NAIZ
Muskildi

Bero saparekin aurkeztu dute ‘Simone Veil’ pastorala Muskildin

Bero itogarria egin du Muskildin igande arratsaldean, 37 bat gradu. Emanaldia ordubete atzeratu den arren, bero zakarrak ez du lagundu ‘Simone Veil’ pastoralaren estreinaldian. Omendutako pertsonaia historikoaren kemen bera erakutsi dute muskildiarrek oholtzan.

Bero zakarraren aurka borrokatuz aritu dira Muskildin ere.
Bero zakarraren aurka borrokatuz aritu dira Muskildin ere. (BOB EDME)

Aurretik iragarrita zegoen arren, igandean gurean egun osoan protagonista izan den bero zakarrak ‘Simone Veil’ pastoralaren estreinaldian pastoralaren estreinaldian ere izan du protagonismo berezia. Pentsa, larrialdi zerbitzuek ikusle bat baino gehiago artatu behar izan dute.

1.000 ikusle izan dira igandean emanaldian (aurreko urteetan 3.000 bat izan diren arren), pandemiaren ostean ikusle kopurua murriztea erabaki zelako. Hori bai, beste bi emanaldi ere izango dira, uztailaren 31n eta abuztuaren 6an zehazki.

Urtero pertsona nabarmen bat izaten da pastoraleko protagonista, eta, aurten gainera, hautatutakoa emakume bat izan da. Eta nabarmentzekoa da, gutxitan izaten baita horrela, are gutxiago pertsonaia garaikidea bada.

Simone Veil 2017an zendu zen. Bizitza gogorra izan zuen, atzoko pastoralean islatu zen bezala. Arras pertsona ekintzailea izan zen, eta, besteak beste, gaurkotasun handia duen abortuaren gaia pastoralean jorratzea ekarri du, bera izan baitzen Estatu frantsesean Abortuaren Legea aurrera atera zuena Osasun ministro izan zen garaian.

Ordutik, emakumeen diskriminazioaren kontrako borrokan erreferente da.
Pastoralak agerian jarri zuen Simone Veilen ibilbide luze eta latza. 16 urte zituela Auschwitzeko kontzentrazio esparrura eraman zuten naziek; bere bi ahizpekin bertatik bizirik ateratzea lortu zuen, eta ikasi eta magistratu bilakatu zen. 1979tik 1982ra Europako Parlamentuko presidente izan zen, kargua bete zuen lehen emakumea bilakatuz.

Aurten emakumeak izan dira protagonista pastoralean, maila guztietan. Maite Davant errejentaren gidaritzapean, Battitta Berrogainen testuari jarraikiz eta Sophie Larrandabururen kantak interpretatuz, 95 jokalari igo dira igandean oholtzara. Davant zuzendari lanetan aritzen den lehen aldia izan da, emakume batek Zuberoako pastorala zuzentzen duen lehen aldia hain justu.