NAIZ

Baskoniak etxean hasiko du ACB Liga Unicajaren aurka eta Bilbao Basketek Badalonan

Bi partida hauek irailaren 30ean jokatuko dira. Derbiei dagokienez, lehenengoa seigarren jardunaldian iritsiko da, Bilbon, urriaren 30ean, eta bigarren itzulikoa 24. jardunaldian jokatuko dute, Gasteizen, martxoaren 26an.

Bilbao Basket eta Baskoniaren arteko lehen derbia Bilbon jokatuko da, urriaren 30ean.
Bilbao Basket eta Baskoniaren arteko lehen derbia Bilbon jokatuko da, urriaren 30ean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

ACB Ligaren hasiera gero eta gertuago dago astearte honetan 2022-2023. denboraldiko liga erregularrerako egutegiaren zozketa egin ostean. Bertan ezagutu dira Saski Baskonia eta Surne Bilbao Basketen partida guztiak, 34 alegia, play-offak hasi aurretik.

Zozketaren arabera, Saski Baskoniaren lehen aurkaria Unicaja izango da Zurbaon, irailaren 30ean (19.00etan). Bilbao Basketena, aldiz, Joventut izango da, baina kasu honetan bizkaitarrek Badalonara bidaia egin beharko dute egun horretan lehiatzeko (21.30).

Bigarren jardunaldian, Baskoniak aurkari benetan zaila izango du etxetik kanpo. Izan ere, Bartzelona Liga irabazteko hautagai nagusietako bat izango baitu aurrean, urriaren 2an (20.00). Bilbao Basketek debuta egingo du etxean bigarren jardunaldi honetan Betis hartuz.

Derbiei dagokienez, lehenengoa seigarren jardunaldian iritsiko da, Bilbon, urriaren 30ean (20.00), eta bigarren itzulikoa 24. jardunaldian jokatuko dute, Gasteizen, martxoaren 26an (17.00).

Lehen itzulia, 17. jardunaldian, urtarrilaren 21 eta 22an jokatuko da. Liga erregularreko azken neurketa maiatzaren 20 edo 21ean jokatuko da, oraindik orduak zehaztu gabe, talderen batek zerbait badu jokoan denak ordu berean jokatuko baitira. Baskoniak igo berria den Gironaren pistan jokatuko du eta Bilbao Basketek etxean Unicajaren aurka.

Behin liga erregularra amaituta, play-offak maiatzaren 25ean hasiko da eta, gehienez, ekainaren 27ra arte iraungo du.

Bestalde, Superkopa Liga hasi aurretik jokatuko da Sevillan, irailaren 24an eta 25ean, eta Kopa otsailaren 16tik 19ra ospatuko da Badalonan.