NAIZ

Araba Bizirik mugimenduak Gasteizko kaleak hartu ditu Tapia Legearen aurka

Araba Bizirik mugimenduak Tapia Legearen aurkako manifestazioa burutu du Gasteizen larunbat honetan. «Eta orain Tapia II Legea ezarri nahi digute, proiektu pribatuak ere ahalbidetzeko», salatu dute.

Manifestazioak Gasteizko erdiguneko kaleak zehakatu ditu.
Manifestazioak Gasteizko erdiguneko kaleak zehakatu ditu. (Endika PORTILLO | FOKU)

Araba Bizirik mugimenduak deituta jendetza bildu da Gasteizko erdigunean Tapia Legeari ezetz esateko: «Lege hau atzeko atetik onartu du Eusko Jaurlaritzak. Proiektu publikoetan ingurumenari eta lurraldearen antolamenduari buruzko araudia ekiditea du helburu. Eta orain Tapia II Legea ezarri nahi digute, proiektu pribatuak ere ahalbidetzeko. Ez dugu onartuko!».

«Lege horiek, gainera, udalek eta kontzejuek beren lurraldeei buruz hartzen dituzten erabakiak baliogabetzea dakarte. Horrela, modu autoritarioan zentralizatzen eta urruntzen dituzte erabakiguneak. Herri gisa mendeetan zehar mantendu dugun antolatzeko modua, lurrari eta gure sinesmenei lotuta dagoena, bat-batean kendu nahi digute», gaineratu dute.

Joan den asteartean azaldu zuten bezala, martxan jarri nahi diren zentral eolikoak, fotovoltaikoak eta goi-tentsioko lineak kritikatu zituzten urriaren 23an Gasteizen egindako mobilizazio jendetsu batean. Eta, salatu zutenez, «mehatxu horiek areagotu egin dira hilabete hauetan, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz».

Orduan, «energia enpresa handien eta inbertsio funtsen mesederako soilik diren estrategiaren bi adibide» aipatu zituzten: «lurralde osoan zehar banatutako zentral eolikoak edo zentral fotovoltaikoak ezartzeko plana, gaur egun landa lurra diren 1.300 hektarea baino gehiago erabiltzeko asmoa duena».

Haien esanetan, «proiektu horiek ez dira alternatiba krisi ekologiko, sozial eta energetikoaren aurrean. Ez dira energetikoki eraginkorrak, horiek garatzeko energia fosil kopuru handiak bideratu behar baitira, eta ez dute energiaren kontsumorako eskubidea demokratizatzen».

«Inbertsoreentzat aldiz, baliabide natural publikoak eta Europatik datozen diru funtsak eskuratzeko modua dira. Hori da negozioa, eta Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean ari dira hori horrela izan dadin», ohartarazi zuten.