Bost euskaldun uda girotsu baten lehen txapliguan

Ane Elexpuru, Clara Pinedo, Maite Zubieta eta Amaia Martinez de la Peña zuri-gorriek eta Mirari Uria zuri-urdinak urrea bilatuko dute gaur hasiko den Europako 19 urte azpiko Txapelketan.

Mirari Uria Españako selekzioko golegile nagusia izan da sailkapen fasean.
Mirari Uria Españako selekzioko golegile nagusia izan da sailkapen fasean. (RFEF)

Futbol zaleek badute zerekin entretenitu hurrengo asteotan, bost kontinentetako txapelketa nagusiak lehiatuko baitira. Hain uda girotsuaren lehen txapligua gazteek botako dute, gaurtik eta uztailaren 9an bitartean Txekiar Errepublikan jokatuko den Europako 19 urte azpiko Txapelketarekin. Bost jokalari euskaldun daude bertan, Españako kamisetarekin urrea eskuratzeko asmoarekin. Athleticeko Ane Elexpuru, Clara Pinedo, Maite Zubieta eta Amaia Martinez de la Peña eta Realeko Mirari Uria dira, hain zuzen ere, Jana Xin Alaveseko atezainarekin batera, helburu bikoitzarekin bidaiatu duten futbolariek, dominen borrokan sartzeaz gain, Pedro Lopez hautatzailearen konfiantzari eutsi nahi baitiote, abuztuan Costa Ricak hartuko duen 20 urte azpiko Munduko Txapelketan ere parte hartu nahi baitute.

«Oso pozik» agertu da Mirari Uria Naizekin hizketan, «oso maila altua baitago eta ez da erreza deialdietan sartzea». Azpeitiarrarentzat, gainera, «ametsetako denboraldi baten ginga da», Realarekin ikasturte historikoa sinatu ondoren. «Benetan ederra izaten ari da urtea. Txapeldunen Ligarako sailkapena, bigarren postua... Gainera harrobitik igo den futbolari batentzat ehundokoa da denboraldi honen partaide izatea. Eta eskertzekoa izan ditudan minutu guztiak izatea».

Españako selekzioarekin esperientzia parekoa izaten ari da. Denboraldi honetan bertan debutatu 19 urte azpikoekin eta taldeko golegile nagusia bilakatu da Europako Txapelketaren sailkapen fasean. Ibilbide pertsonal zein kolektiboari eusteko asmoarekin bidaiatu du eta hiru aldiz (2004, 2017, 2018) urrea irabazi duen taldearekin dominen borrokan egotea espero du. «Oso talde ona daukagula uste dut. Gainontzekoek ere sekulako jokalariek dituzte baina orain arte bezela eguneroko lanean jarraitzen badugu, zerbait handia lortzeko aukera dagoela uste dut, Europako zein Munduko Txapelketan».

Ez da izango erreza, hala ere. «Munduko Txapelketa luzea da eta fisikoak garrantzi handia izango du ere. Europakoa motzagoa da, bost partida gehienez, xehetasunek eta akatsek pisu handia izango dute eta kalitate eta eskarmentu handiko taldeak dira. Alemaniak sei aldiz irabazi du, Frantziak lau, Españak hiru... Txekia da esperientzia txikiena duena baina etxean jokatzen du eta hori nabarituko da. Gainera, oso talde gogorra da», azaldu du. Uriarentzat oroipen ezinhobeko taldea ere, hat-tricka ospatu baitzuen sailkapen fasean anfitrioien kontra jokatutako neurketan.

Athleticeko lau jokalarien denboraldia ez da hain ikusgarria izan baina ikasurte amaiera ezinhobea izan dute, bigarren talde zuri-gorria 1. RFEF maila berrirako sailkatzea lortu baitzuten. Ane Elexpuru eta Maite Zubieta, gainera, lehen taldearen egunerokotasunean murgildu, oraindik minuturik izan ez badute ere, eta Clara Pinedok iazko debutari jarraitutasuna eman dio, Ligako eta Kopako zortzi partida jokatuz. Amaia Martinez de la Peñak ez du oraindik urrats hori eman.

Eurekin batera, Jana Xin Alaveseko atezaina eta azken hilabeteotan Eibarren Atleticok utzita jokatu duen Carmen Alvarez ere deitu ditu Pedro Lopezek.

Itxaronaldi luzea

Txekiak eta Frantziak 11.00etatik aurrera jokatuko duten partidak amaiera emango dio itxaronaldi luze bati, pandemiaren ondorioz UEFAk bertan behera utzi baitzituen azken bi edizioak. Frantziak defendatuko du, beraz, 2019an eskuratutako tituloa.

Indarreko txapelduna bakarrik ez eta, Frantziarekin berarekin batera azken lau tituloen protagonista izan den Españako selekzioa ere A multzoan dago. Gorri-oriek 2018ko (Nerea Eizagirrerekin) eta 2017ko (Andrea Sierra, Damaris Egurrola, Maite Oroz eta Ane Azkona) edizioak eskuratu zituzten eta 2016ko (Nahikari Garcia, Amaia Peña, Andrea Sierra, Maite Oroz) finala galdu zuten… Frantziaren aurka. Italiak osatzen du multzoa eta beren kontra egingo dute debuta gaur (17.30, Teledeporte) euskaldunek.

B multzoan, bestetik, txapelketa sei aldiz irabazi duen –azkena 2011an izan bazen ere– Alemania, Suedia, Ingalaterra eta Norvegia daude.

Multzo bakoitzeko bi talde onenek final erdiak jokatuko dituzte uztailaren 6an, «nagusien» Txapelketa martxan jartzen den egunean, eta finala uztailaren 9an lehiatuko da.

Oraingo honetan 20 urte azpiko Munduko Txapelketarako txartelak ez dira jokoan jarriko, aurreko bi edizioak bertan behera geratu ondoren, UEFAk iaz erabaki baitzuen, azken urteotako emaitzak hizpide hartuta, Alemania, España, Frantzia eta Herbehereak joango direla abuztuan Costa Ricara. Talde nederlandarrak, bitxiki, ez du aurtengo Europako Txapelketa jokatuko, sailkapen fasean golaverageak bere multzoko garaipena Españari eman ondoren.