NAIZ

Zeledon 400 ekitaldi baino gehiagorekin itzuliko da Gasteizko jaietara

Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren festetako egitaraua aurkeztu du, non 400 ekitaldi baino gehiago programatu dituen abuztuaren 4tik 9ra bitartean.

2019ko Andre Maria Zuriaren jaien hasiera.
2019ko Andre Maria Zuriaren jaien hasiera. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Gasteizko Udalak programazio zabal batekin emango dio ongi etorria Zeledoni. Izan ere, Gorka Urtaran alkateak astearte honetan iragarri duenez, 400 ekintza baino gehiago antolatu dituzte abuztuaren 4tik 9ra bitartean ospatuko diren Andre Maria Zuriaren festetarako.

«Berriro ere kolorea, kalean pilatzen den jendearen berotasuna eta blusa eta nesken kuadrillak itzuliko dira», adierazi du Urtaranek egitarauaren aurkezpenean.

836.000 euroko aurrekontua izan du Udalak jaiak antolatzeko eta, alkatearen hitzetan, «jai jasangarriak, konprometituak eta, batez ere, pertsona guztien eskubideekiko errespetuzkoak» antolatzea izan dute helburu. Gainera, aurten 200 urte betetzen dira Andre Maria Zuria hiriburu arabarreko festetako patroi izendatu zutenetik.

Urteurrena dela eta 2019ko programazioa luzatu egin dute. Hau da, abuztuaren 4a baino bi aste lehenago hainbat kontzertu egongo dira, tartean, Anne Etchegoyen baxenafartarrarena.

Musika eskaintza

Abuztuaren 4an Tanxungueiras hirukote galiziarrak estreinatuko du oholtza Foruen Plazan. Hurrengo egunean Mikel Eratxunek hartuko die lekukoa. Abuztuaren 6a rock and rollaren gaua izango da, Rulo y la Contrabanda taldeak eskainiko baitu kontzertua. Abuztuaren 7an Izaroren txanda iritsiko da eta bere ostean Talco talde italiarrak emango die amaiera agertoki honetako kontzertuei.

Aihotz plazari dagokionez, abuztuaren 5etik 8ra bitartean Gozategi, Olatz Salvador, Harresian Zulo eta Neomak taldeak izango dira protagonistak. Bien bitartean, Plaza Berrian Jorge Sanchez DJa eta Modestia Aparte taldea egongo dira.

Udaletik nabarmendu dutenez, bertako talde eta produkzioen aldeko apustua egin dute Harresian Zulo, Bapatean Zirko, Hodei Magoa, Two Much Circus, El Show de la Polaca eta Soziedad Alkoholika bezalako taldeak kontratatuz. 

Bestalde, nagusienei zuzendutako mariatxiak, jotak, 80ko eta 90eko hamarkadetako kanten musika eskaintza ere izango da. 

Egitarau ofizialetik kanpo, nabarmentzekoa da Gasteizko Txosnek ere beraien egitarau propioa prestatu dutela beste hamarnaka kontzerturekin.

Arte eszenikoak eta haurrentzako eskaintza

Arte eszenikoen arloan, hiru komedia programatu dituzte Principal Antzokirako: ‘Escape Room’ (abuztuaren 4 eta 5ean); ‘El peligro de las buenas compañías’ (abuztuaren 6 eta 7an) eta ‘El aguafiestas’ (abuztuaren 8 eta 9an).

Bestalde, umorearen txokoa delakoa el Prado parkera lekualdatuko da. Hori horrela, JJ Vaquero, Iñaki Urrutia, Sara Escudero, Antton Telleria, Axlor Riezu, Sergio Arrospide, Leire Orbe eta Joaquin Pajaron bezalako umoregileak arituko dira bertan.

Bukatzeko, umeentzat puzgarriak, jokoak, tirolinak eta tailerrak egongo dira. Baita adin guztietako gasteiztarrei zuzendutako su artifizialak ere.