NAIZ
Atarrabia

Hainbat eraso sexista eta homofobo salatu dituzte Hatortxu Rocken

Hatortxu Rockeko antolakuntzak jakinarazi duenez, bart «hainbat eraso sexista eta homofobo» salatu zituzten jaialdiko gunean. Atzo bertan festibala 10 minutuz eten zuten eta gaur eguerdian agerraldia egin dute NAIZ gunean.

Hatortxuko emakumeek agerraldia egin dute gaur eguerdian.
Hatortxuko emakumeek agerraldia egin dute gaur eguerdian. (Hatortxu Rock)

«Hatortxu gune segurua izan dadin neurriak hartu ditugun arren, nazkaz eta amorruz beterik esan behar dizuegu atzoko egunean ez genuela lortu». Hala adierazi du Hatortxu Rockeko antolakuntzak, gaur eguerdian jaialdiko NAIZ gunean egindako agerraldian.

Atzo, ostirala, Hatortxu Rocken «hainbat eraso sexista eta homofobo» egon zirela jakinarazi dute, antolakuntzako parte diren emakumeetako askok eskaini duten agerraldian. «Argi esan dugu hasieratik, Hatortxun ez dugula inolako eraso matxistarik onartzen».

Egoeraren aurrean, atzo, behin Zoo taldearen kontzertua amaituta, jaialdia 10 minutuz eten egin zuten, eszenatokira igo eta gertatutako salatzeko. Txalo zaparrada batekin agurtu zituzten bertan zeuden milaka lagunek.

Hatortxu guztiontzako gune segurua izatea du helburu eta horretan lanean ari da azken urtean horretarako sortutako lan-talde bat. «Ez dugu etsiko eta lanean jarraituko dugu. Gure esku ditugun tresna eta baliabide guztiak jarriko ditugu HTX guztiontzko gune seguru bilakatzeko: erasoen aurkako protokoloa, brigadak, gune seguru infoguneak, puntu moreak barra eta segurtasunean…», gogorarazi dute dagoeneko ateak ireki dituen jaialdiaren bigarren egun honetan. «Hala ere guztion ardura izango da helburu hau lortzea. Eta, batez ere, zuena, gizonen. Zuentzako ere mezu argi bat daukagu: ez erasotu».