona. Esaterako, azken bi urteetan jaialdirik antolatu ez duen Mungian jaialdia izango da lehen jardunaldi honetan.