Iraide Ibarrondo

Sei finantza entitatek bat egin dute Euskaraldiarekin

Hego Euskal Herriko sei finantza entitatek ahalik eta bulego gehien ariguneak bihurtzeko eta euskararen normalizazioa bultzatzeko prestutasuna agertu dute Euskaraldira atxikita.

Finantza erakundeetako ordezkariak, Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.
Finantza erakundeetako ordezkariak, Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bankoa-Abanca, BBVA, CaixaBank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxak azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean ospatuko den Euskaraldiaren hirugarren edizioko partaidetza baieztatu dute. Iragarpena ostegun honetan Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin dute banketxeetako ordezkariek, eta, horrela, beraien bulegoak arigune bihurtzeko eta euskararen normalizazioari ekarpen bat egiteko nahia berretsi dute.

Bingen Zupiria, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, bertan izan da, eta joan den astean Lakua, erakunde kolaboratzaile moduan, Euskaraldira batu zela iragarri du.

Finantza erakunde bakoitzak euskararen sustapenarekiko konpromiso maila eta abiapuntu desberdina duen arren, Goiatz Urkijok, Euskaraldiaren koordinatzaileak, beraien parte-hartzea eta euskaraz mintzatzeko espazioak ahalbidetzea eskertu die seiei: «Euskaraldian jaso ditugun bizipen eta testigantzek baieztatzen duten modura, gure egunerokoan erabiltzen ditugun zerbitzuetan euskaraz lasai eta eroso aritzeko espazioak eskaintzen zaizkigunean, euskararen erabilera aregotu egiten da».

Beraien interbentzioetan, aurreko edizioetan Euskaraldiak eskaini dizkien abantailak nabarmendu dituzte finantza erakundeen ordezkariek, hala nola langileen sentsibilizazioan eragitea, hizkuntza ohitura batzuk aldatzea, euskara naturaltasunez lantzea eta gainditu beharreko zailtasunak identifikatzea.

Izan ere, Bankoa-Abancako euskara koordinatzailea den Ana Urkizak adierazi du finantzen eremua erdaldun gisa hauteman ohi dela gizartean, eta ariketa sozial honek euskararekiko «naturaltasuna» eta «onarpena» ekarri diela.

«Askotan afitxak, gidak edo hizkuntza eskubideen inguruko liburuxkak egin ditugu azaltzeko zergatik egiten dugun euskaraz edo zergatik ez dugun gaztelaniaz egiten. Horrelako azalpen asko eman behar izan ditugu urte askotan zehar. Euskaraldiarekin horrelako normaltasun bat hartu dugu eta ez ditugu afitxa horiek edo babes hori behar izan», adierazi du Urkizak.

Agerraldiarekin bukatzeko, Urkijok gogorarazi du erakundeak urria erdialdera arte batu ahalko direla ariketa soziolinguistikora eta norbanakoek, ostera, irailaren 28tik aurrera eman ahalko dutela izena.

Langileen euskalduntzea

Nuria Agirrek, Laboral Kutxako Pertsonak eta Baliabideak saileko zuzendaritzako kideak, jakinarazi du 2020ko edizioan erakunde horretako 500 langile baino gehiago batu zirela Euskaraldira belarriprest edo ahobizi txapekin eta, orotara, 150 arigune sortu zituztela finantza erakundearen baitan. Abiapuntua hori izanik, Agirrek zehaztu du edizio honetarako erronkak «lankide gehiagok parte hartzea», «arigune gehiago martxan jatzea» eta abenduaren 3tik aurrera ere «martxan jarritako dinamikei segida ematea» direla.

Hala ere, parte-hartzea handitzeko, nahitaezkoa da gero eta langile gehiago euskalduntzea. Banketxeetako ordezkariei euskararen inguruko eskakizunak dituzten galdetzean, Laboral Kutxako Agirrek eta Bankoa-Abancako Urkizak hartu dute hitza. «Langile berriei euskara eskakizun bat egiten zaie lurraldeka (...) eta ez dakitenei, karguaren arabera, denbora bat ematen zaie. Langile eta erakundearen artean konpromiso bat hartzen da denbora tarte horretan bien artean adostutako maila batera igotzeko», azaldu du Urkizak.

Ildo beretik, euskara sustatzeko xedez, eguerdietan beharginei euskara ikastaroak eskaintzen dizkietela, euskaltegietan izena emateko erraztasunak ematen dituztela eta bazkalorduan mintzalagun programa bat martxan dutela esplikatu du Urkizak.

«Gure kasuan, Hego Euskal Herriko edozein tokitan, beti eskatzen dugu B2a. Edozein kasutan, esaterako, zerbitzu zentraletako profil oso berezi edo tekniko bat kontratatzen dugunean, euskaraz ez badaki, euskara ikasten hasteko konpromisoa eskatzen diogu», gehitu du Agirrek.