NAIZ

Bidasoa-Irunek kanporaketa bat jokatu beharko du EHFko multzoen fasean egon nahi badu

Iazko Asobal Ligan hirugarren amaitu ostean, bigarren kanporaketan sartuko diren 14 taldeetako bat dira Jacobo Cuetararenak. 12 taldek zuzenean lortu dute multzo fasera sailkatzea.

Iaz GOG talde danimarkarrak kanporatu zuen Bidasoa.
Iaz GOG talde danimarkarrak kanporatu zuen Bidasoa. (Jon URBE/FOKU)

Europako Federazioak (EHF) erabaki duenez, Bidasoa-Irunek aurre kanporaketa bat jokatu beharko du irailaren amaieran eta urriaren hasieran EHF European Leagueko multzo fasean egon nahi badu. Irailaren 6an egingo den zozketan jakingo dute Jacobo Cuetararenek zein izango duten aurre kanporaketa horretako aurkaria.

Lehiaketan parte hartuko duten 46 taldeak nola banatuko diren argitu du astearte honetan EHF-k eta gipuzkoarrak bigarren kanporaketan sartuko diren 14 taldeetako bat izango dira. Rankingaren arabera, 12 dira dagoeneko multzo faserako sailkatuta daudenak, tartean egungo txapelduna den Benfica edo gonbidapena lortu duen Eurofarm Pelister eta gainontzeko 20ek lehen kanporaketa jokatu beharko dute abuztuaren 28aren eta irailaren 4an.

Irungo taldeak jokatu diren EHF European Leagueko bi edizioak jokatu ditu, eta multzo fasea gainditu eta final-zortzirenetara iritsi zen aurreko denboraldian, GOGek kanporatuta, Danimarkako Liga irabazi eta EHF Txapeldunen Ligarako sailkapena lortuko zuena.

Esperientzia handia Europan zehar

1995ean Txapeldunen Ligako eta 1997an Europako Errekopako txapeldun, talde bidasotarrak esperientzia handia du Europan; 123 norgehiagoka jokatu ditu, 73 garaipen, 14 berdinketa eta 36 porrotekin.

Europako bigarren txapelketari dagokionez (lehengo EHF Kopa), jardunik onenak 1993/1994 eta 2000/2001 denboraldietakoak dira, bietan finalerdietara iritsi baitzen, gero txapeldunak izango ziren taldeen aurka galduz. Lehen aldian, Alzirak kanporatu zuen (18nako berdinketa Irunen, 26-20koa itzulikoan); eta bigarrenean, Artalekuko arratsalde mitiko batean Magdeburgo kaleratzeko zorian egon zen (32-24koa Alemanian; 23-17koa Irunen).