Maite Ubiria

Kartzelan 32 urte daramatzan Ion Kepa Parot gatibu atxikitzearen alde azaldu da Fiskaltza

Pariseko Zigor Aplikaziorako Auzitegiak Ion Kepa Parot presoak aurkezturiko seigarren baldintzapeko askatasun eskaera aztertu du gaur. Fiskalak argudiatu duenez, «goizegi da» kartzelan 32 urte daramatzan presoari baldintzapeko askatasuna emateko. Erabakia ekainaren 15ean jakinaraziko du auzitegiak.

Ion Kepa Parot, 2018an bere amaren aldeko hiletetara joan zenean eginiko argazki batean.
Ion Kepa Parot, 2018an bere amaren aldeko hiletetara joan zenean eginiko argazki batean. (Isabelle Miquelestorena)

Kartzelan 32 urte daramatzaten Ion Parot eta Jakes Esnal presoek hitzordu garrantzitsuak dituzte hilabete honetan, bi euskal herritarrek aurkezturiko baldintzapeko askatasun eskaerak aztergai izanen dituztelako frantses Justiziak.

Ostiral honetan Pariseko Zigor Aplikaziorako auzitegiak Ion Kepa Parot presoak aurkezturiko seigarren baldintzapeko askatasun eskaera aztertu du.

Jakes Esnal preso atxikitzearren fiskalak baliaturiko argudioak deuseztatzeko xede, lohizundarraren defentsak kasazioan aurkeztu zuen helegitea onartua izan ondoren, bere bigarren askatasun eskaera horri heldu beharko dio berriz ere auzitegiak, hilaren 19an.

TAP delakoan izan den audientzian, Ion Kepa Paroten askatasun eskaera sostengatzeko txostena azaldu du haren defentsak. Heldu den igandean, maiatzak 15, 71 urte beteko ditu Parotek.

Adina eta osasunaren gaineko argudioekin batera kartzelatik aterako denean Parotek izanen duen insertzio proiektuaren sendotasuna nabarmendu du.

Izan ere, fiskala bere ohiko jarrerarekin jarraituz, Ion Kepa Parot espetxean jarraitzearen alde azaldu da.

Bere esanetan, «goizegi da» 1990. urteaz geroztik kartzelan dagoen presoari baldintzapeko askatasuna emateko.

Hala jakinarazi du Bake Bideak ohar batean: «Fiskaltza Nazional Antiterroristak, Euskal Herriko egoera politikoa mespretxatzeaz gain, Ion Kepa Paroten askatasunaren kontra agertu da, bere ateratzea goizegi zela argudiatuz».

Azken hilabeteetan, «momentuaren garrantziaz» ohartarazi dute frantziar Gobernua mugiarazteko desobedientzia ildoa garatzen ari diren eragileek.

Hori dela eta, Parot eta Esnalen eskaerak aztertzeko bi audientzien egunetan elkarretaratzeak antolatu dituzte.

Gaur 19.00etan elkarretaratzea izan da Baionako Herriko Etxearen aitzinean eta «mespretxu horri desobedientziaren bidez» erantzungo dutela adierazi dute. Hilaren 19an, berriz,  Donibane Lohizuneko XIV plazan eman due hitzordua tenore berdinean.