Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Josu Goiak duela 30 urte hasitako zurezko tailla auzolanean bukatu dute

Josu Goia Etxeberriak orain 30 urte abiatu zuen zurezko taillaren proiektua auzolanean amaitu dute. Berako eta Euskal Herriko sinboloak jasotzen dituen altxorra da. Ekitaldi xume batekin inauguratu dute ezker abertzaleko kidea, artista polifazetikoa eta GARAren sortzaileetakoa izan zenaren obra.

Josu Goiaren egurrezko eskultura tailatzen ibili den lagun taldea, inaugurazio ekitaldian.
Josu Goiaren egurrezko eskultura tailatzen ibili den lagun taldea, inaugurazio ekitaldian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Josu Goia Etxeberriak aunitz maite zuen Bera, eta ikaragarri egin zuen herriaren alde. Bertako eta Euskal Herriko sinbologiaz betetako haritz egurrezko tailla ederra ere bere ideia izan zen. Sei hilabete inguru behar izan du lagun talde batek duela 30 urte hasi eta hainbat arrazoirengatik bukatu gabe gelditu zen artelan handia amaitzeko. Artistak aurreikusitako lekuan paratu dute, herriko etxeko arkupeetan, eta lagun ugari bildu da bertan larunbat honetan, inaugurazio ekitaldian.

Ezker abertzaleko kide ezaguna zen Goia, Berako alkate izan zen, eta ‘Egin’ eta GARAren sortzaile. Politikagintzan eta kulturgintzan aritu zen bizi osoan. Herri Batasunako lehen Mahai Nazionalaren parte izan zen, eta Nafarroako legebiltzarkide. Musikaria (hamar instrumentu baino gehiago jotzen zituen), abeslaria, idazlea, eskultorea... Sortzaile polifazetikoa zen, herrian hagitz estimatua.

Hamaika herritar elkartu da ekitaldian, tartean Goiatarrak. Aitor Elexpuru alkateak hitz batzuk egin ditu eta Ekhiñe Zapiainek sei bertsotako sorta batean azaldu du artista polifazetikoak herrian egin duen ibilbidea.«Gugan egonen zara beti zu/ Berako herriak zor baitizu/ hau baino askoz gehiago», kantatu du bertsoetako baten amaieran. Malko bat baino gehiago isuri da plazan, Goia gogoan.

Ondotik, alkateak tailla tapatzen zuen papera kendu du. Aurreskua dantzatu dute eta tailatzen ibili den taldeko kide batek, Migeltxo Etxeberriak, artelanean ikusten dena esplikatu du. Ondotik, lanean aritu direnak bazkari batean bildu dira.

Berreskuratze prozesu ederra

Eskulturaren berreskuratze prozesua polita izan dela kontatu dute parte hartu dutenek. Duela 30 urte, Goiaren ekimenez, auzolanean tailla hori lantzen hasi zen lagun kuadrilla bat, baina hainbat arrazoirengatik ez zen inoiz bukatu. Geroztik, eskultorearen Etxalarko baserriko sotoan egon da gordea, erdi egina. Duela zenbait urte, orduko Berako udal taldeari aipatu zion tailla hori bukatzeko nahia, eta herriko etxeko arkupea izanen zela artelana kokatzeko tokirik aproposena. 2018ko udazkenean ustekabean zendu zen, ordea, 71 urterekin, eta hor gelditu zen asmo hori. Etxalarko etxea saldu zen eta taillak ikuiluan jarraitzen zuen.

Orduan, Rafa Unsion beratarraren ekimenez, tailla Etxalartik Berara ekarri zuten eta Alkaiagako pabiloi batera garraiatu ondoren, hamaika laguneko kuadrilla sei hilabetez ibili da artelana bukatu duten arte.

Artelanaren ezaugarriak

Taillak laukizuzen forma du eta haritz egurrez egina da. 5,94 metro luze eta 2,16 metroko garaiera du. Bertan Euskal Herriko zazpi lurraldeen armarriak ikus daitezke eta Bortzirietakoa ere bai. Arrano beltza ere presente dago. Euskal mitologiako hainbat ikur daude, lauburuak, izarrak eta abar. Bera inguratzen duten mendi esanguratsuen irudiak zizelkatuak daude, herriko auzoen izenekin batera.

Proiektu honetan ezinbertzekoa izan da Malerrekako hiru maisuren lana: Migeltxo Etxeberria, Jose Inazio Telletxea eta Luis Mari Esarte. Zizelkatzen lanetan adituak direnez, gidari lanak egin dituzte.

Altxor hau berreskuratu eta moldatzen lan egin duten norbanako guztiak eskertu ditu Berako Udalak: «Tailla landu duten Alkaiagako pabiloiaren jabeak, maisu adituak, zizelkatzen aritu den boluntario taldea, eta isilean, inurri lanean aritu diren bertze hainbat lagun, horiek gabe ezinezkoa izango litzatekelako amets hau egia bihurtzea», erran du Elexpuruk.

Berako herriaren gozagarri dago orain tailla, herriko etxeko arkupeetan, Josu Goiaren omenez.