Asier Robles

Itxialdia abiatu du bizkaitar pentsiodun talde batek, larunbateko mobilizazioekin lotuz

Hogei pentsiodun bizkaitar baino gehiagok itxialdia hasi dute ostiral honen gauean Bilboko Frantziskotarren egoitzan, pentsio publiko «duin eta justuak» aldarrikatzeko eta herritarrei larunbatean antolatu dituzten manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzeko.

Pentsiodunek itxialdia egin dute Bilboko Frantziskotarren egoitzan.
Pentsiodunek itxialdia egin dute Bilboko Frantziskotarren egoitzan. (NAIZ)

Hogei pentsiodun baino gehiagok itxialdia hasi dute gaur ostiralean Frantziskotarren egoitzan, Bilboko Irala auzoan. Larunbat goizeko 11.00ak arte egongo dira han. Ondoren 12.00etan, abiatuko den manifestaziora joango dira.

Pentsio duinak aldarrikatzeaz gain, biharko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi izan dute itxialdi honekin. Biharko protestak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Tafalla, Altsasu, Lizarra, Ondarroa eta Eibarren izango dira. 12.00etan hasiko dira guztiak. Horretaz gain, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko pentsiodunek 08.30ean abiatuko dira Santurtzitik Bilboko manifestaziora batzeko, eta Uribe Kostako pentsiodunak 10.00ean Erandiotik.

Gainera, Bizkaiko eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak dituen arazoen eta datozen aste eta hilabeteetan egingo diren protesta eta mobilizazio berrien inguruko hausnarketa eta eztabaidatzeko erabiliko dute itxialdia.

Ekimen hau astean zehar Hego Euskal Herriko lau probintzietan pentsiodunek egiten ari diren beste hainbaten parte da, besteak beste, Gipuzkoako pentsiodunak Donostian egiten ari diren 5 eguneko itxialdia.

Izan ere, aste honetan lau urte bete dira sindikatuek protestak hasi zituztenetik, baina biharko mobilizazioaren helburua ez da soilik urteurrena ospatzea. Oraindik aldarrikapen asko dituztela adierazi dute.

Mugimenduaren ustez, 2021eko azaroan onartu zen pentsioen erreformak «ez ditu 2011ko erreformako pentsioen murrizketak indargabetzen», eta, gainera, erosteko ahalmena %3 baino gehiago murriztuko zaiela salatu dute.

1.080 euroetatik oso urrun oraindik

Haien aldarrikapen asko erreformatik kanpo geratu direla salatu dute: «Gutxieneko pentsioek aldarrikatzen ditugun 1.080 euroetatik oso urrun jarraituko dute; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala betikotzen da, eta ez dira indargabetzen erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak, 40 urte kotizatuta daudenean. Eta, gainera, Estatuko Gobernuak konpromisoa hartzen du finantza erakundeek kudeatuko duten pentsio-sistema osagarri bat garatzeko», gaineratu dute.

«Funtsezko arazo guztiak ia berdin mantentzen dituen lan-erreforma baten aurrean gaude, zeinak, enpresaburuen mugen eta ezarpenen aurrean, ez baitu prekarietateari behin betiko aurre egiten eta ez baititu enpleguen sorrera eta soldata duinak bultzatzen. Erreforma horrek luzatu baino ez du egingo etsipena eta adorerik eza gazteen eta emakumeen artean», adierazi dute.

Jon Fano pentsiodunen bozeramaileak NAIZi adierazi dionez, pentsioez gain, adineko jendeei eragiten dieten beste arazo batzuk salatzen ari dira, hala nola, zahar egoitzen eta Osakidetzako Lehen Mailako Arretaren egoera. Fanok gogoratu duenez, «pandemia baino lehen egiturazkoak ziren arazoak, pandemiaren krisiarekin azaleratu eta areagotu egin dira».