NAIZ

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak osasun arretak okerrera egin duela ohartarazi du

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak bilera bat eskatuko dio Lakuako Osasun Sailari osasun zentroetako sendagile falta, udako hilabete hauetan zenbait zentroen itxiera eta itxaron zerrenda luzeen gaiei konponbidea bilatu asmoz.

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak bilera bat eskatuko dio Lakuako Osasun Sailari.
Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak bilera bat eskatuko dio Lakuako Osasun Sailari. (Jon Hernaez | FOKU)

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko Gobernu Batzordea «oso kezkatuta» agertu da gaur egungo osasun arretaren egoerarekin eta udako hilabetetan arretaren kalitatea «are gehiago okertu dela» ohartarazi du.

Elkargoko lehendakari den Carmen Solorzanoren hitzetan «sendagileek ezin dute gehiago, oso desmotibatuta daude». Zentzu horretan, sentsazioa «orokorra» dela aipatu du. «Ez da bakarrik Lehen Mailako Arretan gertatzen ari, ospitaleetan ari diren sendagileek ere adierazi digute zenbait zerbitzuetan egoera jasanezina dela».

Horrek guztiak ondorio garbia du elkargoaren ustez. «Gaixoari ematen zaion arreta okertzen ari da. Sendagileek gaixoaren osasunaren alde egiten dugu, eta, beraz, egoerarekin benetan kezkatuta gaude», berretsi dute.

Arazo ezberdinak zerrendatu dituzte: osasun zentroetako sendagile falta, udako hilabete hauetan zenbait zentroen itxiera, itxaron zerrenda luzeak kontsulta edo ebakuntza baterako, gaixoen mugitzea zentro batetik bestera… «Arazoak pilatzen doaz eta badirudi inork ez duela konponbideak jartzeko borondaterik», salatu dute.

Elkargoko Gobernu Batzordeak bilera bat eskatuko dio Lakuako Osasun Sailari «arazo hauek denak mahai gainean jarri» eta zenbait sendagileren kexei buruz hitz egiteko. «Izan ere, behin eta berriro hitz egiten da sendagile faltaz, baina gauza bat argi dago, ditugun sendagileak zaindu behar dira, eta guztiz kontrakoa gertatzen ari da».