NAIZ

Lointek Gernikaren Eurocupeko partida ere atzeratu egin da koronabirusa dela-eta

Çukurova BK Mersin talde turkiarraren aurkako itzulerako partida jokatu behar zuten gernikarrek asteazken honetan baina asteburuan antzemandako bost kasu positibo direla-eta, «datarik gabe» atzeratzen dela iragarri dute. Asteburuan ere ez zuen jokatu ligako partida. 

Roselis Silva Çukurova BK Mersin taldearen aurkako partidan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Roselis Silva Çukurova BK Mersin taldearen aurkako partidan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Lointek Gernika taldean bost covid-19 kasu positibo antzeman zituzten pasa den asteburuan. Ondorioz, Campus Promteren aurkako ligako partida atzeratu behar izan zuten eta Eurocupeko partida ere airean geratu zen. Astelehen honetan iragarri dute ofizialki Çukurova BK Mersin taldearen aurkako dema ere bertan behera geratzen dela. Oraindik ez dute data berria iragarri. 

Eurocupeko joaneko neurketan, sekulako garaipena eskuratu zuten gernikarrek talde turkiarraren aurka. 24 puntuko aldearekin irabazi zuten Malosten (83-59), horrek itzulerako neurketarako suposatzen duen abantailarekin. Nolanahi ere, Turkiarako bidaiak itxaron egin beharko du. Oraingoz, «datarik gabe» atzeratzen dela soilik iragarri du Lointek Gernikak zein FIBAk ere.

Azken astean, koronabirusak gogor jo du saskibaloia, izan ere Araski talde gasteiztarrean ere hiru positibo antzeman zituzten ostiralean eta hala, asteburuko partida, Baxi Ferrolen aurkakoa, bertan behera geratu zen. Hala, pasa den asteburuan, soilik IDK Euskotrenek jokatu zuen eta jipoi mingarria jaso zuen Cadi La Seu taldearen aurka.