NAIZ

EAEko gazte gehienek interesa daukate Ukrainako gerraren inguruan

Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkesta baten arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteen %86,8k interesa dauka Ukrainako gerraren inguruan. Horietatik %61,2k egunero edo ia egunero jarraitzen dituzte gaiaren inguruko albisteak.

Ukrainako gerraren aurkako manifestazioa Bilbon.
Ukrainako gerraren aurkako manifestazioa Bilbon. (Raul BOGAJO | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteen %90 inguruk interesa dauka Ukrainako gerraren bilakaeran, eta %61,2k albisteak jarraitzen ditu egunero edo ia egunero. Lakuako Gazteen Euskal Behatokiak 15 eta 30 urte bitarteko 4.000 gazteei martxoan egindako inkesta batek jasotzen ditu datu hauek.

Informatuta mantentzen diren gazteen artean telebista da hedabide nagusia, %78k bide horretara jotzen baitu. Prentsa dago atzetik, %51,2 batekin eta sare sozialek hartzen dute gainerako ehunekoa. Galdekatutako gazteen %40,1ek Twitter bidez jasotzen du informazioa eta Instagram, %40k erabiltzen du. Hala ere, gehienek sare sozialetatik jasotakoa kontrastatzen dute: %28,1ek beti eta %53,3k batzuetan.

EAEko gazteen %34,9k arropa, diru, elikagai edota sendagaien dohaintza egin du Ukrainatik ihes egiten duten errefuxiatuentzat. %17,1ek gerraren aurkako eta giza eskubideen aldeko eskaeraren bat sinatu du eta %9,9k gatazkaren kontrako mobilizazio edo manifestazioetan parte hartu du.

Lakuako Gobernuak errefuxiatu ukrainarrei laguntzeko izena emateko martxan jarritako helbide elektronikoaren inguruan galdetuta, %20ak ezagutzen duela adierazi du.

Europako Batasunari dagokionez, galdetutako %58k deritzo «ondo egiten ari dela alderdi batzuetan eta gaizki beste batzuetan» eta gatazkaren kudeaketan gazteek eman dioten batez besteko nota 4,4 izan da, 10etik.

%72,3 ados dago Ukrainatik EBrantz ihesean dabilenei errefuxiatu bereziaren estatutua ematearekin. Bestalde, parte hartu duten gazteen %67,4 Errusiari ekonomia eta finantza zehapenak ezartzearen aldekoa da, eta %59,4 ados dago Errusiako airelineei Europako aireko espazioa ixtearekin.

Armak Ukrainari emateko finantzaketaren inguruan galdetuta, %36 ez dago ados, %31 bai eta %31k ez daki edo ez du erantzun. Azkenik, gatazkak Ukraina Europako Batasunarekin lotuko duen ala ez itaunduta, erantzunak parekatuta daude: %35,7k baietz uste du, %35,3k ezetz eta %28,9k ez daki edo ez du erantzun.