NAIZ

LGTBI+fobia detektatzeko eta saihesteko politika publiko eraginkorrak eskatu dituzte

Bilboko gizonezko homosexualen hilketengatik kezka agertu dute Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren Kontrako Behatokiak, Kataluniako Homofobiaren Kontrako Behatokiak eta Estatuko Trans Plataformak. Ikerketa zorrotza eta LGTBI+fobia saihesteko politika publiko eraginkorrak eskatu dituzte.

Donostiako elkarretaratze bat LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira.
Donostiako elkarretaratze bat LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Kataluniako Homofobiaren Kontrako Behatokiak, Estatuko Trans Plataformak eta Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren Kontrako Behatokiak «erabat gaitzetsi» dituzte Bilbon gizon homesexualen hilketen albisteak. Informazio horiek «kezka» sortu dute beren kolektiboan.

«Erasotzaileak ligatzeko aplikazio bat erabiltzen zuen ustezko delituak egin ahal izateko, zeinetan gizon gay edota bisexualak diren profil gehiengoa. Kolektibo bezala enfasia honako honetan jarri behar dugu: aldez aurretik pentsatutako estrategia honen logikaren baitan, aplikazio hauek erabiltzea zegoen, erabiltzaileen erabateko ezagutza osoarekin, geroago haren modus operandia aurrera eramanez, sumisio kimikoaren bitartez heriotza eragin arte. Azken helburu bezala, lapurreta gauzatzen zuen», adierazi dute taldeek ohar baten bitartez.

Baina haien ustez, «beste ezeren gainetik», kontuan izan behar da sexualitatea adierazteko askatasunak erabatekoa izan behar duela, inolako diskriminazio edota erasorik jasateko arriskurik gabe.

«Ezin ditugu birbiktimizatu bizia galdu duten pertsonak, eta are gutxiago gertatutakoaren errua haiei bota. Espazioak atseginak eta seguruak izan behar dira gure nahiak adierazteko, eta ez ordea LGTBI+ kolektiboarekiko estigmatizatzaileak», azaldu dute.

Talde hauek gaitzetsi egin dute komunikabideetan biktimen bizitzaren kutsu morbosoa duten gertakariak agertzea, «are gutxiago haiek identifika daitezkeen irudirik, edota haien senide zein ingurukoen irudirik».

«Ez dugu utzi behar horren dramatikoak eta kezkagarriak diren eta gizarte osoan larritasuna eragin dezaketen gertakariak hutsaltzea», gaineratu dute.

Hilketei buruzko ikerketa zorrotza eskatu diote Poliziari. Gainera, LGTBI+fobia saihesteko, detektatzeko eta esku hartzeko politika publiko eraginkorrak egin ditzatela eskatu dizkiete erakunde publikoei.

Kriminalizazioa salatu du Ehgam-ek

Ehgam plataformaren iritziz, Bilbokoak hilketa homofoboak direnik oraingoz jakiterik ez dagoen arren, kezkagarria da gertaera hauen ondotik gailendu den erantzuna, «instituzioen isiltasuna» konplize. Borja Muñoz Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapenerako Mugimenduko kidearen iritziz, LGTBI+ kolektiboko kideak «kriminalizatu» dira ligatzeko aplikazioak erabiltzeagatik eta, bere ustez, badirudi ustez gaindituta zeuden diskurtso batzuk berpizten ari direla orain. «Ematen du berriz ere eztabaidagarria dela, adibidez, ea aniztasun sexuala ideologia bat den», salatu du.

Zentzu horretan, ez dago ados LGTBI+ Euskal Behatokiak asteartean zabaldu zuen mezuarekin. «Lige-aplikazioak erabiltzen dituzten pertsonei» zuzenduta, gomendatu zuen «babes-neurriak har ditzatela eta jakin dezatela haien erabilerak era guztietako eraso eta indarkerietan eragin ditzakeela». Mezu «alarmista, diskriminatzailea eta kriminalizatzailea» dela iritzi dio Muñozek.

Bilboko hilketak ikertzeko galdegin die Ehgam-eko kideak instituzioei, baina, horrekin batera, «morbotik ateratzea» eta «gertaeren atzean dagoenari», hau da, homofobiari erreparatzea beharrezkoa deritzo. Instituzioek «erabaki ausartak» hartzeko momentua dela dio, «honaino» esateko.