Maite Ubiria

Dei Auzitegiak ekainaren 9an jakinaraziko du Jakes Esnalen auziari buruzko erabakia

Parisko Dei Auzitegiak Jakes Esnalen defentsak aurkezturiko baldintzapeko askatasunari buruzko bigarren eskaera aztergai izan du ostegun honetan. Erabakia heldu den ekainaren 9an jakinaraziko du auzitegiak.

Donibane Lohizunen elkarretaratzea egin dute Jakes Esnalen askatasuna aldarrikatzeko.
Donibane Lohizunen elkarretaratzea egin dute Jakes Esnalen askatasuna aldarrikatzeko. (Bob EDME)

Donibane Lohizuneko presoak Lannemezango espetxetik jarraitu du auzi saio erabakigarria, bere abokatua, Maritxu Paulus Basurco alboan izan duela.

Parisen, berriz, Dei Auzitegiaren egoitzatik bertatik hartu du hitza euskal herritarraren defentsan Serge Portelli Versailleseko auzitegi buru izan zen abokatuak.

Auzia amaituta Maritxu Paulus Basurcok azaldu duenez, «bi oren luzatu den saiotik kezkaturik atera gara».

Jakes Esnalen auziari erantzun beharrean «prozedura luzatzeari jokatzeko nahikeria egon daitekeelako» kexu azaldu da abokatua.

Dei Auzitegiak lapurtarraren defentsak aurkezturiko eskaera ontzat eman zuen 2020ko maiatzean plazaratu zuen ebazpenearen bidez.

Are, orduan fiskalak baliatu zuen argudioetako bat, presoak berriz ere delitu egiteko arriskuaz ohartarazita, «guztiz hipotetikotzat» jo zuen «Euskal Herrian azken hamarkadan izan den egoera aldaketa» aintzat hartu duen epaileak.

Edonola ere fiskalak helegitea ezarri zuenez askatzeko prozesua bertan behera gelditu zen.

Auziaren hurrengo geldiunea Kasazio Gortea izan zen.

Kasazio Gorteak arrazoia eman zion, iragan martxoaren 9an plazaratu zuen erabakiaren bidez, espetxean 32 urte daramatzan presoaren defentsari.

Ondorioz Jakes Esnal CNE balorazio batzordetik pasatu ez izanak ezinezko bilakatzen zuela baldintzapeko askatasuna eskuratzea zioen fiskalak mahaigaineraturiko argudio teknikoa bertan behera gelditu zen baitaere.

71 urte dituen lapurtarraren defentsak bere aldeko erabaki bi horiek eskutan heldu da gaurko saioara.

Izan ere, ostegun honetako saioan auzitegiak proposamen harrigarria jarri du mahai gainean. «Kasazio Gorteak CNE pasatzea ez dela derrigorrezkoa esan ondoren auzitegiak oraingoan proposatu du horren gainean CPMS batzordeari iritzia eskatzea», azaldu dio Paulus Basurco NAIZi.

Defentsak bere kexa agertu du, prozedura hori ez delako batere beharrezkoa nabarmenduz. Baldintzapeko askatasunari buruz erabakia hartzeko eskatu dio jujeari.

CPMS batzordera joz gero prozedura urte bat baino gehiago luzatu daitekeelako beldur da defentsa.

Auzitegiak ekainaren 9an jakinaraziko du bere erabakia.