NAIZ

Arkaitzerreka berriro kutsatuta dagoela salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak

Zubietako erraustegiaren ondotik igarotzen den Arkaitzerreka erreka berriro kutsatuta dagoela salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.

Erraustegiaren azpitik Arkaitzerrekara doan hoditik aparra ateratzen ikus daiteke, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak zabaldu duen irudian.
Erraustegiaren azpitik Arkaitzerrekara doan hoditik aparra ateratzen ikus daiteke, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak zabaldu duen irudian. (ERRAUSTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUA)

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu duenez, Zubietako erraustegiaren ondotik igarotzen den Arkaitzerreka erreka berriro kutsatuta agertu da asteazken goiz honetan. Zubietako bizilagun batek eman du abisua, eta horren ondotik URA agentziako teknikariak bertaratu dira.

Sareetan zabaldu duen argazkian, urak oxido kolorea duela ikus daiteke eta erraustegiaren azpitik errekara doan hodi batetik aparra isurtzen.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren arabera, hasiera batean URAko teknikariak ez zuen ur laginik hartzeko asmorik, baina azkenean egin du, mugimendukoek beraiek ere lagina hartu eta ikertu egingo zutela esan diotenean. 

Ordu batzuen buruan, kutsadurak «etenik gabe» jarraitzen zuela adierazi dute. «Deskontrolatu zaie zerbait». Agintariak «isilik» daudela salatu eta «herritarroi azalpenak» emateko eskatu dute.

URA agentziako ordezkariaz gain, Donostia eta Usurbilgo udaltzainak eta GHK-ko ordezkariak ere bertan izan dira, ‘Argia’ agerkariaren arabera. Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak azaldu duenez, udaltzainek ur laginak hartu dituzte goizean eta arratsaldean eta laborategira bidaliko dituzte. Gertatutakoagatik kezka adierazi du. 

GHK-ko zuzendaria, auzipetuta

Honakoa ez da Arkaitzerreka kutsatuta agertzen den lehen aldia. 2020ko maiatzean erraustegitik isuri larria izan zen eta ehunka aingira eta arrain txiki hilda agertu ziren. Guardia Zibilak egin zuen txostenaren arabera, amoniakoa isuri zen errekara eta gero 2.302.992 litro ur botata isuriaren aztarnak ezkutatu nahi izan zituzten. Arrainez gain, errekatik ura edan zuten hamabost ardi ere hil zirela jasotzen da txostenean.

Fiskaltzak auzian esku hartu zuen eta, horren ondorioz, Donostiako 5. Instrukzio epaitegiak Cesar Gimeno GHK-ko zuzendaria eta lau enpresa auzipetu zituen ekainean. Guztira hamalau lagun daude auzipetuta.