Mikel Aginagalde

Migratzaileen fenomenoari euskaratik eta euskaraz heldu

Zaldibiako herritarren %14k daukate beste herrialde bateko nazionalitatea. Kanpotik etorritako herritar eta ikasle horiek euskarara hurbilarazteko eta herri euskaldun eredugarria izaten jarraitzeko, egitasmo berritzailea abiatu dute hainbat eragilek.

Zaldibia euskararen arnasgunea da, eta horren araberako neurriak nahi dituzte herrian. (Jon URBE/FOKU)
Zaldibia euskararen arnasgunea da, eta horren araberako neurriak nahi dituzte herrian. (Jon URBE/FOKU)

Zaldibian euskara eta kulturartekotasuna lantzeko proiektu aitzindaria jarri dute martxan bertako Udalak eta UEMAk, Lardizabal Herri Eskola eta beste hainbat erakunderekin elkarlanean. Izan ere, UEMAko kide diren udalerrien artean Zaldibia da migrazio tasarik handienetakoa duen herria. Zehazki, gaur egun, herritar guztien %14k daukate beste herrialde bateko nazionalitatea. Egoera hori herrian bakarrik ez, Zaldibiako eskolan ere antzeman dute azkenaldian. Kanpotik etorritako herritar eta ikasle horiek euskarara hurbildu daitezen eta herri euskaldun eredugarria izaten jarraitzeko asmo eta erronkari jarraituz abiatu dute aipatu proiektua.

Esan bezala, proiektuan hainbat erakunde eta elkartek parte hartu dute elkarlanean. Horien artean, Zaldibiako Udalak, Lardizabal Herri Eskolak, UEMAk, Huhezik (Mondragon Unibertsitatea), Ausa Gaztelu Guraso Elkarteak eta Etxekonekok Elkarbizitza Taldeak.

Zaldibiako eskolan izan den kultura eta herrialde aniztasunaren handitzea hartu dute abiapuntu proiektu aitzindari horri ekiteko. Izan ere, datu demografikoak benetan aintzat hartzekoak dira. Esaterako, Haur Hezkuntzako ikasleen erdiek kanpotik etorritako gurasoak dituzte, eta joera hori areagotu egingo omen da datozen urteetan. Garikoitz Goikoetxea UEMAko teknikariaren hitzetan, «Goierrin, eta zehazki Zaldibian familia migratzaileen kopurua nabarmen hazi da azken urteetan, eta gaur egun udalerri horretako hamar biztanletik bat espainiar Estatutik kanpoko herrialde batean jaiotakoa da».

Euskara eta aniztasuna uztartuz

Alde horretatik, proiektuaren arduradunek diote kezka handia dagoela familiekiko hizkuntza trataeraz, berebizikoa baiteritzote familia migratzaileekin harremana eta lankidetza indartzea, baina euskara erdigunean jarriz.

Goikoetxearen arabera, «bi zutabe uztartu behar ditugu; batetik, Zaldibia bezalako herri euskaldun batean, eta zehazki bertako eskolan, euskaraz funtzionatzen jarraitzea eta hizkuntza eskubideak bermatzea; eta bestetik, Zaldibia bezalako arnasgunea azken urteetan etortzen ari zaigun migrazio fenomeno horrekin albait ondoen uztartzea».

Premisa hori aintzat hartuta, zenbait helburu ezarri dituzte proiektuaren sustatzaileek eskola komunitateari dagokionez. Euskaraz bizi ahal izatea da horietako bat. Baita euskaraz ez dakitenekin komunikazioa eta giro abegikorra bermatzea ere. Azken batean, kulturarteko harreman sendoak eraiki nahi dituzte.

Zaldibiako eskolako zuzendari Eider Amundarainen hitzetan, «bizi dugun egoeran sumatu dugu familia migratzaileetako kideekin euskaraz komunikatzeko zailtasuna. Guretzat, ordea, oso garrantzitsua da eskola osatzen duten familia guztien parte hartzea, eta ahal dela gure arteko komunikazioa euskaraz izan dadila, kontuan izanda Zaldibia euskararen arnasgunea dela».

Estrategiak pentsatu eta aplikatu

Xede horiek burura eramateko harreman eta hizkuntza estrategiak garatu dituzte, ondoren horiek komunikatu, partekatu, aplikatu eta aztertzeko. Hala, antzeko beste egoeretan aplikatzeko helburua dute proiektuaren bultzatzaileek. Hori guztia praktikan jartzeko ere kronograma bat osatu dute egitasmoa urratsez urrats errealitate bihurtzeko asmoz.

Egituraketari dagokionez, berriz, lehenik eta behin, proiektuan parte hartu duten erakunde guztietako ordezkariekin talde eragile bat osatu dute prozesua definitu, proposatu, gidatu eta koordinatu ahal izateko. Bestetik, Talde Hedatua osatu dute kontraste lanak egiteko. 15-20 lagun inguruko taldea da eta urte osoan bi edo hiru bilera egingo dituzte.

Egitasmoaren arduradunen arabera, «proiektu honen bidez Eskola Komunitatean euskaraz bizitzea eta, aldi berean, euskara ez dakitenekiko komunikazioa bermatu eta kulturarteko harremanak eraikitzea lortuko delakoan murgilduko gara. Elkarlanak bere fruitua ematea espero dugu, bai Zaldibiarako, baita gure antzeko egoeran dauden edo egongo diren herrietarako ere».