Asier Aiestaran

Aritz Erkiaga eta Jon Zabala dira Jai Alai Winter Series txapelketako irabazleak

Bizkaitarrek final bikaina jokatu dute Gernikan, beren mailarik onena ematerik izan ez duten Goikoetxea eta Aimar bi jokotan menderatuz (7-15 eta 12-15). Pilotalekua leporaino bete da gaur ere eta, emozio apur bat falta izan den arren, merezitako amaiera izan du lehiaketa arrakastatsu honek.

Erkiaga eta Zabala, txapelak buruan jantzita, irribarretsu garaipena ospatzen
Erkiaga eta Zabala, txapelak buruan jantzita, irribarretsu garaipena ospatzen (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aritz Erkiaga eta Jon Zabala dira zesta puntako Jai Alai Winter Series txapelketako irabazleak, finalean Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal 0-2 menderatu ostean. Urdinek final bikaina jokatu dute berriz ere leporaino bete den Gernikako Jai Alai pilotalekuan, baina ikuskizunerako zoritxarrez gorriek ez dute beren mailarik onena eman.

Batez ere lehen jokoa izan da zaleak pilota gosez utzi dituena. Final parekatua espero zen gaur egungo bi aurrelari onentsuenen artean eta txapelketa honetara oso maila onean iritsi diren bi atzelarien artean. Baina lehen setean goitik behera nagusitu dira Erkiaga eta Zabala.

Bizkaitarrek 0-4ko partzial batekin ekin diote demari, eta ia jarraian 1-11 aurreratu dira markagailuan. Aritz Erkiaga aurrean asko asmatzen hasi da, Zabala ere oso seguru ibili da atzean, eta gorriei aldiz kosta egin zaie partidan sartzea. Partidako lehen tantoa, adibidez, Goikoetxeak gora bidalitako pilota batekin iritsi da, eta hortik aurrera ere konfiantza askorik gabe aritu da zumaiarra.

Setaren bukaera aldera bere onera etortzen joan dira gorriak, baina zuloa jada oso handia zen eta lehen jokoa 7-15 amaitu da. Edonola ere ez zaie meriturik kendu behar Erkiaga eta Zabalari. Ispasterreko aurrelariak hiruzpalau tanto bikain sinatu ditu, jendea aulkutik altxatzen dituen horietakoak, eta Markinako atzelariak txapa gainean moztutako beste bi tanto ikusgarri ere egin ditu, zaleen gozamenerako.

Bigarren jokoak denetik izan du

Gertatutakoa ahaztu eta bigarren jokoan egoera iraultzea zen Goiko eta Aimarren erronka, eta hein handi batean lortu dute, nahiz eta azkenean urdinak izan diren berriz ere 12-15 nagusitu direnak. Baina ikuskizuna oso desberdina izan da: parekotasun handia izan du setak eta Goikoetxeak ere egin ditu bizpahiru erremate bikain.

Parekotasun horren barruan, finaleko tentsioa ere nabaritu da, 5-7koan adibidez. Epaileak Zabalari falta adierazi dio xisterarekin pilota ikutu duelakoan, baina telebistako errepikapenean argi ikusi da ez dela horrela izan. Atzelari urdina kontu esker hurbildu zaio, baina azkenean ez du eraginik izan.

Bideotekarako, berriz, Erkiagak 9-12koan errebesez ia lurretik bota duen horma-bikoa gorde behar. Goikoetxea ez da iritsi eta zumaiarrak berak ere txalotu egin du aurkariaren tantoa.

Partida amaieran, gazteago izaki, Jon Zabala izan da garaipena gehien ospatu duena. «Beldurtuta etorri naiz frontoira, baina iritsi eta publikoa ikusi dudanean lasaitu egin naiz eta esan dut, ‘hau gozatzeko eguna da’. Horretan saiatu naiz eta ongi irten da», adierazi du atzelariak.