NAIZ

Jaietan emakumeen aurkako indarkeria saihesteko gidaliburua jasoko dute EAEko udalek

Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ‘Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida’ banatuko du EAEko udalen artean. Emakundek, foru aldundiek eta Eudelek bultzatutako ‘Beldur Barik’ programaren esparruan sortutakoa da.

Emakundek, Eudelek eta EAEko foru aldundiek sustatutako ‘Beldur Barik’ programaren barruan landutako gidaliburua aurkeztu dute.
Emakundek, Eudelek eta EAEko foru aldundiek sustatutako ‘Beldur Barik’ programaren barruan landutako gidaliburua aurkeztu dute. (Raul BOGAJO | FOKU)

Bi urteko etenaldiaren ondoren uda honetan jaiak bueltatuko dira euskal udalerrietara. Hori dela eta, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak emakumeen aurkako indarkeria saihesteko gidaliburua banatuko die udalei. Emakundek Foru Aldundiek eta Eudelek sortutako ‘Beldur Barik’ programaren barruan dago eta eraso matxisten aurka herriotan egiten den lana indartuko duelakoan daude.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Gorka Urtaran Eudeleko presidente eta Gasteizko alkateak aurkeztu dute gida, astelehen honetan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin eta Ainhoa Campo, Miren Elgarresta eta Patricia Campelo Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundietako Berdintasuneko zuzendariekin batera.

Emakundek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin eta Eudelekin elkarlanean koordinatzen duen ‘Beldur Barik’ programaren baitan urtero udalerrien eskura jartzen da jaiei begirako prebentzio materiala, eta aurten gidaliburu hau prestatu da. Eraso matxistak identifikatzeko eta prebenitzeko, eraso baten biktimei arreta emateko eta eraso bati erantzun publikoa antolatzeko jarraibideak ematen ditu. Eranskin bat du ere bai, bereziki ostalaritza sektoreari eta txosnei zuzendutakoa.

Beatriz Artolazabalek adierazi duenez, «normaltasunera itzultzeaz hitz egiten dugunean gogorarazi nahi dugu ezin dugula normaltasunaz hitz egin eraso sexistak gertatzen diren bitartean». «Berdintasunezko jaiak nahi ditugu», azpimarratu du, eta helburu hori lortzen laguntzeko gida prestatu da udal, jai batzorde, ostalaritza, txosna eta jai ekitaldiak antolatzen dituzten pertsona eta kolektibo guztientzat. Zehaztu dutenaren arabera, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzen lagunduko duten prozesuak bultzatzeko edo indartzeko jarraibideak eskaintzen zaizkie bertan.

«Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela beti gogoan izatea nahi dugu. Jaiak eta alkoholak ez dute pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik justifikatzen. Ezerk ez du eraso matxista bat justifikatzen», gaineratu du sailburuak.

«Udalak inspiratzeko» gidaliburua

Bestalde, Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak nabarmendu du udalek funtsezko zeregina dutela berdintasunaren aldeko talde lanean sentsibilizatze aldera. Gidak «udalak inspiratzeko» duen gaitasuna gailendu du: «Batez ere udalerri txikientzat da baliagarria, prozesu horiek diseinatzeko behar diren langile teknikoak ez dituztenentzat, alegia».

Esan duenez, «jaiak pertsonak elkartzeko eta haien arteko harreman sendotzen laguntzeko topaguneak dira eta guztiok dugu eskubidea nahi ditugun moduan bizitzeko». Halaber, pandemiaren ondoren jaiak ospatu ahal izateak sortzen duen ilusioa ezin dela lausotu gaineratu du, «emakumeak jaiez gozatzeko askatasunik gabe uzten dituzten eraso eta jokabide matxistekin».