NAIZ

Jakes Esnal eta Ion Parot presoen askatasunari buruzko auziak, maiatzean

Baldintzapeko askatasuna lortzeari begira Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal lapurtarrek bideraturiko eskaerak aztertuko ditu frantses Justiziak maiatzaren 13an, lehenaren kasuan, eta maiatzaren 19an, bigarrenean. Bakegileek mobilizazio berriak deitu dituzte adineko bi presoen etxeratzea butzatzeko.

Jean-Daniel Elixiri bakegileak hitza hartu du gaur Baionan eginiko agerraldian.
Jean-Daniel Elixiri bakegileak hitza hartu du gaur Baionan eginiko agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Iragan apirilaren 8an ETA erakundearen armagabetzearen bosgarren urtemuga bete zen. Egun batzuk soilik lehenago Ion Kepa Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haranburu kartzelan sartu zituztenetik 32 urte bete ziren.

Lehenengo biak oraindik ere kartzelan daude, hirugarrena, berriz Lannemezango kartzelatik atera zen, 2020ko azaroan, baldintzapeko askasuna lortuta.

Bake Bidea elkarteak eta bakegileek gaur Baionan eginiko agerraldian nabarmendu dutenez, espetxean jarraitzen duten Esnal eta Parotentzat «egiaren unea» heldu da.

Maiatzean zehar biak ala biak auzitegietara so izanen dira. Maiatzaren 13an audientzia izanen du Ion Kepa Perotek eta maiatzaren 19an, berriz, Jakes Esnalen dosierra aztertua izanen da.

Baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera mahaigainean da, berriz ere, adineko bi preso hauentzat.

Audientzia horiek 70 urte beteta dituzten militanteen etorkizuna markatu dezaketela jakitun, data zehatz horietan elgarretaratzeak deitu dituzte bakegileek.

Manifestazio handia, ekainaren 11an

Bestalde, ekainaren 11an, manifestazio handia antolatzeko erronka finkatu dute aipaturiko  bi eragileek. Hain zuzen Parot eta Esnalen auziei buruz Justiziak harturiko erabakiak data horren inguruan ezagutzea espero delako.

«Lurralde honen ainiztasunaren adierazpen masiboa eta bake prozesu honen aldeko engaiamendu anitza eta aintzinatze beharraren erakusle izan nahi duen» gizarte mobilizazioa egiteko nahikeria azaldu dute Bake Bideak eta Bakegileek.

Heldu den igandean iraganen den frantses Presidentezarako bozetako bigarren itzuliari zein heldu den ekainean egiten dituzte boza legegileei begira jarri dira, bestalde, aipaturiko bi eragilek.

Mezu argia pasatu nahi izan dute. Hala oharrarazi duenez, ez dira prest ondoko frantses presidenteak eta bere gobernuak «axolagabekeriaz jokatzeko euskal presoen egoerarekin».

«Frantziako hauteskunde nagusien bezpera honetan, hautetsi izango direnek, bake prozesua aintzinarazteko dagoen urgentziari neurria hartu behar diote eta hauen agendan lehentasunez sartu», nabarmendu dute. Gauzak horrela, eledun berriei «gizarte zibilak Euskal Herrian dituen balio demokratikoekiko atxikimendua adierazi behar dutela, argi eta garbi» iradoki dute bakearen alde jarduten duten eragileek.

Lurraldea blokeatzeko prest, erantzun baikorra ez bada

Emmanuel Macronen Gobernuak azkenaldian agerturiko «inertzia eta isilasuna» hausteko xede desobedientziaren bidean sakontzeko borondate irmoa dutela agerian jarri nahi izan dute Bakegileek eta Bake Bideak. Orain arte lau ekintza burutu dituzte. Mobilizazio ikusgarriena hilabete hasieran gertatu zen.

Oroitzearren preso lapurtarrak gatibu hartu zituzten 32. urtemuga betetzen zen apirilaren lehen asteburuan Biarritzeko Zerga-Etxea okupatu zuten, ostiral batez eta biharamunean ordu erdiz A63 autobidea moztu zuten.

Ez direla horretan geratuko, eta ondoko astetan «ekintza horien inpaktua eta garrantzia» areagotzera joko dutela azaldu dute gaurk agerraldian.

Iragan apirilaren 2an jakinarazi zutenez, erantzun baikorrak ez badira "Argala komandoko" kideentzat, blokeoa orokortzeko parioa eginen dute.

Dagoeneko gaur zerbait gehiago zehaztu dute egitasmoari buruz. Hedabideen aurrean «Ipar Euskal Herri osoa blokatzeko ekintza bat» iragarri dute udarako.