NAIZ

Pep Guardiola eta Carlo Ancelotti, Txapeldunen Ligako zazpi magnifikoetako bi

Astearte honetan Manchester Cityk eta Real Madrilek finalerdietako joaneko partida jokatuko dute Etihad Stadiumean (21.00). Bi taldeetako entrenatzaileek badakite zer den Europako garaikur hau irabaztea, bai jokalari eta bai prestatzaile bezala, beste bost futbolari ohiekin batera.

Carlo Ancelotti Real Madrileko prestatzailea Txapeldunen Ligako partida bat gidatzen.
Carlo Ancelotti Real Madrileko prestatzailea Txapeldunen Ligako partida bat gidatzen. (Glyn KIRK | AFP)

Askok diote Txapeldunen Liga mundu mailan dagoen futbol lehiaketa onena dela, beti ere taldeak kontuan hartzen baditugu; Eurokopa edo Mundialak –selekzioek parte hartzen dute bertan– alde batera utzita, alegia.

Beraz, dudarik ez dago garaikur hau irabaztea ez dela batere erraza. Real Madrilek 13 aldiz irabazi du txapelketa eta, beraz, Europako erregea bezala ezaguna da. Aurten, finalerdietatik kanpo geratzeko oso gertu egon zen talde madrildarra, baina lehiaketa honekin duen amodioak ekidin zuen. Chelsea iazko txapelduna kanporatu zuen, final-laurdenetako itzuleko partidan, luzapenean.

Orain Manchester City izango du aurkari. Joanekoa astearte honetan jokatuko da Etihad Stadiumean (21.00). Aulkietan elkar ondo ezagutzen duten Pep Guardiola eta Carlo Ancelotti egongo dira. Biek ala biek inork bezain ondo dakite zer den Txapeldunen Liga irabaztea. Baina ez entrenatzaile bezala bakarrik; jokalari bezala ere. Hau da, zazpi magnifikoen talde apartan daude, beste bost futbolari ohiekin batera.

Carlo Ancelotti, gaur egun Real Madrilen, bi aldiz altxatu zuen garaikurra jokalari bezala, eta biak Arrigo Sacchik gidatzen zuen Milanen (1989 eta 1990). Ondoren, behin futbola utzi zuenean, talde beraren gidaritza hartu eta 2003 eta 2007an irabazi zuen Txapeldunen Liga. Ez hori bakarrik, Real Madrilen bizitako lehen etapan, beste behin altxa zuen garaikurra, 2014koa alegia.

Oso gutxik esan dezakete entrenatzaile bezala hiru aldiz irabazi dutela Europako txapelketa onena. Ancelottirekin batera, Bob Paisley eta Zinedine Zidane agertzen dira zerrenda horretan.

Pep Guardiola Manchester Cityko prestatzailea, Real Madrilen aurkako atarikoaren prentsaurrekoan. (Oli SCARFF/AFP)

Pep Guardiola Manchester Cityko entrenatzaileak, berriz, hiru aldiz irabazi du Txapeldunen Liga: bat jokalari bezala Bartzelonan zegoenean (1992) –Johann Cruyffek zuzentzen zuen talde katalanaren lehen garaikurra zen Europan– eta beste bi prestatzaile bezala, hauek ere Barçaren gidaritzapean (2009 eta 2011).

Johann Cruyff aipatuta, 2016an hildako herbeherearrak lau Txapeldunen Liga ditu bere palmaresean: hiru jokalari bezala Ajaxen zegoenean, eta hiruak segidan (1971, 1972 eta 1973), eta beste bat Bartzelonako entrenatzailea zela (1992koa).

Askorentzat, Cruyffek futbola aldatu zuen. 1972ko finalean bi gol sartu zituen Ajaxekin eta ondoren, prestatzaile bezala, estilo bera finkatu zuen talde katalanean, historiako lehen Txapeldunen Liga irabazteko Ronald Koemanek faltaz lortutako golari esker.

Barçarekin lotura handia izan duen beste gizon bat Frank Rijkaard izan da. Jokalari bezala hiru garaikur altxa zituen, bi Milanekin (1989 eta 1990) eta Carlo Ancelotti taldekide izanda –zelai erdia konpartitu zuten biek bi finaletan–, eta beste bat Ajaxekin (1995), futbolari bezala bere azken partidan eta Milanen aurkako finalean.

Urte batzuk geroago, prestatzaile bezala, Barçarekin fitxatu zuen eta Leo Messi ondoren izar mundiala izango zenari debuta egiteko aukera eman ostean, 2006an altxa zuen garaikurra Bartzelonarekin.

Lehen aipaturiko Zinedine Zidanek beste lau alditan irabazi du txapelketa hau. Futbolari gisa Juventusekin 1997 eta 1998ko finalak galdu ostean bakarra badu ere (2002koa, Real Madrilekin eta inork ahaztuko ez duen gol ikaragarri bat sartuta), entrenatzaile bezala beste hiru lortu ditu, denak Madrilgo talde zuriarekin eta gainera jarraian (2016, 2017 eta 2018).

Zazpi magnifikoen taldean aipatu behar diren azken bi izenak Miguel Muñoz eta Giovanni Trapattoni dira. Espainiarrak lau Txapeldunen Liga ditu, bi jokalari bezala (1956 eta 1957) eta beste bi prestatzaile gisa (1960 eta 1966), eta denak Real Madrilekin.

Trapattoni italiarrak, aldiz, hiru ditu bere palmaresean: bi jokalari bezala Milanekin (1963 eta 1969) eta beste bat prestatzaile gisa Juventusekin (1985).

Txapeldunen Ligako finalerdietako datu guztiak ezagutzeko, NAIZeko wegbune berezira jo.