
Verdoneko zintzurrak (Estatu frantsesa) betidanik toki berezia izan du eskaladan. Batez ere, 80ko hamarkadan izen handiko espezialistek “geltokia” izan zuten. Garai hartan, plaka teknikoak nagusi ziren, baina, beste eskalada eremuetan gertatu den bezala, Verdonek ere bilakaera izan du.
Gaur egun, zintzur horren murru guztietan askoz ere bide modernoagoak ekipatzen dira. Motzak zein luzeak. Horietako sektore bati, “La Ramirole”-ri, Gorka Karapetok bisita egin dio. Jose Luis Palao “Primo” izan du sokakide, eta talde horrek, besteak beste, “La Ramirole” bidea eskalatzeko aukera izan du.
Marra honi dagokionez, aurreratu behar dugu maila altua duten eskalatzaileak erakartzen dituela. Batetik, bide modernoa delako. Estetikoa. Eroria du, eta ezaugarri nagusia bost luze horietan azaltzen diren formazioak dira. Hots, zikin-arrastoek uzten dituztenak. Eta teknika hori menderatzen dutenentzat oso erakargarria da. Bestetik, zailtasunean iraunkorra den arren, ez du muturreko mailarik: 8a+, 8a, 8b, 8a eta 6c. Horixe eskaintzen du luzez luze “La Ramirole”-k. Ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuta, sokada horrek ez du aitzakiarik behar izan Verdoneko bide luzeen artean zailenetarikoa probatzeko.
Nahiz eta lesio batetik erabat osatu gabe egon, Karapetok gogotsu bidaiatu zuen sona handiko alderdi horretara: «Hatz batean min hartu nuen, eta, helduleku txikietan erabat estutzeko aukera ez dudanez, “La Ramirole”-k duen estiloak asko lagundu dit. Hango plaka teknikoetan jardutea ederra da, baina lesioak horiek alde batera uztera behartu nau. Formazio horietan eskalatzen ez dut arazorik izan, eta lesiorako oso egokia izan da. Horrez gain, leku mitiko horretan bero handia izan dugu».
Aise gainditu dute
“La Ramirole”, beraz, sokada horren helburu nagusia izan da. Estrategiari buruz, azpeitiarrak adierazi digu norberak sokaburu jardun duela: «Hasieran, “Primo”-ri egokitu zitzaion ni aseguratzea. Bi egunetan luze guztiak probatu nituen. Bidearen giltza (8b), adibidez, bigarren saioan lortu nuen. Beste luze batzuk bistan egin nituen. Behin betiko ekinaldian “La Ramirole” erorikorik gabe kateatzea erdietsi nuen. Beste egun batean, “Primo”-k ere arrakasta lortu zuen».
Karapetok onartu digu bide hori bere estiloan asko gustatu zaiola. Oso estetikoa zein erosoa da probatzeko. Horrez gain, ezberdina da eta eskalada dibertigarria dauka: «Bost luze direnez, egun batean lasai probatzeko oso egokia da. Gainera, sektore horretan luze bateko zein biko bideak daude, eta horietako batzuk igo genituen. Ezaugarriei dagokienez, esango nuke berezia dela oso. Eta horrekin esan nahi dut kirol eskaladako luze bat bestearen atzetik eskalatzen ari zarela, baina lurrera jaitsi gabe. Jakina, erabat ekipatuta dagoenez, bide horrek ez du arriskurik, baina ondo eskalatu behar da. Pareta asko igo ditut, baina azken honekin sentsazio ezberdina dut».
Gipuzkoarrak azken hausnarketa bat egin nahi izan digu: «Verdoneko bidaia hori ederra izan da, eta nire lesioarentzat oso egokia. “La Ramirole” kateatzeaz gain, sektore horretan beste batzuk igo ditugu. Lekua paregabea da, eta ziur nago itzuliko naizela; besteak beste, sona handiko beste bide asko dituelako».
Biarritz : huit mois de travaux pour la Villa Rose

Modus Operandi taldearen ‘Laztana’ bideoklipa, NAIZen ikusgai primizian
« Troubles bipolaires, près de 10 000 cas au Pays Basque »

Herida muy grave una mujer en Bilbo en un posible ataque machista que se investiga

Ikastolen Elkarteak Lakuari: «Ez ditugu ikasleak beste zentro batzuetara bideratuko»

La falta de inclusión de personas con discapacidad, caldo de cultivo para el bullying

Musk y cientos de expertos llaman a una pausa en los experimentos con inteligencia artificial

Eta hala ez bazan? Ipuinen bitartez mundua eraiki eta deseraiki egin daiteke
