NAIZ

Bizik ekintza egin du Pauek AHTren egitasmoa diruztatu ez dezala galdetzeko

Abiadura Handiko Trena (AHT) Bordeletik Akize eta eta Tolosara aldera zabaltzeko egitasmoa salatzeko ekintza burutu dute gaur goizean, Pauen, Bizi! mugimenduko kideek. Pirinio Atlantikoen Departamenduari proiektua ez dezala diruztatu galdetu diote, banderola erraldoia ezarririk.

Eskalatzaileek banderola erraldoia zabaldu dute Pirinio Atlantikoen Kontseilu Nagusiaren fatxadan.
Eskalatzaileek banderola erraldoia zabaldu dute Pirinio Atlantikoen Kontseilu Nagusiaren fatxadan. (@bizimugi)

Frantziar Gobernuak, Akitania Berriko eta Okzitaniako eskualdeen onespenarekin, Abiadura Handiko Trena (AHT) Bordeletik Akize eta eta Tolosara aldera zabaldu nahi du.

Joan zen udaran ezagutu zen proiektuak ez badu horrela zehazten ere, oso litekeena da horren ondotik tren zerbitzu hori Lapurdi eta Gipuzkoa artelko mugaraino heltzea.

Euskal Elkargoak gehiengo zabal batez –hautetsien %78k ezezko botoa eman zuen– egitasmoa diruztatzeko Parisek eta Bordelek luzaturiko eskaerari ez erantzutea erabaki zuen joan zen abenduaren 18an. Are, euskal hautetsiek aurrekontua ez zuten bozkatu ere egin.

Akitania Berria Eskualdeak, ordea, egitasmoa baieztatu zuen egun batzuk lehenago, abenduaren 13an, Bordelen.

Alta Pirinio Atlantikoen Departamendu Kontseiluak, berriz, bere behin-behineko onespena eman zion egitasmoari abenduaren 16an.

Hori dela eta, gaur goizean departamenduak bere erabakia ez dezan baieztatu eskatzeko ekintza burutu dute erakundeak Pauen duen egoitzan bertan Bizi! mugimenduko kideek.

Eskalatzaile batzuek «CG64 : à votre tour de dire NON à la LGV ! Treina maite dugulako, gelditu AHT» zioen 36m2ko banderola erraldoia zabaldu dute fatxadan.

Mugimenduak azaldu duenez, «AHT proiektu hau ez da beharrezkoa eta suntsitzailea da». Horretaz gain, oroitarazi du izugarri karioa izango litzatekeela lanak diruztatu behar dituzten kolektibitateentzat eta, nola ez, ingurumenarentzat.

«Zergadunen dirua tokiko garraioa hobetzeko erabiltzea galdetzen dugu, ez 6.300 hektarea lur suntsituko lituzkeen proiektu bat finantzatzeko», gaineratu du Bizik.

Hiru erakundek ezezkoa eman dute

Mugimenduak nabarmendu duenez, bai Euskal Elkargoak baita Akize Handiko Elkargoak eta Lot-et-Garonne-ko departamenduak proiektuaren kontra bozkatu dute. Alta, Pirinio Atlantikoetako departamendua, hainbat baldintza jarrita ere, momentuz proiektuaren alde agertu da.

Zehazki, egitasmoak hunkitzen dituen kolektibitate guztiek AHT proiektu horrekin bat egitea ezarri zuen baldintza bezala Paueko Kontseiluak.

Gaur gaurkoz, lehen aipaturiko hiru erakunde horiek egitasmoa sostengatzea errefusatu dutela oroitarazi eta AHT berria ez babesteko deia luzatu dio Bizik era ikusgarrian Pirinio Atlantikoen Departamendu Kontseiluari.

Biziren bozeramailea den Romain Dussaulten arabera, «Departamendu Kontseiluak proiektu honen kontra argiki eta behin betiko hautua hartu behar du, edo, alderantziz, publikoki bere gain hartu proiketua, egitasmoa finantzatzea onartzen badu».

Bozeramalean gaineratu duenez, « AHT proiektu hau arras jendartearen beharretarik kanpo da». Bere erranetan, «etxebizitza krisiak jadanik kaltetzen duen lurralde batean, AHT berri bati ezetz errateko arrazoi bat gehiago bada: AHT baten garapenak prezioen gorakada eta, ondoioz, etxebizitza aurkitzeko zailtasunak handitzen dituelako».