Manex Altuna

Kerman Lejarraga Ingalaterran prestatzen ari da La Casillako itzulera

Azaroaren 12an, larunbata, taula gainera igoko da berriro «Morgako errebolberra». Puntuetara galdu zuen azken borroka maiatzean eta garaipenaren bidera bueltatzeko Ingalaterrako Brighton hirian entrenatzen ari da.

Kerman Lejarraga, Ibon Larrinagarekin batera, azken borrokaldiaren aurkezpenean.
Kerman Lejarraga, Ibon Larrinagarekin batera, azken borrokaldiaren aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilboko Miribillan, Barakaldoko BECen edo atzerrian egindako borrokaldien ostean, Kerman Lejarraga La Casillara itzuliko da datorren azaroaren 12an. Zazpi urte igaro dira bertan egin zuen azken jaialditik. Boxing management promotorak sare sozialetan iragarri du dagoeneko «Morgako errebolberra»-ren itzulera. Jaialdia ez da DAZN plataformaren bidez emitituko eta asmoa zaleen babesa sentitzea da. 5.000 bat ikusle sar daitezke La Casillan.

Aurkaria zehaztea falta da oraindik, baina Lejarraga buru belarri prestatzen ari da borrokaldia. Aste honetan Ingalaterran dago, Brighton hirian, hain zuzen ere.

Maiatzean egindako azken borrokaldirako ere atzerrian izan zen entrenatzen. Hilabete pare batez Las Vegasen izan zen Ismael Salas kubatarraren gimnasioan. «Ikasi» eta «kalitatezko jauzi bat» ematea zela asmoa azaldu zuen Ibon Larrinaga bere entrenatzaileak eta sinetsita dago egindako lanak fruituak emango dituela.

Erromokoa Lejarragarekin batera dago Londrestik bi ordutara dagoen kostaldeko herrian. Graham Potter futbol entrenatzaileak norabide hori egin berri du Chelsea taldean Thomas Tuchel ordezkatzeko.

Lejarragak 30 urte ditu eta bi aldiz izan da Europako txapelduna, welter eta super welter pisuetan. Urte hasieran uko egin zion azken gerrikoari Munduko Txapelketarako lehian sartzeko. Palmares ona izaten jarraitzen du boxeolari bizkaitarrak. 34 garaipen erdietsi ditu, horietatik 26 ko bidez lortu ditu, eta hiru porrot dauzka.

David Avanesyan errusiarraren kontra bi porrot izan zituen eta azkenengo borroka ere galdu egin zuen puntuetara James Metcalf ingelesaren aurka Miribillan egindako jaialdian. Nahiz eta Lejarragak ez zuen bere egunik onena izan, epaileen erabakia beste bat izan zitekeen.