NAIZ

«Hobetzen jarraitzera» eta «tituluak irabaztera» iritsi da Paula Arcos Bera Berara

20 urte baino ez ditu Alacanteko hegalekoak, baina Elx taldeko harrobian hazitako jokalari honek azken bi urtean Atletico Guardesen eman ditu, eta dagoeneko Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan parte hartzea zer den badaki. Ondorioz, ikusmin handia sortu du Donostian bere fitxaketak.

Paula Arcos eta Tati Garmendia jokalari gaztearen aurkezpenean.
Paula Arcos eta Tati Garmendia jokalari gaztearen aurkezpenean. (@BERABERA)

Paula Arcos Alacanteko hegalekoa aurkeztu du asteazken honetan Super Amara Bera Bera taldeak. Anne Erauskin eta Shula Gavilan argentinarraren ostean, talde donostiarrak egin duen hirugarren fitxaketa da 20 urteko jokalari gaztea. Beste edozeren gainetik, «hobetzen jarraitzea» eta «tituluren bat irabaztea» dira Arcosen nahiak eta asmoak, asteazken honetan bere aurkezpenean aitortu duenez.

Oso gaztea izanagatik, Tokioko Olinpiar Jokoetan eta pasa den abenduko Munduko Txapelketan maila oso oman eman zuen Arcosek. Horrez gain, Elx taldeko harrobian hazitako jokalaria bada ere, azken bi denboraldietan Galiziako Atletico Guardes taldean eman ditu eta, bada, Europan jokatzea bera ere zer den ongi daki.Hori gutxi ez etz, Guerreras Ibedrola Ligako jokalari onenari dagokion saria ere eman diote duela gutxi.

Horrek guztiak zaleengan nolabaiteko ikusmina sortu du, are eta etorkizun hobea iragartzen baitzaio jokalari honi. Hala ere, ikusmin hori «motibazio gisa» omen darabil Petrer herrian jaiotako hegalekoak.

«Badakit ikusmina dagoela, baina horrek gehiago motibatzen nau eta lanean jarraitzera animatzen nau ahalik eta gorenera iristeko», esan du. Dena dela, Donostiara «presiorik gabe» iritsi dela gaineratu du, hobetzen jarraitu ahal izateko.

«Ilusio handiarekin nator etapa berri hau hasteko eta hemen egoteko», onartu du Alacanteko jokalariak Tati Garmendia presidentearen aurrean. Izan ere, «egun ez dago Bera Bera bezalako beste klubik hazten jarratitzeko», gaineratu du.