Maite Ubiria

Argiak piztu dituzte Santiago zubian Bidasoa hilobi iluna bilakatu ez dadin

Irun eta Hendaiatik heldutako herritarrek giza-kate argitsua osatu dute astelehen honetako iluntzean Santiago zubian. Erakundeei deia irmoa luzatu diete «berehala neurriak hartu ditzaten» aurten zazpi migranteen heriotza eragin duen egoerari aterabidea emateko.

Herritar anitz bildu dira gau eta egunez frantses Poliziak gordetzen duen zubian migranteentzat bide seguruak eskatzeko. (Guillaume FAUVEAU)
Herritar anitz bildu dira gau eta egunez frantses Poliziak gordetzen duen zubian migranteentzat bide seguruak eskatzeko. (Guillaume FAUVEAU)

Santiago zubian eginiko giza-kate argitsu batek Bidasoa ibaia hilobi ilun bihur ez dadila galdegin du astelehen honetan, larunbatean bertako uretan zendutako migratzailearekin jazotakoa salatuz.

Hendaiatik eta Irundik herritarrez osaturiko zutabe bi zubiaren erdian besarkatu dira. Bertan, ehunka lagun, horietarik askok argi-zuziak eskuetan zeramatzatela, mugaren aurkako leloak gurutzatu dituzte, frantses Poliziaren begiradapean.

Horren ondotik hasi da omenaldia. Lehenik eta behin minutu bateko isilunea gorde dute larunbatean Bidasoan atzeman zuten migrantearen omenez. Horren ondotik, Irungo Harrera sareko eta Etorkinekin elkarteko bina ordezkarik hitza hartu dute.

Oroitarazi dutenez, badira aste batzuk oharra egin zuten «gertatu zezakeen tragediari buruz». Horrendako, erantzukizunez jokatzeko deia luzatu diete erakunde guztieri, behingoz beharrezko diren neurriak, bakoitzak bere eremuan, hartu ditzaten, berriro ere heriotza bat ez gertatzeko. 

Joan den larunbatean, Bidasoan paddle surf egiten ari zen herritar batek gorpu bat atzeman zuen. Handik gutxira, Lakuako Segurtasun Sailak baieztatu zuen pertsona migrante bat zela zendutakoa.

Gorpuarekin batera identifikazio prozesua erraztu dezaketen hainbat agiri atzeman zituzten. Geroztik jakin izan denez, 38 urteko Boli Kostako migratzailea litzateke Bidasoako uretan hil zen herritarra.

Txertaketa agiriari esker jakin ahal izan da Almeriako El Ejido herrian nekazaritzan lan egindakoa zela.

Irungo Harrera Sareak oroitarazi zuen aurten hiru herritar hil direla Bidasoan itota, igande eguerdian San Juan Harria plazan eginiko elkarretaratzean.

Ehunka herritar bertaratu ziren Europako herrialdeek, eta zehazki espainiar eta frantziar gobernuek, migranteei bidea hesteko aplikatzen duten politika krudela salatzeko.

Orotara zazpi lagun hil dira aurten Bidasoaren eremuan. Hiru migrante itota hil ziren Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoatik igarotzen den ibaian. Laugarren batek Bidasoatik ez oso urrun, Azken Portu auzoan bere buruaz beste egin zuen.

Heriotza horiei joan zen urriaren 12an Ziburun, trenbidean, gertaturiko beste hiru migranteen heriotzak gehitu behar zaizkide.

Hiru gazte aljeriarrek, muga gainditu ondoren, trenbidea hartu zuten. Akiturik, lo hartu zuten burdinbidean, eta trenak harrapaturik hil ziren.

Joan zen ostiralean beste migrante bat zauritu zen, trenbidean, Donibane Lohizuneko Akotze auzoan. Trenaren ufakoak atzera bota zuen eta zauri arinekin Baionako erietxera eraman zuten.

Gaur iluntzean, argiak eskutan, Santiago zubian «Euskal Herria harrera herria da, ez hilerria» aldarrikatu dute herritarrek.

Hain zuzen, harrerari ezarritako oztopoak gainditzearen alde azaldu da Irungo Harrera Sarea. Lapurditik heldutako elkarteek gaineratu dutenez erakundek engaimendu zehatzak behar dituzte hartu migranteeentzat pasabide seguruak zabaltzeko «muga eta Baionako Pausa zentro artean».

Irunera badira 10 bat urte heldu den Bajadik hitza hartu du ekitaldiaren bukaeran «Europak eta bereziki Frantziak afrikar kontinentean burutzen duten baliabideen lapurreta amaitzen ez den bitartean behartutako migrazioa ez dela geldituko» oharraraziz. Bildutakoen txalo zaparrada batekin hartu dute bere hitzartzea.

‘Txoriak txori’, askatasunaren ereserkia abestuz, bukaera eman dute ekimenari Santiago zubian.

Ez istripu bat, ez ibai hiltzaile bat

Zazpigarren heriotza hau, aurreneko guziak bezala, ekidin zitekeela «etorkinei harrera hobea eskeiniz edota mugak kudeatzeko politikan jarrera hexagonala errotik aldatuz» adierazi du gaur arratsaldean Euskal Herria Baik gaurko elkarretaratzea deituz plazaratu duen agiri baten bidez.

Zubia gau eta egunez gordetzeko agindua duten «polizien kontrolek suposatzen duten gastu ekonomiko handiaz gain, pertsonengan ondorio larriak dituztela» nabarmenduta «migranteek pairatzen duten errepresio iraunkorrarekin» bukatzeko beharra mahaigainan jarri du ezkerreko mugimendu abertzaleak.

«Larunbatetik, batzuek idazten dute ‘Bidasoak berriro hil duela’, edo migrante bat ‘istripuz’ hil dela. Baina Bidasoak ez ditu pertsona horiek hil, beraien heriotzak ez dira istripu soilak izan, Europak eta estatuek aplikatzen dituzten politika kriminalak dira errudunak» gaineratu du EH Baik.

LAB sindikatua, bestalde, mugaz bi aldetako erakundeei zuzendu da «behingoz jardun dezaten migrazio ibilbideari loturiko heriotz bat gehiago gerta ez dadin» eskatzeko.

«Milaka langile migratzaileen eskubideak bortxatzen duen Europako gotorlekua behar dugu irmoki salatu» adierazi du sindikatuak ohar baten bidez.