NAIZ

Langabeziak beheranzko joerari eutsi dio uztailean Hego Euskal Herrian

Azken hiru hilabeteotako joerari eutsi dio langabeziak uztailean eta behera egin du Hego Euskal Herrian, apal bada ere, aurreko hilabetearekin alderatuta. Araban eta Gipuzkoan jaitsi egin da, eta Bizkaian eta Nafarroan zertxobait igo.

Lanbideren bulegoa Gasteizen.
Lanbideren bulegoa Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Espainiar Enplegu Ministerioak uztaileko langabeziaren datuak plazaratu ditu astearte honetan. Horren arabera, Hego Euskal Herrian behera egin du, laugarren hilabetez jarraian, apal bada ere. Guztira 142.634 langabe daude, ekainean bain 357 gutxiago.

Egoera ez da berbera lau herrialdeetan. Araban eta Gipuzkoan jaitsi egin den bitartean, Nafarroan eta Bizkaian zertxobait hazi da. 

Nafarroan 31.440 langabe zenbatu dituzte, ekainean baino 91 gehiago. Langabezia tasa, beraz, %0,29 hazi da hilabete horretan.

Bizkaian igoera are txikiagoa izan da. Guztira 63.014 langaberen berri eman du Enplegu Ministerioak, aurreko hilean baino 25 gehiago. Langabezia tasa %0,04 hazi da.

Araban izan da jaitsierarik handiena; ekainean bain 255 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe (-%1,32), guztira 19.070.

Gipuzkoan, berriz, %0,74 jaitsi da langabezia tasa uztailean. 29.110 langabe daude, ekainean baino 218 gutxiago.

Urte arteko eboluzioari erreparatuz gero, langabeziaren joera ere beheranzkoa da, nahiz eta aurreko hilabetean baino beherakada txikiagoa izan. Hego Euskal Herrian guztira duela hamabi hilabete baino 11.241 langabe gutxiago daude, espainiar Enplegu Ministerioaren arabera.

Herrialdeka, Nafarroa da iaztik hona langabezia gehien jaitsi den lurraldea, %9,32 egin baitu behera. Bizkaian %7,34 murriztu da; Gipuzkoan, %6,88; eta Araban, %4,35.

Kontratuak

Uztailean 98.090 kontratu sinatu ziren Hego Euskal Herrian, ekainean baino 13.058 gutxiago. Iazko uztailarekin alderatuta, 13.811 kontratu gutxiago sinatu ziren lau herrialdeetan.

Kontratu horien guztien artean gehienak –73.139– aldi baterakoak izan ziren, eta 24.951 mugagabeak.

Estatu espainola

Estatu espainiarrari dagokionez, langabeziaren joera goranzkoa izan da uztailean. 3.230 langabe gehiago daude ekainarekin alderatuta, guztira 2.883.812, eta langabezia tasa %0,11 igo da. 2021eko uztailetik hona, aldiz, murriztu egin da eta 532.683 langabe gutxiago zenbatu dituzte.