Boza legegileetako hiru hautesbarrutietan ingurumena eta etxebizitza defendatuko ditu EHBaik

Ekainaren 12an eta 19an izanen diren boza legegileetako hiru hautesbarrutietan hautagaiak aurkeztu ditu EHBai koalizioak Biarritzen. Aurpegi berriak ezagunei gehitu zaizkie trantsizio ekologikoa eta lurra eta etxebizitza ardatz nagusi izango dituen kanpainan.

Euskal Herria Bai koalizioak bere hautagaiak aurkeztu ditu Biarritzen.
Euskal Herria Bai koalizioak bere hautagaiak aurkeztu ditu Biarritzen. (NAIZ)

Euskal Herria Baik hauteskunde legegileetan aurkeztuko dituen hautagaiak nortzuk izango diren eman du ezagutzera Biarritzen astearte honetan. Ekainaren 12an eta 19an izanen diren bozetan hiru hautesbarrutietan kandidatuak izanen ditu koalizio abertzaleak, eta kanpaina honetan trantsizio ekologikoa eta lurra eta etxebizitza izanen dira gai nagusiak.

Bide horretan Parisen Ipar Euskal Herriaren ahotsa defenditzen duten diputatuak segurtatzea garrantzitsua dela baieztatu dute: «Azken bost urteetan, Korsikako hiru diputatuek zein Paul Molacek erakutsi bezala, garrantzitsua da bertakoen interesak defendatuko dituzten diputatuak lortzea». Honela, kanpainian ‘Gure esku’ leloa zabaldu nahi dute.

Hautagaiak

Aurpegi ezagunekin batera orain arte ezezagunak zirenak aurkeztu dira hauteskunde hauetan. Laugarren hautesbarrutian Egoitz Urruticoechea eta Terexa Lekumberri, biak Euskal Herriaren, euskal kulturaren eta euskararen alde egindako lanarengatik elaireak direnak.

Mathilde Hary eta Sylvain Aimé izanen dira bosgarren hautesbarrutian. Lehena Baionan bizi den langile soziala da, eta bigarrena Bastidan bizi den laboraria, zirkuitu laburrean soilik ari dena.

Seigarren hautesbarrutian Peio Dufau eta Françoise Gallois izanen dira hautagaiak. Dufau ezaguna da tren-langile gisara sindikalki eramaten duen borrokagatik, eta Ziburuko Herriko Etxean zinegotzia izateagatik. Gallois Uztaritzeko Herriko Etxean axuanta da, eta Euskal Elkargoko hautetsia.

Kanpainia

Oinarrizko gaiak iragan berri diren lehendakaritzarako hauteskundeetan ez direla eztabaidatu nabarmendu dute, horregatik sinesgarriak diren aukera batzuk aurkeztuko dituzte «tokiko kanpaina eramanez, non biztanleriatik ahalik eta hurbilen» izanen diren.

Bi ardatz nagusiez gain bizitza duina izateko eskubidea eta askatasun indibidual eta kolektiboaren alde borrokatuko direla adierazi dute. Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako bidean bake justu eta iraunkorra aldarrikatuko dute eta euskara ere bada beste gai garrantzitsua koalizioaren ustez, «gure nortasunaren funtsa baita».

Covidak eta Ukrainako gerrak «egungo jendarteen ahulezia erakutsi» dutela baieztatu ondoren, EHBairen aldeko bozka ematea eskatu dute, «elkartasunean, justuagoa eta iraunkorragoa izan nahi eta izan behar duen gero bat eraikitzeko».

Ezkerren elkarketa

Lehendakaritzarako hauteskundeetan ezkerreko alderdiek izan duten emaitzak kontuan hartuz, ezkerrak elkartzeari buruzko gogoeta zabaldu du. EHBaik ez du dinamika horrekin bat egiten, elkarrizketak izatekotan lehenago izan behar zirela adierazi du Dufauk, eta argiki adierazi du: «Hemen EHBai aurkeztuko da».

Koalizioaren xedea Ipar Euskal Herriarentzako aritzea da, eta beste alderdietakoetan ez dela hori beti lehentasuna, eta zentzu horretan gaineratu du: «Ipar Euskal Herriko norbait izatea nahi dugu, gure modeloa Parisera eraman dezan guk gure eskuekin egin duguna».