Iosu Ganuza Garcia

«Trago solidarioena eskuan» topa egin du Hatortxuk

Beste urte batez eta «azkena izango denaren esperoan» baina «elkartasuna hedatzea beharrezkoa den bitartean antolatuko dela jakinda» heldu dio Atarrabiak larunbatari. Giroa bikaina izan da hasieratik, batez ere boluntarioek goizeko lehen ordutik hasitako garbiketa lanengatik.

 Presoen aldeko Hatortxu Rock jaialdiaren bigarren eguna.
Presoen aldeko Hatortxu Rock jaialdiaren bigarren eguna. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Eskerrak bigarren egun bat dugula» errepikatzen zuten askok NAIZ Gunearen gerizpean. Bigarren egun bat kontu askotarako: ajea kentzeko, gaueko zapore gazia kentzeko… Eta batez ere euskal preso eta iheslariekiko elkartasuna helmuga izanik musikaz gozatzen jarraitu ahal izateko.

Larunbateko saioak aukera eman dio Eguesibarko Itsaso S.-ri «bezperan erositako dirutruke dozenak xahutzeko». Hala ere ez zegoen bat ere lasai alzuzarra, izan ere «ez zen lehenengo aldia Hatortxu amaitu eta hamarnaka euro dirutruketan poltsikoan ditudala, gastatu ahal izan gabe». «Behintzat diruak preso eta senideen zama arintzeko balio du» gaineratu du.

Jendetzarik ez larunbateko jardunaldiaren irekieran. Zer hobe ajea kentzeko elektrotxarangak girotutako poteo-bazkari bat baino? Askorentzat gosaria izan arren, dozenaka lagunek bat egin zuten sukaldearen inguruan hidratatu eta sabela betetzeko. Haize eta perkusio musiko-tresnek girotu dute arrankea eta gero ekin zaio programatutako kartelari.

Belardiko itzal guztiak erabat beteta ziren Antton Telleriaren bakarrizketa hasi orduko.

Ibilbedik hartu du bakarrizketaren erreleboa oholtzan. Osinaga, Aranguren eta lagunak oholtzaratu orduko jendeak ahaztu zuen lehen lerroetan eguzkiak bete betean, eta bero, jotzen zuela. Hala ere, horrenbeste jende hasi zen iristen, ezen itzalak berriro bete zirela. Itzalaren txoko batean, NAIZ Irratiaren estudio mugikorraren alboan, kokatu zuten berriro hedabide honen harpidedunei oparia egiteko mahaia. Bezperan ziztu bizian amaitu ziren elastikoak.

Jendetza eguzkitan beraz Auzolana eskenatokiaren azpian, eta jendetza NAIZ gunean bertan, elastikoak eskuratzeko irrikaz.

Tarte horretan hasi da kontzertu sorta ere alboko gune nagusian. Herrialde Katalanetako CRIM izan da lenea punk doinuez Atarrabia hankaz gora jartzeko.

Eguzkiak gogor jotzen zuela agerikoa zen hori Etxera eszenatokitik. Ezker eta eskuin kokatutako barretako karpak jendez gainezka, baita geroz eta zabalagoa zen oholtzek eragindako itzala ere.

Eskerrak eman dizkio Adrià Bertran abeslariak eguzkiari «hain goiz izanda», bestela «ezinezkoa» litzatekeelako «horrenbeste jende guri begira egotea».

Zer hautatu bazuten bertaratu direnek punk-a amaitzerakoan. Batetik NAIZ Gunean Zelanda taldearen rock lasaia, bestetik, Elkartasuna oholtzan, Hatortxuren aurreko ohiko formatuko hiru edizioak bertan behera gelditzea eragin dute neurri murriztaile eta konfinamenduaren testuinguruan sortutako Stay Homas.

Positibotasunetik katalandarrek ere eraso eta bortizkeriaren aurkako mezu argia bota dute jendea dantzan jarri aurretik: «kontu txarrak ekarri dituena etxera joan dadila bueltan».

Boluntarioen nekea

Bezperan bezala, lehen ordutik Hatortxuren luze eta zabalean hedatuta dauden peto laranja, gorri, more eta kamiseta beltzak soinean boluntarioen lan taldeetako brigadak.

Hatortxuren elkartasun erakustaldia ez delako soilik taldeen kartelean eta barraren inguruan. Hatortxuren elkartasunaren adierazle handiagoa baita ehundaka boluntariok eginiko lana, dena orduan joan dadin, arazorik gabe ahal dela, eta guztiek gozagai izan dezaten. Gertakariak gertakari, inprobisaziorako tartea txikia da bertan.

«Azkena izango denaren itxaropenez»

Ziurrenik inprobisaziorako tarte bakarra oholtzan agertzen da. Bertan egin du euskal presoen aldeko brindisa Antton Telleriak, Hatortxu Rock 26ren ekitaldi nagusian. Telleriaren aurretik eszenatokien arteko pantaila erraldoian antolakuntzak osatutako bideoa proiektatu dute.

Bertan azaldu da preso batek bere buruarekin izandako elkarrizketa. Preso baten gogoeta, ziegako egun eta aste luzeetan «errepikatzen dena». Senideen mina eta errepidean bera bisitatu ahal izateko aurrean duten arriskua.

Izan ere, ehundaka milaka kilometro dituzte soinean senideek, «asteburuero 850 kilometro eginik». Beste batzuek, gatibatutakoak gertu izan arren, pairatzen dute oraindik porlanak eta injustiziak eragindako hotza.

Bidean senide asko galdu dira, haiei aipamena ezin zen falta, zerrenda luzea baita. Eta aldarri bat: «orain hustu behar ditugu espetxeak. Ez dezatela senideek, kilometro bat bera gehiago ere egin behar».

Gero bai, hartu du mikrofonoa Antton Telleriak. Bere txantxa ironikoez ekin dio, baina laster alde batera utzi ditu gauzak argi uzteko. «Hona igo naiz ere gogorarazteko zergatik egiten den Hatortxu: musikaren bidez elkartasun oihuak airatzeko eta ekonomikoki sakabanaketaren eraginez senideek pairatzen duten zama arintzeko» adierazi zuen. Hori dela eta «hauek dira urte guztian hartuko dituzuen trago solidarioenak» gogorarazi die bertaratutakoei Telleriak. Eta gaineratu du: «Arazoa ez da oraindik konpondu».

Jaialdi berezia da Hatortxu, irrati esatariak esan bezala «beti azkena izango delakoaren itxaropenez antolatzen dutelako». Baina injustiziak iraun bitartean, Hatortxu existituko da, eta kopak altxatuta topa egin zuten denek «euskal presoen alde».