Arnaitz Gorriti

Play-offetarako aukeren bila jokatuko du Kutxabank Araskik Zaragozaren aurka

Lau partida falta zaizkio talde gasteiztarrari Ligako Fase Erregularra amaitzeko. Nahiz eta 10-16 balantzea duen, zazpigarren doan Kanaria Handiak baino garaipen bat gutxiago dauka bakarrik. Zapatuan 18.30etan, berriz, Zaragoza, lehiaketako seigarrena izango du aurrean Mendizorrotzan.

Kutxabank Araskiko Gracia Alonso, Lointek Gernika Bizkaiaren aurkako pasa den derbian.
Kutxabank Araskiko Gracia Alonso, Lointek Gernika Bizkaiaren aurkako pasa den derbian. (Raul BOGAJO / FOKU)

Kutxabank Araskik nahi baino atseden luzeagoa hartu behar izan du martxoko egutegi betearen ondotik. Estudiantesen aurka jasan zuen «lapurreta» huraz geroztik jokatu gabe dago talde gasteiztarra. Madelen Urietarenak Mendizorrotzara itzuliko dira zapatu honetan, 18.30etatik aurrera, eta kontrario Basket Zaragoza izango dute, gasteiztarrek play-offetara sailkatze bidean izango duten azken aukeretako baten.

Izan ere, arabarrak Endesa Ligako sailkapeneko hamaikagarren postuan daude, 10-16 balantzearekin. Zazpigarren postuan doan Kanaria Handiarengandik garaipen bakarrera daude, hala ere eta ondorioz, oraindik ez da ezinezkoa Fase Erregularra aurreneko zortziretan amaitu eta titulurako kanporaketetara sailkatzea. Esan gabe doa hamaigarren postutik, gutxienez, zortzigarrenera eman beharreko jauzi horrek Fase Erregularra amaitzeko falta zaizkion lau neurketak guztiak edo gehienak irabazi beharko dituela, eta aurkariren batzuek kale ere egin beharko dutela.

Esan liteke Zaragozako taldea ez dela dagoeneko gasteiztarren aurkari zuzena. Hartuko lukete, bai noski, Madelen Urietarenek Zaragozak egun duen 14-11 balantzea. Garaipen kopuru horri esker seigarren postuan daude Aragoikoak eta Kopan ere erakutsi zuten badutela jokoa, Valentzia Basket bera ere estu hartu baitzuten final-laurdenetako lehian.

Alabaina, arabarrak ez daude zein partida irabazi eta zein ez aukeratzeko. Mailaz jaisteko postuak ere ez daude hain urruti, baina azken orduko urduritasunak kentzea ez ezik, azken jardunaldietan ez hitz ez bero aritzea ez da batere mesedegarria. Iaz bertan ikusi zen, bai Kutxabank Araski berarekin eta baita Zaragozarekin ere, talde biak Top 8tik at geratu eta denboraldia oso luze egin zitzaiela.

Gasteiztarrek iazko lepo beretik daramate burua, baina oraindik badute ibilbidea zuzentzeko astia. Aragoikoak, ordea ez. Iaz inbertsio handia eginagatik oso maila eskasa eman zuen Zaragozako taldeak, baina aurten askoz finago dabil. IDK Euskotrenetik joandako Lara Gonzalez eta Antonia Delaere maila polita ematen ari dira eta Vega Gimeno hegal-pibot valentziarra, aldiz, bere bizitzako denboraldirik onena ari da jokatzen. Bestalde, 2020/21 denboraldiko aurreneko erdia Gasteizen eman eta handik Zaragozara joan zen Anna Cruz ere, aurten askoz maila hobea eskaintze ari da, bere garairik onenetik –WNBAko txapeldun izan zen garaitik, alegia– oso urruti badago ere.

Ezin da ahaztu, bestalde, pasa den denboraldian Kutxabank Araski eta Zaragozaren arteko Mendizorrotzako lehia bi egunetan jokatu zela. Izan ere, atsedenaldiaren ostean Zaragozako jokalari baten PCR positiboaren berri eman zuen Aragoiko taldeak. Handik gutxira jakin zen positibo faltsu bat izan zela, baina hala ere partida 2020ko azaroan hasi eta abenduan amaitu zen, gasteiztarren garaipenarekin.

Kirol azpiegitura

Larunbateko neurketa «berezia» izango dela dio Kutxabank Araskiren webguneak. Izan ere, partida hasi aurreko minutuetan klub gastaiztarrak bere «kirol azpiegitura» osoa aurkeztu eta omenduko du. Orotara, 215 neska inguru bilduko dira Araskirekin hitzarmena egin duten Gasteizko eskola ezberdinetako jokalarien eta, halaber, gasteiztarrekin hizarmena sinatuta duten Urgatzi, Sugarrak Laudio, Zaraobe eta Eskoriatza klubetako jokalarien artean.

Hargatik, Kutxabank Araskik garaipena eskaini nahi lioke bere oinarri zabal guzti horri, zale guzti horiek baitira gero Emakumeen Ligan talde arabarra hauspotzen dutenak.

IDK Euskotren eta Lointek Gernika Bizkaiari buruz, berriz, etxetik kanpora jokatuko dute biek ala biek. Donostiarrek Leganesek kantxan jokatuko dute igandean 18.00etan hasita. Bizkaitarrek, berriz, Bierzo aldean jokatuko dute, Benbibreren etxean, astelehenean, 19.00etan hasita.

Atzeratutako neurketak eta play-offak

Bestalde, Espainiako Saskibaloi Federazioak –FEBek–, jokatzeko falta diren Fase Erregularreko neurketen datak eta play-offetako egunak ere zehaztu ditu.

Data zehatzik ez zeukan neurketa bakarra Lointek Gernika Bizkaiak eta Gironak Malosten jokatu behar dutena da. Bere garaian bertan behera geratu zen, talde katalanak Euroligako final-laurdenetako kitarako partida jokatu behar zuelako. Bada, hilaren 19an edo 20 jokatuko dela adierazi du FEBek, baina erabakitzeke dago oraindik.

Ikusi egin behar gernikarrek Gironaren aurkako dema baliatzen duten ala ez Naiara Diez jokalari ohiari agur omenaldia egiteko. Altsasuko eskoltak iaz laga zuen saskibaloia eta Malosteko jendearen aurrean ezin izan zuen agurrik esan artean zaleak sartzeko muga larregi zegoelako.

Gironaren aurkako dema baliatu behar zuten bizkaitarrek eskolta nafarrari omenaldia egin eta «6» zenbakiarekin zerabilen kamiseta Malosteko sapaitik eskegitzeko. «Egun berria aproposa dela eta lanari lotuta, Naiarak berak posible badu, aurten bertan egingo diogu omenaldia», adierazi du asteon gai honi buruz Gerardo Candina Gernika Saskibaloi Elkarteko presidenteak.

Play-offei dagokienez, ia ziur IDK Euskotren Top 8 horretan egongo dela. Are gehiago, donostiarren helburua lehiaketa aurreneko bosten barruan amaitzea da datorren denboraldian Eurocupean jokatu ahal izateko. Bestalde, ikusi egin behar falta diren partidak jokatuta Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik ere Top 8 horretan sailkatzerik duten. Lortu edo ez, azkenera arte inguruan ibiliko direla bistan dago.

Hala, gogoan izan behar da Ligako play-offen formatua iazkoaren berbera izango dela; hau da, final-laurdenetan eta finalerdietan joaneko eta itzuliko neurketak jokatuko direla –itzulerako partida «kantxa faktorea» alde duen taldearen etxean– eta puntu aldeak erabakiko duela zeinek egin aurrera baldin eta taldeek garaipen bana lortuko balute. Play-off eskema «klasikoa» finalean bakarrik erabiliko da, gehienez hiru partidatara jokatuko delarik.

Hala, final-laurdenetako joaneko neurketak hilaren 24an jokatuko dira eta 28an itzulerakoak. Baldin eta finalerdietan euskal talderik balego –iaz Lointek Gernika Bizkaiak lortu zuen moduan, edo bere garaian Kutxabank Araskik egin zuen antzera– maiatzaren 1an eta 5ean jokatuko dira joaneko eta itzuliko neurketak.

Emakumeen Ligako finala, berriz, maiatzaren 8an hasiko da eta bigarren partida 12an jokatuko da. Kitarako lehiarik beharko balitz, maiatzaren 15ean jokatuko litzateke hirugarren eta azken neurketa.