Maite Ubiria

32 urte kartzelan daramatzaten bi presoen askatasun auzien gaineko erabakiaren zain

Uztailaren 21an izan zuten Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot bi preso lapurtarrek azkeneko hitzordua frantses auzitegietan. Ostegun honetan, irailaren 22an, plazaratzekoak dira baldintzapeko askatasunari buruzko epaiak. Bakegileek eta Bake Bideak mobilizazioak deitu dituzte.

Herritar talde bat Baionan uztailaren 23an iragan zen blokatze eguna kari ezarritako barrikada baten atzean.
Herritar talde bat Baionan uztailaren 23an iragan zen blokatze eguna kari ezarritako barrikada baten atzean. (Bob EDME)

32 urte gatibu daramatzaten Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoek baldintzapeko askatasuna eskuratzeko burutu duten ibilbide luzearen azkeneko urratsa joan zen uztailaren 21ean eman zuten. Bi kasuetan erabakia irailaren 22 arte gibelatu zuten epaileek. Ostegun honetan jakingo da, beraz.

Bizitza osorako zigorra jaso arren, bai Esnalek bai Parotek badira hamarkada bi segurtasun epea gainditu zuten. Alta, baldintzapean aske ateratzeko aukera ez da inoiz gauzatu.

Urtetako atzerapenarekin bada ere, beraiek bezala 'Argala komando'ko kide izan zen Xistor Haranburu kalera atera zen 2020an Lannemezango espetxetik, 30 urteko kartzelaldia bete ostean.

Epaileak ezarritako kontrol judizialari loturiko baldintzak bete ondoren, finean, iragan maiatzean esku-muturra kendu zioten Haranbururi. Froga epea igarota, 2030. urtean agortuko litzatekeen baldintzapeko askatasunaren epean sartu zen. Hainbat murrizketa bete behar ditu.

Haranbururen aurrekari horrek zailago egiten du ulertzea Jakes Esnal eta Ion Kepa Paroti dagozkien auzietan gaur gaurkoz gertatzen den blokeo egoera.

Lohizundarraren kasuan, maiatzaren 19an iragan zen baldintzapeko askatasunerako bigarren eskaeraren azterketa Parisko Dei Auzitegian.

Hasiera batean ekainaren 9an plazaratzeakoa zen Jakes Esnali dagokion auziari buruzko deliberoa, baina epaitegiak uztailaren 21era gibelatzea erabaki zuen, tarte horretan segurtasun-neurrien diziplina anitzeko batzordeari (CPMS) iritzia galdegiteko.

CPMS batzordearen iritzi aldaketa «harrigarria»

Parisko Dei Auzitegiari egokitu zitzaion Esnalek aurkezturiko bigarren askatasun eskaera berriz aztertzea uztailaren 21ean. Bi orenez luzatu zen auzi saioaren ostean, erran bezala, askatasun eskaerari erantzun beharrean, uda ostean hitzordu berria ezarri zion epaileak lohizundarrari.

Esnalen dszierra aztertzeko auzi saioaren harira CPMS batzordeak agertu zuen «iritzia aldaketa harrigarria» deitoratu zuen Maritxu Paulus Basurco abokatuak.

Duela bi urte, presoen balorazioaz arduratzen den batzordeak lohizundarra kartzelan atxikitzeak ez zuela ezer konpontzen adierazi zuen.

Bi urte geroago, presoak CNE izeneko bertze batzordearen aurrera pasatu behar duen edo ez epaitegiak eginiko galderari erantzunez, presoa aske uztearen kontra azaldu zen CPMS batzordea.

Ikusteke dago ea auzitegiak berriz ere Esnal CNE aitzinean pasatzeko agindua ematen duen, ostegun honetan, horrela 71 adineko presoa kartzelan atxikiz, edo hura aske uztearen aldeko hautua egiten duen.

Ildo beretik, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Ion Kepa Parotek aurkezturiko seigarren eskaera aztergai izan zuen iragan maiatzaren 14an. Mureteko espetxera bertaratu ziren epaitegiko kideak.

Esnalen auzian bezala, fiskalak ez zuen askatasun eskaera babestu eta horren ondotik, uda aitzin iragan zen saioaren ostean 1990eko apirilaz geroztik gatibu duten presoak eginiko eskaeraren erantzuna ostegun honetara gibelatu zuen auzitegiak.

Gibelatzea salatu arren, bai Maritxu Paulus Basurcok baita Paroten defentsan jarduten duen Julien Brel abokatuak ere audientziak «giro lasaian eta aparteko tentsiorik gabe» gauzatu izana begi onez baloratu zuten.

Bi preso horiek kartzelatik atera ez gero beraien herrietan berriz ere sustraitzeko baldintza guztiak betetzen dituztela agerian uzteko «konfidantza handia sortzen dituzten lekukotasun eta bermeak» jarri zituzten jujeen esku abokatuek.

Uztailaren 23ko blokatze eguna gogoan

Hain zuzen, bi preso horien egoerak, onerako edo txarrerako, baldintzatu dezakeela bizikidetza eraikitzeko prozesua agerian jarriz 1.700 herritarrek bakegileek deituriko blokatze egunean parte hartu zuten Ipar Euskal Herrian.

Uztailaren 23an gauzatu zen desobedientzia ekintza masibo horren baitan hainbat ekintzailek Biarritzeko aeroportua, A63 autopista eta tren zerbitzua geldiarazi zituzten.

Era berean bertze hamarnaka tokitan herritarrek herri sarrerak edota bide nagusiak okupatu zituzten bi lapurtarrek aske behar dutela aldarrikatzeko.

Modu baketsuan iragan zen protestari beraien sostengua adierazi zioten berdin gizarte eragile zein hautetsi anitzek ere.

Gauzak horrela, irailaren 22an ezagutuko diren erabakiek konponbide prozesua markatu dezaketeela oharraraziz elkarretaratzeak deitu dituzte Bakegileek eta Bake Bideak.

Mobilizazio horiek ostegun honetan, 19.00etan, iraganen dira Maule, Donibane Garazi, Baiona eta Donibane Lohizuneko herriko etxeen aitzinean.