NAIZ

Kepa Ordoki gudaria oroitu dute Hendaian, bere heriotzaren 28. urteurrenean

Hil eta 28 urte geroago, Kepa Ordoki gudaria oroitu du igande honetan ‘Memoria Historikoa Bidasoan’ elkarteak Hendaiako hilerrian. «Kepa Ordoki eta bere inguruan ibilitako gudari guztiek egindakoak ez dugu ahantziko».

Kepa Ordokiri omenaldia. (Memoria Historikoa Bidasoan)
Kepa Ordokiri omenaldia. (Memoria Historikoa Bidasoan)

Kepa Ordoki Vazquez, Gernika Batailoiko komandantea, oroitu du igande honetan ‘Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan’ elkarteak Hendaiako hilerrian.

Gudariaren bizitza gogoratu du: «Kepa Ordoki bera hainbatetan busti zen. Gaztetan, soldaduska burutzeko tirabiretan. Irungo ANV-an barneratzeko, baina bereziki 1936an. Etxean gelditu beharrean, kalera irten eta aberria defendatu zuen. El Dueso eta Gursetik ihes egitean, busti zen. Baita ere, bigarren mundu gerran erresistentziara batu zenean. Eta nola ez, UNEtik ideologia anitzeko gudari euskaldunak banatu eta Gernika Batailoia sortzean, horrela, 1993 arte».

Hamarnaka adibide jarri ahal direla ziurtatu du elkarteak, baina «bustitze horietako bat» nabarmendu du: «De Gaulleren hitzak. Edonolako ez zen militar batek Kepa Ordokiri esan zion: “Komandante, Frantziak ez du inoiz ahantziko Euskaldunek buruturiko esfortzu eta sakrifizioak…”».

Omenaldian, Kepa Ordoki eta bere inguruan ibilitako gudari guztiek egindakoak ez dutela ahantziko nabarmendu dute.

«Kepa Ordokik oso ongi ordezkatzen du eskualdearen oroimen historikoa. Irunen jaio; Hendaian hil; Estatu kolpea, 36ko gerratea zein II. Mundu Gerraren lotura; eta gaurkotasunera iristen den askatasun nahia. Guztia, Ordoki busti zelako», gaineratu dute elkarteko kideek.

Hori dela eta, «bustitzeko» eskaera egin dute oroimenaren parte diren pertsona guztien izen-abizenak argi adierazi, eta egiak oroimenaren bidea ezartzeko.