Manex Altuna

Hurrengo denboraldirako bigarren kamiseta berria aurkeztu du Athleticek

New Balance markaren diseinuak gris kolorea, beltz eta gorriarekin uztartzen ditu eta, aldi berean, lehoi bat irudikatzen du elastikoan modu artistikoan. Prakak eta galtzerdiak gorriak izango dira.

Athleticeko jokalariak hurrengo denboraldirako kamiseta eta praka berriekin.
Athleticeko jokalariak hurrengo denboraldirako kamiseta eta praka berriekin. (@AthleticClub)

Athleticek ez daki zein izango den datorren denboraldian kluba gidatuko duen presidentea. Eztauka zehazturik lehen taldearen entrenatzailea izango dena ezta Lezamako harrobiaren arduradunak nortzuk izango diren. Bilbao Athleticen teknikaria izan den Patxi Salinasek esaterako kluba uztea erabaki du presidentziarako hautagaien deirik jaso ez duelako.

Aurre denboraldiaren hasiera data ere zehaztu gabe dago, baina suposatzen da uztaila hasieran itzuli beharko direla jokalariak entrenamenduetara. Liga abuztuaren 12aren bueltako asteburuan hasiko baita.

Dagoeneko adiskidantzazko bi partida adostuta ditu uda honetarako. Newcastle talde ingelesa bisitatuko du uztailaren 30ean, larunbata, eta Benficaren kontra neurtuko ditu indarrak uztailaren 22an, ostirala. Talde portugaldarrak esandakoaren arabera, Suitzan jokatuko da norgehiagoka eta baliteke zuri-gorriek bertara joatea egonaldi bat egitera. Iaz antzeko zerbait egin zuten eta maila handiko taldeen aurka neurtu ziren. Borussia Dortmund edo Liverpool, besteak beste.

Plangintza osoa zehaztu gabe dagoen arren, klubaren jarduera ez da gelditzen eta hurrengo denboraldirako kamiseta berriak aurkeztu ditu dagoeneko. Athleticen denda ofizialetan eskuratu daitezke. Orain dela aste pare bat lehen kamiseta aurkeztu zuten. Estilo klasikoa mantentzen du, nahiz eta berritasunen bat aurkitu daitekeen beltz kolorea mahuka eta lepo inguruan.

Askoz berritzaileagoa da bigarren ekipazioa. Gris kolorean oinarrituta dago, baina beltz eta gorria uztartuz lehoi bat irudikatzen du.