Jon Ormazabal

Fidagarritasunik galdu ez duen Altunak bere palmaresa osatu nahi du (22-18)

Lehen erdi luzean asko sufritu ostean, amezketarrak eta Rezusta Irribarria eta Zabaleta jotzaileei gailendu zaizkie eta sanferminteko finala jokatuko dute.

Aurreko koadroetan Altuna Irribarria baino askoz eraginkorragoa izan da
Aurreko koadroetan Altuna Irribarria baino askoz eraginkorragoa izan da (Iñigo URIZ/FOKU)

Izango ditu egun hobeak, gehienak, edo txarragoak, askoz urriagoak. Sasoi puntua ere ez du beti bera izango, baina geldialdi luze baten ostean itzuli berria izanda ere, fidagarritasunik ez du sekula galtzen Jokin Altunak eta, ondo sufrituta izan bada ere, behetik gora egin duen Rezusta batek lagunduta, sanferminetako finala jokatuko du amezketarrak, bere palmaresa osatzeko falta zaion azken garaipena lortzeko aukera eskuratuz. Horra heltzeko, partidaren lehen erdi luzean Irribarria eta Zabaletaren joari eutsi behar izan diote, azken partean euren lanari eta irabazle senari esker aurrera egiteko. Jokoaren ekimena urdinena izan da denborarik gehienean, Iker Irribarria izan da tantorik gehien (13) egin dituen pilotaria, baina azkenerako batutako akatsak –7, hauetariko sei erasoan– garesti ordaindu dituzte.

Hasiera-hasieratik, urdinen freskotasunak markagailuaren abantaila eman die, nahiz eta Altuna-Rezustak ez dioten aurpegirik galdu partidari. Bizi ekin diote partidari Irribarria eta Zabaletak. Atzean, epelak eman dizkion etxarrendarrak deseroso aritu den Bergarako atzelariak baino askoz gehiago agindu du piloteoan, Irribarriari erasorako askoz aukera gehiago, eta hobeak eskainiz. Aramarrak ezker gantxoz min handiegirik egin ezinda jarraitzen du, baina boleaz bizi ibili du pilota eta erasoan asko asmatu du, arrastoak gehiegi bilatu beharrik gabe.

Partidaren gidoia aldatu

Jokoan sartzeko aukera handirik ez du izan Jokin Altunak, baina nabari zaio amezketarrari bere onera itzultzen ari dela eta defentsari eta lanari esker, partidari eusteko gai izan da, lan erdietara markagailua orekatua zela iritsiz. Sakez egindako tanto batekin aurreratu dira lehen aldiz gorriak, 13-12, eta partidaren gidoia goitik behera aldatu da ordutik aurrera. Alde batetik, erasoan egindako pare bat hutsen ostean, Irribarriak galdu egin du partida hasieran erasoan erakutsitako konfiantza, bestalde, pilotak gastatuz joan dira pixkanaka eta ordura arte gozakaitz eta pilota kendu ezinda aritu den Beñat Rezusta ere gero eta erosoago sentitu da kantxan eta ordura arte horren urdina izan den piloteoa ere orekatuz joan da pixkanaka eta aurreko koadroetan Altunak partida bere aldera ekartzea lortu du.

Partida gogortu den heinean gorriak erosoago sentitu dira lehiaren azken fase horretan, akatsik ez egitea funtsezkoa bihurtu da eta partida klase horretan gutxi dira Altuna-Rezustak baina berme gehiagorik

 

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a-Rezusta: 22

Irribarria-Zabaleta: 18

Pilotakadak: 569. Iraupena: 68,58 minutu.  Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 3-3, 3-5, 4-5, 5-6, 5-6, 5-7, 7-7, 7-9, 8-9, 8-11, 10-11, 10-12, 16-12, 16-13, 17-13, 17-14, 20-14, 20-15, 21-15, 21-18, 22-18. Sakeak: 3 Altuna III.ak eta 1 Irribarriak. Egindakoak: 8 Altuna III.ak,  1 Rezustak, 12 Irribarriak eta 0 Zabaletak. Galdutakoak: 0 Altuna III.ak,  5 Rezustak, 7 Irribarriak eta 4 Zabaletak. Gorabeherak: Labriteko harmailak beteta eta giro bikaina. Partida amaituta, akordeoilari batek eta Labrit osoak «Sigo siendo el rey» abestu diote Jose Javier Zabaletari, etxarrendarra hunkitzea lortuz.