Iraide Ibarrondo

Gurutzetako Ospitaleko Larrialdi zerbitzuaren «egoera kritikoa» salatu dute langileek

Gurutzetako Larrialdietako Asanbladak deituta, erietxe bizkaitarreko 100 behargin baino gehiago batu dira ostegun honen arratsaldean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko atarian osasun sistemak pairatzen duen «egoera kritikoa» salatzeko.

Gurutzetako Larrialdietako Asanbladak deitutako mobilizazioa.
Gurutzetako Larrialdietako Asanbladak deitutako mobilizazioa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Erizainak, garbitzaileak, medikuak, fisioterapeutak, zeladoreak, X izpietako pertsonala … kolore guztietako uniformeak batu dira ostegun honetan Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko atariko elkarretaratzera. Bertan kontzentratu diren langileek, ehunetik gora, Osakidetzak eta, zehazki, Gurutzetako Larrialdi zerbitzuak pairatzen duen «egoera kritikoa» salatzea izan dute helburu.

Gurutzetako Larrialdietako Asanbladak oinarrizko hiru eskakizun plazaratu ditu: lehenik eta behin, Larrialdi zerbitzuko osasun profesionalentzako kalitatezko formakuntza egokia izatea; bigarrenik, asistentziaren protokolizazioaren bitartez lana dinamizatzea eta jarraitu beharreko pausoak estandarizatzea; eta, horiekin batera, osasun langile gehiago kontratatzea, behargin kopurua arreta eskaerari egokitzeko.

Halaber, kontzentrazioan salatu dute Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zerbitzuak pandemia iritsi aurretik dagoeneko ahuleziak zituela: «Larrialdi zerbitzuak urteak daramatza egoera kritikoan eta pandemiak zerbitzuaren gabeziak eta ahultasun latenteak azaleratu baino ez ditu egin, kalitate asistentzialaren kaltean».

Era berean, arazoa koiunturala izatetik urruti dagoela eta testuinguru berrira egokitu beharra dagoela azpimarratu dute. «Beharrezkoa da ulertzea bizi duguna gelditzeko etorri den errealitate bat dela eta, horregatik, egokitu egin behar gara, aldaketak egin, eta zerbitzuaren zein profesionalen beharrei erantzun», azaldu dute.

Horretaz gain, osasun langileek kritikatu dutenez, goi-instantziek «lidergo falta» izan dute eta jarraian «hobekuntza ekintzak» egiten ez direla eta sei covid olaturen ostean «inongo leziorik» ez dela ikasi erantsi dute. Frustrazio honen emaitza da elkarretaratzean erabilitako ‘Oso erreta gaude’ leloa.

«Goiko instantziek zerbitzura etortzen diren paziente kopuruari baino ez diote erantzuten, eta bizkarra ematen diote barrutik bizi den asistentzia-errealitateari», deitoratu dute Asanbladaren bozeramaileek.

Igandeko jardunari begira

Elkarretaratzea amaitu aurretik, iganderako ELA, LAB, CCOO, Satse eta UGTk Bilbon, Donostia eta Gasteizen deitutako manifestazioei atxikimendua adierazi diote Gurutzetako Larrialdietako Asanbladako kideek.

Hori horrela, igande honetan, Gurutzetako larrialdietako pertsonalak Osakidetzako osasun-etxe zein ospitaleek pairatzen duten «kolapsoa» salatuko dute hiru hiriburuotan.