NAIZ
Donostia

Auziperatuta ziren Cementos Rezolako sei langileek ez dute inolako zigorrik izango

Donostian egin den epaiketan akordioa lortu ostean, auziperatuta ziren Cementos Rezolako sei langileek ez dute inolako zigorrik jasoko, LABek jakitera eman duenez. Behargin talde bat epaitegiaren kanpora azaldu da auzipetuei babesa ematera.

Cementos Rezola enpresako hainbat behargin epaitegi kanpora agertu dira lankideei babesa adieraztera.
Cementos Rezola enpresako hainbat behargin epaitegi kanpora agertu dira lankideei babesa adieraztera. (LAB)

«Greba eskubidearen gehiegizko erabilera» argudiatuta auzipetuta ziren Cementos Rezolako sei langileek ez dute zigorrik izango, ostegun honetan Donostian egin den epaiketan akordio batera iritsi ostetik.

Langile talde bat Donostiako Teresa de Calcuta plazako epaitegiaren aurrera agertu da auziperatuei babesa emateko eta han izan da epaiketak iraun dituen lau orduetan.

LABek azaldu duenez, «zorionez akordio batera ailegatzeko aukera egon da eta auziperatuta zeuden sei langileek ez dute inongo zigorrik izanen grebaren eskubidearen erabileraren ondorioz». Epaitegiaren aurrean langile andana elkartu da auziperatuei babesa emateko. Lankideei erakutsitako babesaren segida izan da ostegunekoa, izan ere, asteazkenean, Cementos Rezola parean dagoen errepidea moztu zuten beharginek, Añorgan, elkartasuna agertu eta «jazarpen sindikala» salatzeko.

LABek azpimarratu du langileak auzipetzera eraman zituzten grebak «lanpostu suntsiketaren kontra» egin zirela eta berretsi lankideek argi dutela enpresaren «mehatxu» honek «ez dituela kikilduko eta lantegiaren etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa den lanpostuen defentsaren alde borrokatzen jarraituko dutela, grebaren bitartez edota beharrezkoa izanen den beste edozein borroka molde erabiliz».

«Cementos Rezolako langileek duintasun eta elkartasun erakustaldia egin dute, hauek mantenduz borrokan jarraituko dute, etorkizuna eta lanpostu duin batzuen alde», segurtatu du LABek.