NAIZ

Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak jantziko diote txapela Bizkaiko txapeldunari

Joseba Etxebarria eta Moises Enbeitaren artean jantziko diote txapela 2021eko irabazleari. Lehenengo aldiz, lagun bik batera jantziko diote txapela Bizkaiko bertsolari txapeldunari. Urte luzeetan taldeari eskainitakoa eskertu nahi die Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.

Lehen aldia da bi lagunek batera jantziko diotena txapela irabazleari. (BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA)
Lehen aldia da bi lagunek batera jantziko diotena txapela irabazleari. (BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Joseba Etxebarria eta Moises Enbeitaren artean jantziko diote txapela 2021eko irabazleari. Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailearen erabakia izan da. «Biak dira urte luzez talde horren parte eta, aurten, eurak omentzea erabaki dute beste kideek. Elkartetik urte guzti hauetan egindako ekarpena azpimarratu nahi izan da. Izan ere, nabarmentzekoa da bertsolaritza zelan ulertu eta transmititu duten, jardun kolektibo moduan. Eta hori hain ondo ulertuta, taldeari egin dioten ekarpena ere, azpimarragarria da: Elkarteko zuzendaritzari eta, bereziki, Txapelketako Talde Antolatzaileari», diote.

«Biek batera txapela jaztearekin taldean egiten denak duen balioa azpimarratu eta sinbolizatu gura izan du Elkarteak eta hori biek erakutsi digute. Horrelaxe ibili dira urte luzeetan, elkarrekin eta taldean beharrean», adierazi dute Bizkaiko Bertsozale Elkartearen arduradunek.

Taldekoa bai, baina Bizkaiko Bertsozale Elkateak bien ibilbide pertsonala ere goraipatu nahi izan du, euren inguruan zein Bizkai osora begira egin duten lana.

Joseba Etxebarria Uriarte larrabetzuarra da. Eskualdean egindako eragiletza beharraz gain, Bizkaia mailan, 2000 urtean hasi zen Bizkaiko Txapelketako Talde Antolatzailean beharrean eta gaur egun ere bertan jarraitzen du. Elkarteko Zuzendaritza Batzordean ere urteetan ibili izan da.

Bertsolari moduan igo zen agertokira Moises Enbeita Ealo muxikarra, baina plazatik atzeko beharrera pasa zen gero. 2000 urtean Bizkaiko Bertsolari Txapelketan epaile-lanean hasi zen. Harrezkero, Zuzendaritza Batzordean eta Talde Antolatzailean aritu izan da.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 18an izango da Bilbon. Hantxe ikusiko ditugu Joseba eta Moises, borondatezkoen petoak alde batean utzi eta txapeldunari txapela jazten.